Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Bai azal lodia kukuarena!

2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Joan den maiatzaren 1ean, besteak beste, Amaren Eguna ospatu genuen, ama izateak eskatzen duen esfortzua eta sakrifizioa balioan jartzeko egun seinalatua. Gurasoen lana itxaroten ari diren ondorengoa jaiotzean hasten da, baina amarena, obulua ernaltzen den momentuan bertan.

Zaintza goiztiar horrek lan handia eskatzen du, eta animalia espezie batzuek uko egiten diote beren baliabideak lan horretan xahutzeari. Hala, beste animalia espezie batzuk engainatzen dituzte, eta haien gain uzten dute zeregin hori. Hegazti, arrain, narrasti eta intsektu espezie batzuek beren arrautzak beste espezie batzuen habietan jartzen dituzte, habia horietan bizi direnek txitatu ditzaten arrautzok, eta elika ditzaten jaioko direnak. Hori dela eta, eboluzioaren poderioz garatutako trikimailu hori habi-bizkarroitza gisa ezagutzen da.

Ezagutzen diren habi-bizkarroitza kasu guztien artean ikertuena kukuarena da. Kuku emeek beren arrautzak, besteak beste, txantxangorrien, miken, beleen edo lezkarien habietan uzten dituzte. Baina susmorik ez pizteko, aldez aurretik habiako arrautza bat lapurtzen dute, arrautza kopurua berdina izan dadin. Gainera, kukuak habiaren jabeak izutzen dituela behatu da. 2017an Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratutako lan batean erakutsi zuten kuku arruntak lezkariaren habian arrautza utzi eta berehala, gabiraiaren, hots, lezkariaren predatzailearen kanta imitatzen duela. Arrisku seinale horrek guraso ostalarien arreta arrautza-multzotik aldentzen du, eta ondorioz, bizkarroitzaren arrakasta areagotzen da. Hori gutxi balitz, kukukumea habikideak baino lehenago jaiotzen denez, habiaren jaun eta jabe bilakatzen da; gainontzeko arrautzak deuseztatu eta gurasoen arreta eta bazka guztia bereganatzen ditu.

Baina guraso ostalariek nolatan onartzen dute beraiena ez den arrautza bat txitatzea, horrek dakarren energia gastuarekin? Eboluzioaren poderioz, kukuak arrautza mimetikoak sortzen ikasi du. Alegia, tamainan, itxuran eta kolorean bere ostalariaren oso antzekoak diren arrautzak erruten ditu. Eme bakoitzak hazi duen ostalariaren itxurako arrautzak errutzen dituenez, eme-leinu ezberdinak garatu dira.

Hori horrela, arrautza mimetikoak sortzeko gaitasuna ametatik alabetara transmititu zitekeela uste izan da. Duela hilabete eskas PNAS aldizkarian argitaratutako lan bati esker, aspaldiko usteak baieztatu dira. Afrikako ehunka kukurenADNak aztertuz, zientzialari talde batek ondorioztatu du ostalarien arrautzak imitatzeko ahalmena soilik emeek daukaten W kromosomaren bidez transmititzen dela belaunaldiz belaunaldi amengandik alabetara. Baina arrautzak imitatzeko ahalmena herentzia amatiar bidez transmititzeak onura batzuk dituen arren, adituen arabera, bizkarroiaren eboluzionatzeko gaitasuna mugatu lezake. Ea zein trikimailu asmatzen duten orduan kukuek euren kumeen zaintza beste batzuen gain uzteko!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.