Urrutiko intxaurrak ere, onak

Etxetik kanpora ariko dira Athletic, Eibar eta Reala. Vila-realen jokatuko dute bilbotarrek, eta Leganesen armaginek. Granada sasoiko dagoen taldearen zelaia bisitatuko dute txuri-urdinek

Iñaki Williams baloia oinetan duela, eta taldekidez inguratuta, Lezaman eginiko entrenamendu batean. MIGUEL TOÑA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Etxean tinko aritzea da futbol talde batek denboraldi ona egiteko duen oinarririk garrantzitsuena. Norbere zelaian aise aritzea puntu kopuru mardula lortzeko baliagarria da, baina handik urruti emaitza onak lortzea ezinbestekoa da sailkapenean egon nahi den koskan kokatzeko.

Asmo horiekin ekingo diete gaurko partidei Athleticek, Eibarrek eta Realak. Hiru taldeak beren estadiotik urrun ariko dira, eta esamoldeari esanahia aldatzea izango dute asmo: urrutiko intxaurrak ere asegarri izan daitezkeela baieztatu nahiko dute. Bilboko taldea izango da jokatzen lehena (14:00). Asteazkenean pauso garrantzitsua eman zuen azken asteetako zalantzak uxatzeko, eta aldarte horrekin segi nahi du gaur Vila-realen (Herrialde Katalanak).

Ez da aurkari samurra izango. Horiek emaitza ondrosoak eskuratu dituzte azken asteetan (4-1 eta 5-1), eta 17 gol egin ditu etxean jokatu dituen bost neurketatan. Gaitasun hori ezerezean uztea du lehentasun Athleticek, eta, gero, atzean utz ditzaketen zuloak probestu: «Hainbeste gol eginda, atzean hutsunerik ez balute lider izango lirateke», adierazi du Gaizka Garitanok asteon.

Lehenengoan ez, azken postuan dago Leganes. Espainiarren aurka ariko da Eibar (18:30). Vila-realen aurka hiru puntuak eskuratuta, garaipenaren olatuan segi nahi du Jose Luis Mendilibarren taldeak. Armaginek irabazi eta atzeko postuetatik aldendu nahi dute. Bederatzi puntu ditu Eibarrek, eta lau gutxiago Leganesek. Jauzia egiteko aukera du gaur irabazi eta jaitsiera postuen hatzaparretatik ihes eginda. Fabian Orellanaren eta Kike Garciaren sasoi ona baliatu nahi du hartarako.

Realak, berriz, Espainiako Ligako ezusterik handienaren etxea bisitatuko du gaur. Granada izango du arerio Donostiako taldeak (21:00), eta garaipenaren bidera itzuli nahi du txapelketa hasierako aurkari zuzen bat mendean hartuta. Imanol Alguacilen taldeak etxetik kanpora izan duen eraginkortasuna baliatu nahi du Andaluziako taldeari irabazi eta Txapeldunen Ligako postuetara itzultzeko.

Imanolek asteazkenean aulkian kokatu zituen jokalariak berreskuratu ditzake hasieratik aritzeko. Hala, hamaikakora itzul daitezke Willian Jose eta Portu, Zalduarekin batera. Nolanahi ere, partida zaila izango dute txuri-urdinek. Ostegunean galdu arren, bikain hasi baitu sasoia Granadak. Haien gaitasuna deuseztatu eta urrats handia eman nahi du Realak, urrutiko intxaurrek ere ase dezaketela frogatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.