Memoriaren lekuak nola babestu arautuko du Nafarroak

1936ko estatu kolpearen ondorengo eskubide urraketekin lotutako lekuen zerrenda osatu dute, eta haiek babesteko legea onartuko da
Nafarroako Memoria Historikoaren Eguneko ekitaldia, Sartagudako Memoriaren Parkean.
Nafarroako Memoria Historikoaren Eguneko ekitaldia, Sartagudako Memoriaren Parkean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko otsailak 9
Memoria Historikoa Koordinatzeko Nafarroako Batzorde Teknikoak herrialdean memoriari lotutako lekuen behin-behineko zerrenda onartu zuen udazkenean egindako bileran. Leku horiek babesteko asmoz Nafarroako Gobernuak onartu nahi duen legea egiteko lehen urratsa izan da. Harrezkero, zerrenda hori osatzen dabiltza, eta datorren astean aurkeztuko dute legearen oinarrian egongo den txostena. Legearen helburua da modu egokian mantentzea 1936ko estatu kolpe frankistaren ondorioz egindako giza eskubideen urraketekin zerikusia duten tokiak.

Lege berriak toki horiek ordezkatzen duten memoria gordetzeko egin behar dituen eta egin ditzakeen lanak zehaztuko ditu. Besteak beste, babeserako baldintzak zein diren esango du araudiak, eta zein seinale edo bereizgarri izan behar duten. Kasuan-kasuan, zenbateko babesa behar duten ere definituko du. Era berean, administrazioaren egitekoak eta eskubideak zeintzuk diren argituko du, eta, hirugarren batzuei eragiten dienean ere, zelan jokatu behar duten arautuko du.

Batzordeak lekuen sailkapen bat egin du, toki horiek ordezkatzen duten errepresio mailaren arabera. Bost hobi komun daude zerrendan: Eloko La Tejeria; Valcaldera, Cadreitan; Otsaportillo, Olabe eta Ezkabako hilerrikoa. Fusilatze lekuetan, berriz, Ezkaba mendia, Iruñeko espetxea eta Ziudadelako babes erretenak aipatzen ditu. Presoek behartuta eraikitako obren artean, Erronkariko eskola eta errepide bi ageri dira: Igari eta Bidankoze artekoa eta Iruritatik Artesiagarakoa.

Memoriaren monumentuak

Dena den, eskubideak urratu ziren lekuak ez ezik, gizarte zibilak eta memoria berreskuratzeko lan egiten duten tokian tokiko elkarteek sortu dituzten beste batzuk ere babestuko ditu legeak. Adibidez, Sartagudako Memoriaren Parkeak aparteko aipamena jaso du, Batzorde Teknikoak aitortu duenez, «Nafarroa osoaren memoria aldarrikatzeko leku sinboliko bihurtu delako». Era horretako tokiak dira, besteak beste, andreek sufritutako errepresioa gogoratzeko Azkoienen dagoen monumentua eta Larragako Memoriaren Parkea. Zerrendan agertzen dira, halaber, hainbat plaka: adibidez, irakasle errepresaliatuak omentzeko Iruñeko San Jose plazan ipinita dagoena, Foru jauregiaren arkupeko atarian funtzionarioak gogoratzen dituena eta Ezkabako hilerrian dagoena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna