Itsaso Arana. Aktorea eta sortzaile eszenikoa

«Istorio propioak unibertsalizatzeko modu bat izan da»

Maitasun harremanetan izandako esperientzia azaldu du, gordin, Itsaso Aranak, John y Gena filmean. Harekin harreman horiek bizi izan dituztenak bihurtu ditu lanaren narratzaile.
IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Ander Perez -

2015eko otsailak 14
Madrilgo (Espainia) antzerki munduan dabil Itsaso Arana (Tafalla, Nafarroa, 1985). Une batez, ordea, pantailekin aldatu ditu antzokiak. Kamera aurrean jarri ditu berarekin maitasun harremanen bat edo beste izandako lau lagun: mutil-lagun ohiak, maitaleak, bikotekideak... Kamera aurrean kontatu dute Aranarekin izandako harremana. Bigarren partean, irudiak komentatu ditu Aranak, bere bertsioa emanez. Hala osatu du John y Gena dokumentala. John Cassavetes eta Gena Rowlandsengandik dator izenburua. Isla gisara erabili ditu Aranak aktore biak, maitasun harreman batek zineman zein bizitza errealean nola funtzionatzen duen hausnartzeko. Igandean, mikrofonoa eskuetan hartuta, zuzenean egingo du irudien gaineko kontakizuna, Ikuspuntu jaialdiaren itxiera saioan.

Zure aurrean biluzi dira lau pertsona. Nola sentitu zara, halako biluztasunaren aurrean?

Oso esperimentu gogorra izan da. Haiek kristoren ausardia eta eskuzabaltasuna erakutsi dute. Esaten zutena baino gehiago nola esaten zuten ikusi nahi nuen, edo nondik esaten zuten. Konpromiso hori eskatzean, nik neuk ere hartzen dut konpromisoa, eta, hortaz, arrisku bikoitzeko egoera sortzen da, bi aldeentzat. Egia da filmean, batez ere hasieran, nolabaiteko eszeptizismo sentsazioa sor daitekeela, badirudielako egoera bortxatu baten aurrean jartzen ditudala. Horregatik, bigarren zatian, saiatzen naiz proiektuak berez daraman eszeptizismoaren eta epaiketaren zarata hori uxatzen. Arte eszenikoetatik etortzeak ere laguntzen dit horretan. Han nahiko ohikoa da autobiografiarekin eta kalteberatasunarekin lan egitea, eta gorputz biluzi bat bortitzagoa da eszenan pantailan baino. Rock-and-roll horretara ohitua nago.

Zintzotasun osoz mintzo dira filmeko lau pertsonak. Nola lortzen da hori?

Argi nuen ezinbestekoa zela intimitate sentsazio bat sortzea, behintzat elkarrekin izan genuen harremanaren mailan egongo zena, eta gure hitz egiteko moduari bide emango zion atmosfera hura birsortuko zuena. Bestalde, ez dut uste jakingo zutenik hau erakutsiko nuela. Noski, bazekiten behin aurkeztuko nuela. Baina nik neuk errespetu handiz tratatu dut materiala, ia modu sekretuan.

Eta, orain, beldur zara gehiegi zabalduko ote den.

Dardarka nago, ikaratuta. Bizitzeko keinu gisara ikusi dut hau dena, nire istorio pertsonalean gauzak argitzeko balio izan didan zerbaiten gisara. Beraz, ez dut jaialdietara joateko anbiziorik. Hona etorri banaiz [Ikuspuntu jaialdira] ez da izan nahi izan dudalako, baizik eta hainbat arrazoi eta zoriren ondorioz. Puntu batera helduta, oso zaila zen ezetz esatea, are gehiago Iruñera etortzeko bazen. Bat-batean, areagotu da proiektuaren esanahia.

«Zergatik nahiko nuke nik ezagutzen dudanari buruzko pelikula bat egin?». Airera bota duzu galdera hedabideren batean. Zein da erantzuna?

Uste dut, autobiografikoa izateaz gain, eta nahiz eta pornografia emozionalarekin jolastu, badela eskaintza bat ere, eta badela nire istorio propioak unibertsalizatzeko modu bat. Intimotasunetik abiatzen naiz eremu publikoraino iristeko, jendeak bere maitasun istorio propioetara bidaiatu ahal izan dezan. Erdigunean jarri naiz, nere burua besteei eskaintzeko. Nire bizitzaren eta maitasunaren materiala eskaintzen dut, gainerakoek eurenera bidaiatu ahal izan dezaten.

Atzera begiratze hori ia konstante bat da zure jardunean. La tristura zure antzerki konpainiarekin egindako lanetan ere agertzen da.

Nahiz eta topiko samarra izan, esango nuke atzera begiratzea aurrera indar handiagoz begiratu ahal izatea dela. Alegia, ez dut malenkoniarekiko maitasun berezirik. Besterik gabe, zerekin lan egin dezake norberak? Bere historiarekin, bere memoriarekin. Baina egia da proiektu honekin sentitzen dudala zerbaiten hurrengo pantailara pasatu naizela. Arraroa da: batetik, iraganarekiko hausnarketa bat dago. Baina, aldi berean, hori bera aukera bat da, etapen amaierei beldurrik ez izateko, eta hurrengo urratsera pasatzeko.

Zer ematen dizu antzerkiak?

Antzezlan bat edo film bat egitea mundua norberaren konstituzioarekin eta banderarekin birsortzea da. Mundua aldatzeko lekua da antzerkia, edo behintzat, mundu propioa egitekoa. Ez da gutxi.

Madrilen bizi izan duzu hori guztia. Ihes egin izanaren sentsaziorik al duzu?

Hona natorrenean, oraindik oso gazte izatearen sentsazioa izaten dut. Heroi tragiko gisa sentitzen naiz, trofeo edo garaipenen batekin itzuli behar dena. Ez dakit nirea ihesaldi bat izan ote den, baina, egia da sentitzen nuela ez nintzela hemengo parte, edo behintzat, hemengo parte sentitzeko, beste gauza batzuk bizi behar nituela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna