martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Urruntzea bukatuta, kaleratzea

2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Beste urte batez manifestazio handi batek eskatu zuen atzo Bilbon euskal preso politikoen eskubideak errespetatzea eta garai hauei dagokien espetxe politika berria aplikatzea. Azken urte askotako hitzordua izan ohi da atzokoa, beti jendetsua. Atzokora arte, preso horien mendekuzko urruntze setatiari bukaera ematea izan da eskaera nagusia.

Mendekuzkoa, zigor kodean eta sententzietan ezarri ez arren, presoak eta haien senideak bi aldiz zigortzea helburu zuelako. Setatia, erakunde publikoek eta nazioarteko giza eskubideen aldeko elkarteek egindako txostenetan, eta, herritarrek urteetan egindako ehunka mobilizazioetan eskatu arren, Frantziako eta Espainiako Gobernuek, kolore batekoek zein bestekoek, entzungor egin dutelako.

Frantzian barreiatuta zeuden preso gehienak Ipar Euskal Herritik gertuen dauden espetxeetara gerturatu zituzten duela urte batzuk, Espainiako Gobernuak bere ardurapekoak mugitzen hasi baino dezente lehenago. Espainian, Pedro Sanchezen Gobernua 2021ean hasi zen presoak Hego Euskal Herriko espetxeetara ekartzen eta ingurukoetara hurbiltzen. Gaur egun, oso gutxi dira oraindik Euskal Herriko espetxeetan ez daudenak, eta aurki ekartzea espero da.

Begi bistakoa da EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin daukan harremanaren barruan ulertu behar dela jokabide aldaketa nabarmen hori. Oraintsu arte, mintzakide ia bakarra EAJ zenean, Espainiako Gobernuarekin aurrekontuak negoziatzeko orduan eskaeren artean urruntzearen bukaera sartuko ote zuten galdetuta, erantzuna beti berdina zen: «Urruntze politika indargabetzea ez dago aurrekontuen negoziazioaren gaitegian».

Urruntzea bukatzear dela, presoak zigorra bukatu baino lehenago kalera bidean jartzeko kanpainari hasiera emango diola iragarri du Sare herritar taldeak. Urruntzearekin bukatzeko lan handia eta pazientzia agorrezina behar izan bada, are dosi handiagoak beharko dira zigorra bukatu gabeko presoak kalean modu mailakatuan ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.