Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Bakardadeak ministerioa du

2018ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Badut begien atzean iltzatua geratu zaidan irudi bat. Itsasadar ertza, arrasti buruzuri bat eta adinak harrapatutako gizon bat bakarrik, bakar-bakarrik. Bakardadea beti lotu izan dut ostera luzeak egiten zituen gizon bakarti harekin. Britainia Handiko gobernuak bakardadea amaitu nahi du, ez da osasungarria, eta diru asko eskatzen eta eskatuko du. Bakardadearen ministerioa sortu du. Ez esan, gero, poetikoa ez denik? London School of Economics-ek egindako txosten batek ondorioztatu duenez, hamar urteko bakardadean bizi den pertsona bakoitzeko administrazioak 6.800 euro bideratu behar ditu. Eta hemen sortzen zait lehenengo kraska. Diruaren eta balio ekonomikoaren galbahetik pasatu behar da dena? Zintzotasuna, elkarri laguntza ematea, musu-truk gauzak egitea, auzokidetza, anaitasuna... demode daude. Bakardadea garestiegia da eta ondorio garratzegiak ditu. Neurriak hartu behar dira ekonomiagatik eta ez gizatasunagatik.

Britainia Handiko Jo Cox Bakardade batzordeak esan du: 200.000 britainiar inguruk hilabete osoa eman dezakete beste inorekin berba egin barik. Japonian, batez beste, 30.000 gizon-emakume bakarrik hiltzen da. Britainia Handian soilik bederatzi milioi gizon-emakumek gaixotasun berria pairatzen dute, bakardadea, eta horietatik bi milioi dira 75 urtetik gorakoak. Ez zait gustatzen mundua hartzen ari den norabidea. Zaintza sareak apurtzen ari gara, gizartea abiadura bizian doan tren bat da, eta kale egiten duena kanporatua da. Snowpiercer filma datorkit burura, apokalipsiaren lezioa ikasi ez duen gizadia behin eta berriro akats berberak egiten. Ez naiz utopiaz ari, beste mundu hobe eta atseginago baten beharraz baizik. Gero eta urte gehiago bizi gara, baina oraindik ere zahartzaroa zoztorra da. Bakardadeak ministerioa behar du; laster tristurak beharko du, eta minak, eta gu ez beste dena poesia izango da mundu aratz batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.