Koldo Nuñez Betelu.
ARGI ALDIAN

Afrika Pirinioetan hasten ari da

2017ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Mediterraneo itsasoak geografia, geologia eta klima aldetik Europa eta Afrika banatzen ditu. Izan ere, itsaso horretatik hegoalderantz, klima askoz beroagoa eta lehorragoa da. Baina azkar ari da Ipar Afrikako klima eta Iberiar Penintsula zein Europa hegoaldeko hainbat eskualdeetako klima gero eta berdintsuagoak izaten. Aurtengo udaberria, adibidez, oso beroa eta lehorra izan da Euskal Herri osoan eta maila asko gainditu dira. Orokorrean, Iberiar Penintsulako batez besteko tenperatura 15,5º C ingurukoa izan da, alegia, ohikoa baina 1,5º C epelagoa. Tenperatura maximoak 2,5º C altuagoak izan dira eta minimoak, 1º C epelago. Gainera, negua ere epela izan da ,eta orain arte 2017a inoiz ezagutu dugun beroena izaten ari da. Aurreikuspenek, gainera, joera berdina ikusten dute hurrengo hilabeteetarako. Lehorra ere izaten ari da oso eta penintsula osoan, batez beste %23urriagoa izan da udaberri honetan prezipitazioa. Baina ez da bakarrik gurean: orokorrean ari da gertatzen mundu osoan. Gauzak horrela, datuak XIX. mendearen bukaeran biltzen hasi zirenetik, mundu osoko batez besteko tenperatura, dagoeneko 1º C baino gehiago igo da. Hori gutxi bada, udako eguraldia, urtetik urtera lehenago ari da iristen toki askotara eta beranduago joaten. Euskal herrian ere bai.

Hortaz, klima epeltzen ari da: ez dago zalantzarik. Epeltze hori eta atmosferan dugun CO2 gasaren kontzentrazioa batera ari dira gertatzen. Aurtengo apirilean, lehenengo aldiz historian 410 mppko mailara iritsi ginen, ahaztu gabe aro industriala hasi zenean 250 ppm mailan zegoela CO2 gasa. Gas horren eta beste berotegi gasen kontzentrazioa etengabe ari da igotzen munduko atmosferan, igo, gainera, aurreikusten zena baino dezente azkarrago.

Zientzialari gehienek aldarrikatzen dute gizakion jardueraren ondorioz igotzen ari dela berotegi gasen kontzentrazioa. Lotura horretaz hitz egin zuen lehenengoetariko bat James Hansen fisikari eta klimatologoa izan zen. Bere lehenengo ikerketak NASAren barruan egin zituen Artizarraren atmosfera aztertu zuenean bere doktoretza tesirako. Planeta horren atmosfera ikaragarri dentsoa da eta oso aberatsa berotegi gasetan, leku aproposa da, beraz, berotegi gasak eta klimaren arteko loturak ikertzeko. Oraintxe direla 29 urte, hain zuzen ere, 1988ko ekainaren 23an, Hansen fisikariak AEBetako kongresuaren aurrean egin zuen berba gizakiok eragindako klima berotzearen inguruan. Bere hitzak, neurri batean eszeptizismoz hartu ziren baina eztabaida piztu zuten munduko foro askotan. Bere hitzetan, munduko batez besteko tenperatura 1º C eta atmosferako CO2 gasa 350 mpp baino gehiago igotzen baziren, ez zegoen atzera egiterik. Ordutik, ikerketa asko egin dira, etengabe ari dira zientzialariak datuak jasotzen eta ereduak proposatzen datorrena aurreikusteko. Eredu asko proposatu dira baina, gehienetan, motz geratu direla frogatu da. Hansenek ere, gero eta aurreikuspen ilunagoak egiten ditu. Izan ere, duela 120.000 urteko Eemiar aldian munduko batez besteko tenperatura egun baino 1º C altuagoa zen eta itsasoaren maila 6 eta 9 m artean altuagoa. Hortaz, munduko tenperaturak gora segitzen badu, kostaldeetan dauden populazioek ikaragarrizko arazoak jasan lituzkete 2100. urtea baino lehenago. Euskal Herrian ere, jakina, arazo larriak sor daitezke, esaterako Donostian edo Bilbo Handian. Baina ez da soilik itsas maila igoko munduko izotzen urtzearen ondorioz, ozeanoetako korronteen aldaketa sakonak gertatuko dira eta, ondorioz, leku askotan muturreko gertaera klimatologikoak. Hansen eta askoren ustez, karbonoaren garaiak azkar ikusi behar duamaiera. Ez du zentzurik, beraz, hidrokarburo fosil eta ikatzaren erabilerarekin segitzeak edo karbonoa atmosferara isurtzen duten jarduerak ez gelditzea lehenbailehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.