Imanol Illarregi. Rentokil-eko langilea

«Arratoiek duten harrapari bakarra gara»

Azken urteetan, ugaritu egin zaie lana arratoien izurriteak kontrolatzen dituzten enpresei. Ez da lan erraza: «Ezinezkoa da haiek deuseztatzea; kontrolatzea da gure helburua»

BERRIA.
Paulo Ostolaza.
Andoain
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Imanol Illarregi izurriteak kontrolatzen dituen Rentokil enpresako arduraduna da. Urteak daramatza arratoien aurka lanean, eta aitortu du geroz eta bezero gehiago dituztela: «Dagoeneko 3.000 inguru izango ditugu».

Zer lan egiten duzue arratoiekin? Nolakoa da prozesua?

Normalean, arratoiekin arazo bat duenak jotzen du guregana. Kontratu bat egiten da, eta ikusten dugu ea zer arazo dagoen. Txosten bat osatu, planteamendua egin, eta, ondorioztatzen badugu arazoa arratoiena dela, ezer gutxi egin dezakegu: pozoia jarri, eta ea jaten duten ikusi. Pozoia jaten duten lekuetan berritu egiten dugu, epe jakin batean behin. Arazoa handia bada, edo gune batean asko sortzen ari direla ikusten badugu, hilabetean behin egiten da hori. Kontrol lana badaezpadakoa bada, luzeagoa izaten da epea.

Arratoien presentzia deuseztatzea ezinezkoa da?

Ezinezkoa da, bai. Garai batean, deuseztatze enpresa esaten ziguten, baina orain izurriteak kontrolatzeko enpresak gara. Gure lana da onargarria den arratoi kopuru bat mantentzea, kontrolatzea. Egon daitezela euren habitat naturalean, estoldetan, lur azpian eta abar—nahiz eta gaur egun haientzat naturalak direnak artifizialak izan—. Helburua da arratoiek jendeari eragozpenik ez sortzea, lurrazalera ez irtetea.

Zergatik da horren zaila arratoien aurka egitea?

Batez ere, jartzen diegun pozoiaz gain beste elikagai batzuk ere badituztelako. Aukera asko dituzte gaur egun: zaborrontzietan, komunetik botatzen dugun janarian... eta, ondorioz, ez dute guk jarritakoa jaten. Beste aldagai garrantzitsu bat da ugaltzeko duten gaitasuna. Tasa osoa handia dute, eta harrapari naturalik ere ez dutenez... oso borroka zaila da arratoien aurkakoa.

Arratoiak kontrolatzeko ezinbestekoa bada dituzten janari iturriak kentzea, garrantzitsu deritzozu herritarrak kontzientziatzeari?

Garrantzitsua da, bai. Adibidez, katuei jaten ematen dietenekin gertatu izan zaigu: kalean uzten diete janaria, eta, katuek nahikoa dutenean, arratoiek jaten dute gainontzekoa. Horregatik sortzen dira arratoi mordoa inguru horietan. Gu joaten garenean, zera esaten diegu: nahi badute katuei janaria jartzeko, baina, behin amaitu dutenean, erretiratzeko geratu dena. Hori eginda, pozoia jartzen dugu, eta kasu horietan bai, oso eraginkorrak izaten gara. Horrelako kasuez gain, guztiok saiatu beharko genuke zaborra kalean ez uzten eta janaria duten edukiontziak garbitzen zaborrontzira bota aurretik.

Gizakia da hirietan duten aurkari bakarra?

Bai. Garai batean, kanpoan ibiltzen zirenean janari bila, bazuten harrapari mordoa: hegaztiak, azkonarrak, azeriak, trikuak... baina, gaur egun, gu gara bakarrak.

Pozoia da arratoien aurka erabiltzen duzuen metodo bakarra?

Tranpak edo zepoak jartzeko aukera ere badago, baina kasu horietan banan-banan harrapatzen dituzu. Leku txikietan bai, erabiltzen ditugu, kaletik etorritako arratoiren bat nonbait sartzen denean edo. Metodo horiek oso makalak dira asko daudenean, arratoiek ikasteko gaitasuna ere bai baitute: ikusten badute zepo batean hil dela euren kide bat, ez dira gehiago gerturatzen hara.

Geroz eta dei gehiago jasotzen dituzue?

Bai, nabarmen ugaritu dira abisuak. Batetik, jendeak arazoaren gaineko kontzientzia handiagoa duelako; abisu gehiago ematen dira, eta askoz errazagoa da gure lana. Gainera, gaur egun abisuak emateko moduak asko erraztu direnez, zehatz-mehatz esaten digute arratoiak non azaldu diren.

Egoera kezkagarria iruditzen zaizu?

Ez, ez, oraingoz ez. Abisu gehiago daude, bai, baina kalean ez da ikusten lehen baino arratoi gehiago.

Sortzen dituzten kalteak nabariak izaten dira?

Ez da ohikoena, baina zenbait kasutan bai, ikusten dira azpiegituretan sortzen dituzten kalteak. Adibidez, oso gustuko dute zuntz optikoaren kableak kanpoaldean duen plastikoa, eta sarritan jaten dute hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.