Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Diputatu jaunaren burla

2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun

Parlamentuko oilategitik kukuka, Lizardik gaiztoan kontatzeko moduko etxe-barne bizia Madrileko legebiltzarrean: Pablo Iglesias hunkituta, negarrez, Billy el Niño polizia sarituak hainbat atxiloturi eragindakoak irakurri eta gero txaloka eskertu diotenean torturatu horiek berek argitara ateratzea iluna. Politikari bat parlamentuan anpuluka, ez da ohikoa. Bestea bai, Rivera jaun diputatuarena, kamerek erakutsi diguten burla-zeinua, (egik negar emakumeen moduan, egik negar emetxo hori), Iglesiasen malkoek piztuta egin duena.

Jeltzaleen estrategak Harlem Globetrottersena jotzen ari zirela hain jarrera primario bi aurkitzeak, politika bizitzeko era zaharrekin adiskidetu gaituzte. Torturatuen esker-oneko txaloek, Iglesiasen hipek eta Riveraren imintzioek politika gibel-erraiekin identifikatzen den eremura garamatzate. Eta hain izanik norberarena negarra, ideologia bereko pertsonen artean ere nekez adostu litekeen gauza bakarrenetakoa, zer pentsatua ematen duen keinua izan da Riverarena, ezen izan minak eragina, amorruak edo hunkitze hutsak, zer arrazoi dago inoren malkoen lepotik iseka egiteko, ze motibo, non eta ez diozun dena dela gezur potolo bat, negartiaren antzezpen gaindizko bat. Eta hori da hain zuzen ere geratu zaidan zalantza Riveraren gizonkeriazko aieru horrekin: edo torturatuak ondo torturaturik daudela iradokitzen ari da; edo dena dela gezurra, asmakizun hutsak direla Billy el Niño-ren biktima horien guztien adierazpenak.

Aurrenekoa bada, eskertzekoa litzateke hurrengo agerpenean, norbaitek galdera zuzen eginda, horren nabarmen eta argi aitortuko balu; bigarrena bada, uste dut badela garaia torturaren negazionismoaren kontrako neurriak adosteko, berdin balio behar luketenak Madrilen eta hemen. Izan ere, zer dago laidogarriagorik inori eragindako mina ukatzea baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.