Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Odol unibertsalaren errezeta

2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Urtero, mundu osoko milioika odol emailek emandako milaka odol litroek beste horrenbeste pertsona salbatzen dituzte. Baina, oro har, odol hartzaileek ezin dute edozein odol jaso. Transfusioa arrakastatsua izateko, emailearen eta hartzailearen odolak bateragarriak izan behar dira.

Lau odol mota nagusi daude: A, B, AB eta O. Mota bakoitzean dauden globulu gorriak ezberdinak dira; zehazki, zelula horien gainazalean dauden azukreak dira ezberdinak. Azukre horiei antigeno deitzen zaie, eta, odol bateraezintasuna gertatuz gero, sistema immunea aktibatzen dute. Adibidez, A odola duen pertsona bati B odola sartzen badiote, edo alderantziz, bat-bateko erreakzio immunea pizten da; tratatu ezean, pazientearen heriotza eragin dezake. Baina O motako odoleko globulu gorriek ez daukate antigenorik. Hortaz, O odolak ez du inolako errefus arazorik eragiten, eta edozein hartzailek jaso dezake. Horregatik esaten diogu «odol unibertsala».

Odol unibertsalak berebiziko garrantzia du larrialdietan. Izan ere, hil ala biziko egoeretan, mediku eta erizainek ez dute denborarik pazientearen odol mota zehazteko. Hori dela eta, ikertzaileek urteak daramatzate odol unibertsalaren horniketa bermatzeko alternatiba berrien bila, odol emaileen bidezko horniketa ez baita nahikoa.

A edo B odola O mota bihurtzeko lehen saiakera 80ko hamarkadan gauzatu zen. Kasu hartan, kafe-ale berdetik erauzitako? -galaktosidasa entzima erabiliz, B odola O bilakatu zuten; eta eraldatutako odol unibertsalarekin erabat arrakastatsua izan zen transfusioa egin zuten. Baina, hori lortzeko, entzima kantitate handia erabili behar izan zuten, eta, ondorioz, prozedura ez zen bideragarria klinikan aplikatzeko. Harrezkero, A eta B antigenoak ezabatzeko entzima hobe baten bila dabiltza ikertzaileak, eta berriki, aurrerapauso garrantzitsua eman dute.

Hau irakur daiteke 2019ko udaberrian Nature Microbiology aldizkari entzutetsuak argitaratutako lan batean: A odola O bilakatzea ahalbidetzen duen entzima gizakiok dugun bakterio batean aurkitu dute. Gure hesteetako paretetan, A eta B antigenoen antz handia duten azukre batzuk daude. Azukre horiek, babes funtzioa betetzeaz gain, hesteetako bakterioentzat elikagaiak dira. Horregatik, hesteetako bakterio guztietatik azukre horiek eskuratzeko ahalmena dutenak arakatu dituzte.

Milaka bakterio espezieren DNAk aztertu ostean, A antigenoa ezabatuta A odola O bilakatzeko ahalmena duen entzima bikote bat atzeman dute, Flavonifractor plautti bakterioak ekoitzia. Bi entzima horiek modu koordinatuan jarduten dute, eta gainera, oso kontzentrazio txikian. Hori dela eta, ikertzaileen esanetan, etorkizunean entzima horiek gaur egun automatizatuta dagoen odolaren bilketan, prozesaketan eta metaketan erabil litezke. Eta horrela, O motakoa ez den edozein odol guztiontzat baliagarria den unibertsal bihurtu. Baina errealitate hori klinikan ezarri arte, azkenik lortzen bada, odol emaileen esku dago milioika pertsonen bizia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.