Joaquin Atxukarro. Piano jotzailea

«Nire hezurduraren parte dira piano jotzaile klasikoak»

Ostegunean beteko ditu Atxukarrok 85 urte; eta oraindik ere agertokiz agertoki dabil. Maurice Ravel piano jotzaile lapurtarraren 'Ezker eskurako kontzertua' interpretatzen ari da egunotan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera. Iruñeko Baluarten izango da gaur.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2017ko urriaren 31
00:00
Entzun
«Pianoadiktoa naiz». 85 urte betetzear dituela, oraidik ere pianoa astintzen du Joaquin Atxukarrok (Bilbo, 1932). «Egunero-egunero behar dut dosia». Hamahiru urterekin eman zuen lehen kontzertua, Bilbon, eta nazioarteko agertoki batetik bestera ari da ordutik. Donostiako Kursaalean izan zen atzo, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera, errusiar iraultzaren mendeurrenaren harira antolatutako Errusiar saski-naskia programan. Iruñeko Baluarten izango da gaur, eta Gasteizko Principal aretoan ostegunean. Ostiralean Kursaalera itzuliko da, eta Bilboko Euskalduna jauregian itxiko du bira, larunbatean. Maurice Ravelen Remaior kontzertua interpretatuko du guztietan.

Ravelen Ezker eskurako kontzertua interpretatzen ari zara. Jatorri bitxia du lanak.

Paul Wittgenstein pianista austriarrak egindako eskaera bati erantzunez sortu zuen Ravelek kontzertua. Lehen Mundu Gerran eskubiko eskua galdu zuen Wittgensteinek. Behin gatazka bukatuta, Raveli eskatu zion ezker eskuarekin jotzeko kontzertua sortzeko. Sortzaile lapurtarrak berehala onartu zuen eskaria, gustuko baitzuen ezinezkoak ziruditen erronkak bere gain hartzea. Gainera, Ezker eskurako kontzertua sortzen ari zen bitartean Sol maiorreko kontzertua idatzi zuen. Alderdi hori ere bazuen Ravelek: une berean gauza ezberdinak sortzeko gai zen.

Hogei minutuko pieza da, ezker eskuarekin jotzen dena. Zailtasun berezia du?

Ezkerreko eskuarentzat literatura asko dago, baina ez da gauza bera gertatzen eskubikoarekin.

Azalduko zenuke?

Anatomia gaitasunak dira. Erpurua da atzamar guztien artean indartsuena, eta, normalean, haren gainean erortzen dira sorkuntza gehienen melodiak. Eskuineko eskuan halakoak egitea zailagoa da.

Zergatik aukeratu duzue Ravel pianistaren lana errusiar iraultzaren mendeurrenerako?

Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin Maurice Ravel (1875-1937) diskoa grabatu nuen 2001ean, Gilbert Vargaren gidaritzapean, eta, ordutik, hainbat alditan jo ditut haren piezak nazioartean. Diskoak arrakasta handia izan zuen, eta horregatik iruditu zitzaigun egokia zela Ravelen pieza hau aukeratzea. Nik gogoa nuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin berriz aritzeko. Edonola ere, zergatik joko dugun galderari erantzuteko bi erantzun posible daudela uste dut. Lehena: oso polita delako. Eta bigarrena: zergatik ez dugu joko? [Irriak] Lana zoragarria da, eta ez da askotan interpretatzen, ez beste kontzertu batzuk bezainbeste.

Harreman estua duzu Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin. Zer da zuretzat etxera itzultzea?

Maitasun harremana dut orkestrarekin, sortu zenetik. Gogora datorkit Latinoamerikan elkarrekin genuen bira bat: kontzertua egin genuen Buenos Airesen, eta hango egunkari batek hurrengo egunean zera idatzi zuen: musika jaialdi ahaztezina eman genuela. Bada, Ravelen Sol maiorreko kontzertua jo genuen.

Hasieratik zaude konpositore horri lotuta, hortaz.

