Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Euskaldunen 30 loriatsuak

2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Hogeita hamar loriatsu esaten diote kapitalismoaren urrezko aroari. Bigarren Mundu Gerra amaitu eta 1973ko petrolio krisira arte.

Demagun euskaldunok ere izan dugula halako garai bat. Bizi izan dutela 1950eko hamarkada erdialdetik 1980 hamarkada amaierara jaio izan ziren euskaldunek. Garai horren hasierakoak mezetan aritu ziren euskaraz, Auspoa bildumako harpide izango ziren ala Zeruko Argia-koak, Lur argitaletxea ezagutuko zuten. Nerabe izan aurretik Ez dok amairuren hautsak iritsiko zitzaizkien, eta baita pop musikako LPren bat (Erlak, Irune ta Andoni). Belaunaldi hori seme-alabak izatear zela iritsiko zen Hertzainak eta seme-alabak jaiotakoan Kortatuk eman zezakeen onena: Negu Gorriak. Seme-alabekin entzun zituzten Txirri, Mirri eta Txiribitonen kaseteak kotxean. Eta Oskorrik helduentzat egindakoak eta haurrentzakoak (Mari Andresan korotza, Kanuto) egongelako biniloan eta Mikel Laboa, Lurdes Iriondo eta Imanol CDan erosiko zituzten gero. Seme-alabak Super Batekin hazi ziren, Jaurlaritzatik euskararen alde egin den saiakera bakanetako eta, ordea, arrakastatsu hura: SEUR, geuk eramango dizugu oparia. Seme-alaba horiek RRVaren diamantezko hamarkadan hezi ziren: Esan Ozenki eta Gor. Afrobeata eta hardcorea, kantautoreak eta Sorotan Bele, Lin Ton Taun eta Maixa ta Ixiar, Gozategi eta M-ak. Hain intentsua 2-3 belaunaldi musika ia bera entzuten aritu zirela, irratsaio ia-berberak, egunkari ia berberak irakurtzen.

Abesti birtualen multinazional baten katalogoa begiratzen imajinatu dut Azpeitiko aita bat 2018an, Santiago kalean behera aulkitxoan alaba daramala Virginie Despentesen hitzak gogoan: «Aitaren begia umeari so iraultzaren hazia izan daiteke. Aitek alabei ulertarazi ahal diete badutela berezko bizitza bat, sedukzioaren merkatutik at, badutela indar fisikoa, ekimenerako eta askatasunerako sena» abesten duen bitartean Allakuidaos.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.