Koronabirusa

Hegoaldeko lau lurraldeek lehen fasera igarotzeko eskaria egin dute

Eusko Jaurlaritzako Osasun saila Madrilgo ordezkariekin bildu da. Nafarroa lehen fasean sartzeko eskatu du Txibiteren gobernuak

Paulo Ostolaza - Joxerra Senar
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko lurralde guztiek hurrengo fasera igarotzeko bete beharreko baldintzak betetzen dituztela uste dute Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek. Espainiako Gobernuak atzo itxi zuen astelehenean lehen fasera igarotzeko beharrezkoak diren agiriak aurkezteko epea, eta Espainiako Osasun Ministerioko ordezkariekin bilerak ere egin zituzten.

Atzo arratsaldean bildu ziren Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariak, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak astelehenean lehen fasera igarotzeko irizpideak betetzen dituzten ala ez eztabaidatzeko. Nekane Murga Osasun sailburuak adierazi zuenez, lurralde guztiek betetzen dituzte baldintzak: «Artatze gaitasun egokia dugu, kasu kopurua egonkorra da, eta adierazle epidemiologikoak, berriz, onak dira».

Fernando Simon osasun arloko krisien jarraipenerako Espainiako batzordearen eledunak atzo goizean aitortu zuen Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, orokorrean, «egoera ona» dutela, eta beste lurralde batzuek baino aukera gehiago dituztela hurrengo fasera igarotzeko. Dena den, ez zuen baieztatu hori gertatuko denik: «Printzipioz, datuek ez dirudite txarrak, baina erabakia hartu aurretik irizpide asko aztertu behar dira; posible bada, aldebiko erabakiak hartuko ditugu autonomia erkidegoekin». Espainiak gaur gauean edo bihar jakinaraziko du zer lurralde igaroko diren lehen fasera astelehenean.

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak ere bilera egin zuen Espainiako ministroarekin. Azaldu zion orain 1.690 ohe dituztela ospitaleetan, baina 2.486 jar ditzaketela bost eguneko epean, beharrik bada; zainketa intentsiboetan 82 ohe ditu Nafarroak, eta 174 jar ditzake epe berean. Pandemiaren orain arteko une larrienetan gaitasuna erakutsi duela adierazi du Osasun kontseilariak, nahiz eta aitortu duen beste eremu batzuek baino eragin tasa handiagoak izan dituela herrialdeak. Erantsi du, bestalde, gaitzaren hedapena antzeman eta zaintzeko gsobera prestatua dagoela.

Datuen gorabeherak

Atzo 23 hildako erregistratu ziren Hego Euskal Herrian (1.873 guztira), eta PCR bidez 50 kasu baieztatu zituzten osasun zerbitzuek. Test azkarren bidez baieztatutakoak kontuan hartuta, 581. Herenegun ere 500 positibo erregistratu ziren Hegoaldean. Gorakada hori duela bi aste hainbat behargin lantokietara itzultzearen ondorioa ote den galdetu zioten atzo Murgari, eta hark esan zuen eurek ez dutela goranzko joerarik nabaritu: «Zerra hortzak daude, eta pandemiaren garapenaren balorazioa ez da egunez egun egin behar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.