urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Malta eta Estonia, EBko presidentzian

2017ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Ez dakit zuetako zenbatek jakingo duzuen nor den Joseph Muscat google egin barik. Hilotan behin baino gehiagotan sartu da zuen etxean telebistatik, agintari garrantzitsuen aldamenean: Angela Merkel, Jean-Claude Juncker, Donald Tusk... Europako beste hainbat estatu eta gobernuburu hartu ditu etxean, eta bere hizkuntza, hirurehun mila hiztun baino ez baditu ere, ingelesaren aldamenean agertu da nabarmen. Maltako lehen ministro da Muscat.

Datorren astean maltera bigarren lekuan geldituko da, alemana, frantsesa, espainiera edo eslovenieraren ondoan, eta euskarak baino askoz hiztun gehiagorik ez dituen beste hizkuntza bat irakurriko dugu Europako goi-bileretako afixa handietan: estoniera. Estonieraz eta ingelesez errotulatuko dira28 herrialdeetako bilera nagusietako panelak. Errusieraren arrastorik ez, bistan da, duela hiru hamarkada errusiera estatu-hizkuntza zuten hirietan egingo diren arren goi-bilerak.

1987an estoniarrek sumatu ere ez zuten egiten Estonia independentea laster jaioko zela. Hain gutxi Sobietar Batasunik ez zela egongo bost urteren buruan. Berlingo Harresia jausi baino hiru hil baino gutxiagora Bide Baltikoa egin zuten, ehunka mila lagunek Tallinn, Riga eta Vilnius lotzeko giza katea egin zuten hiru errepublika baltikoen independentziaren alde. Ia beste inork ez zuen adierazi sobieten estatua uzteko borondatea. Baina 1991 amaitzerako, hasieran independentzia hiruzpalau errepublikak soilik bilatu bazuten ere, hamabost estatutan bereizi zen SESB.

«Duela hamar urte inork irudikatuko ez zuen krisi existentzialerantz doa lo-ibilian Espainia», ekarri du asteon Irish Times-eko editorialak. «Ez dago argi katalan gehienek independentzia nahi duten, baina bai gehienek auzian erabakia nahi dutela». Eta «ironia tragikoa» aipatzen zuen: PPren itxikeria hazi ahala «aukera erakargarriago bihurtzen da independentzia» katalanentzat. Le Monde-k ere Kataluniaren independentziaren aldeko eta aurkako artista biri galdetu die: Lluis Llachi eta Albert Boadellari.

The New York Times-en are argiago ageri da paradoxa. Editorialaren mezu nagusiak eskoziar independentistak haserrarazi eta unionistak poztuko lituzke. Katalunian eta Espainian, baina, independentistek irribarrez eta unionistek amorruz hartu dute: «Irtenbide onena Espainiak erreferenduma baimentzea eta katalanek independentzia errefusatzea izango litzateke, Quebecen eta Eskozian bezala. Osterantzean, Madrilen intrantsigentziak katalanen frustrazioak hauspotu baino ez ditu egingo». Egoera demokratiko batean, statu quo-aren alde egin ohi dute botere nagusiek; bozkatzea bermatzen ez den artean, baina, demokrazia bera da lehen helburua.

Sezesio arrakastatsu gehienetan, independentzia eta demokrazia sinonimo bihurtzen dira. Hori dute, egiaz, oztopo nagusi katalanek: Europako Batasunean dagoen herrialde batean demokraziarik ez dagoela sinetsaraztea nazioartean. Baina aurreko adibideek erakusten dute mendebaldeko hiru herrialde garrantzitsutan nagusitzen ari den ideia: ustez gobernu batek erraz kudea dezakeen barne-auzi bat egonkortasun-arazo bihurtzen ari da Europan, Madrilen itxikeriaren ondorioz.

Estatu berri guztiak ez dira sortzen herritarrek ordura arteko estatutik bereizi nahi edo behar dutelako. Esloveniarrak bai, prest zeuden Jugoslaviako armada federalari aurre egiteko, eta lituaniarrek ere asmatu zuten erresistitzen, baina Azerbaijanek, Kirgizistanek eta beste hainbatek ez zuten behin ere independentziarik eskatu. Egun batean, goizero bezala Moskura deitu zuten agindu eske, baina Moskun ez zen inor telefonoari erantzuteko, eta korrika eta presaka estatu berri bat sortu behar izan zuten. Autokrata probintziano zaharrak errepublikako estatuburu bihurtu ziren. Estatuko hizkuntza ofizial izendatu zituzten kirgizera, tajikera, kazakhera eta besteak. Behin edo behin errusierarekin batera; gehienetan ez, baina berdin da: errusieraz mintzo da oraindik elitea, administrazioko hizkuntza nagusia da, beste inorekin baino lotura estuagoa dute Moskurekin eta prestigioa ematen duen eta mundura lotzen dituen mintzaira da.

Sezesioa bere borondatez gauzatu zutenek bestela egin zuten. Estonian errusierari bizkarra ematea erabaki zuten, historikoki harreman estua eta milioika hiztun dituen eremu bati onerako edo kalterako atea ixten ziotela jakinik. Biztanleen zati handi batek daki errusieraz, baina besterik ezin duenak baino ez darabil, adinekoek batez ere. Batzuen ustez, prezio altuegia izan da hizkuntza normalizatzeko.

Datorren astetik eta urtea amaitu arte, estoniera eta ingelesa izango dira nagusi Europako Batasuneko bileretan. Kataluniako errepublika sortzeko galdeketa egiten denean, hain justu ere. Ondo irteten bazaie, Espainiako erresumarenak egin du, baina itxuraz inor ez da horretaz jabetu estatu horren barruan, Madrilen eta Bartzelonan izan ezik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.