Ravelen piezek zailtasun tekniko asko dituzte. Teknikoki aurrera egin ahala, [Piotr Ilich] Txaikovski, [Johannes] Brahms eta Ravelen gisako konpositoreak hartu nituen, eta nire bizkarrezurraren parte dira orain. Ez dakit oso ondo nola adierazi, baina nire hezurduraren parte dira piano jotzaile klasikoak.

Oraindik ere, partitura berriak ikasten dituzu 85 urterekin?

Bai, hala da. Orain, adibidez, Juan Crisostomo Arriagak sortutako kontzertu batekin ari naiz, datorren urtean Bilboko Arriaga antzokian interpretatuko dudana. Programa berean Debussy eta Ravelen lanak ere joko ditut. Berezia da bi konpositore horiena, sarritan elkartzen baitira, eta ez dute elkarren antzik. Kontrara, guztiz bestelako musika egiten dute. Baina nahastuta azaltzen dira denak.

Gogora datorkit orain, Ricardo Viñes piano jotzaile katalanak aurkeztu zuela Parisen Ravelen Parisen Gaspard de la nuit, pianorako sortu den literaturen artean dagoen lanik zoragarrienetakoa. Viñes, Ravel, Debussy... lagunak ziren denak, gertukoak. Talde bat osatzen zuten, eta elkarri eragiten zioten; betiere, denen onerako.

Nola ikusten duzu etxeko orkestren osasuna?

Nik oso egoera onean ikusten dut. Egun hauetan ere, [Hego Euskal Herriko] hiriburuetan kontzertuak eskaintzea eta haren lana hedatzea oso egokia iruditzen zait. Are gehiago esango nuke, azken urteetan euskal musika zabaltzeko egiten ari den askotariko lana zoragarria dela uste dut.

Munduaren alde batetik bestera aritu zara. Zenbat orkestrarekin jo duzu?

300 inguru izango dira, eta 400 zuzendarirekin baino gehiagorekin egin dut lan. Egia esan, ez da erraza, bakoitzak lan egiteko bere estiloa duelako eta guztiekin ez zarelako ondo moldatzen. Baina bada denok dugun ezaugarri komun bat: musika gustuko dugu, eta hobetzea da gehienon xedea.

Dallasen (AEB) piano eskolak ematen dituzu oraindik?

Bai. 25 urte daramatzat eskolak ematen, unibertsitatean. Omenaldia egin berri didate, nire urtebetetzea ospatzeko jaian. Orduan atera nituen kontuak: urte hauetan guztietan, 100 pianistaren baino gehiagoren irakaslea izan naiz, eta, horien artetik, 98 musikaz bizi dira gaur egun. Niretzat, zirraragarria da ikustea nire bizitzan irakatsitakoak fruituak ematen dituela. Gainera, nik ere asko ikasi dut irakaspen prozesuetan: asko hausnartu behar izan dut ikasleen arazo teknikoei konponbideak bilatzeko.

Zaila da gaur egun musikaz bizitzea. Nola irudikatzen duzu etorkizuna?

Bai, zaila dago dena. Horregatik, niretzat, datozen egunotako Ravelen kontzertuak dira etorkizuna. [Irriak].

Musika kontsumitzeko era ere aldatu da.

Iraganeko konpositore handienak eskuragarri daude CD euskarrian, eta Youtuben eta halakoetan ere entzun daitezke. Gaur egungo gazteriak ez daki nola aritzen ginen gu musika klasikoa eskuratzeko: zoratu egiten ginen. Nik oso disko gutxi izan ditut, baina sarritan entzundakoak. Akaso horregatik, eskuratzeko zegoen zailtasunagatik, jartzen genuen interesa. Gaur egun, ordea, 20 urteko gazte batek edozer entzun dezake botoi bati sakatuta. Merkatua ere aldatu da. Nik 20 urte nituenean, oso txikia zen, eta Europa eta Amerikakoa. Orain, berriz, Txinan milaka piano jotzaile daude, eta gaitasun handikoak. Batzuetan, irudipena dut mundua txikitu egin dela eta hala gabiltzala denak, latetan sartuta dauden sardinen gisara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.