Noiz sortua: 2020-06-30 00:30:00

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

Berrikuntzan egiten den urteko inbertsioa %6 igo nahi du Iñigo Urkulluk

EAJren helburua da «Euskadi Europako berrikuntza gune» bihurtzea. Urkulluk zientzia eta teknologia sustatuko ditu krisiari aurre egiteko
Iñigo Urkullu eta Arantxa Tapia, atzo, Abantoko (Bizkaia) parke teknologikoan egindako ekitaldian.
Iñigo Urkullu eta Arantxa Tapia, atzo, Abantoko (Bizkaia) parke teknologikoan egindako ekitaldian. EAJ Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2020ko ekainak 30

Egungo «trantsizio teknologiko-digitalari» erantzuteko, berrikuntzaren aldeko akordio handi bat bultzatu nahi du Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak. EAJk Abantoko (Bizkaia) Ezkerralde-Meatzaldeako teknologia parkean egindako ekitaldian hartu du konpromisoa Urkulluk. Basque Innovation izena izango du akordio horrek, eta kontuan izango ditu «gizarte osoa» eta erakunde publiko eta pribatu guztiak, baina bereziki zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal sarean dauden eragileak. Lehendakariak azaldu duenez, akordio horren xedea da berrikuntza esparruan «liderrak» diren Europako eskualdeen artean kokatzea Euskal Autonomia Erkidegoa, eta, hori lortzeko, hainbat konpromiso hartu ditu. Besteak beste, urtero berrikuntzan egiten den inbertsio publikoa %6 handituko duela hitzeman du, hogei milioi eurokoa izan dadin hamarkada batean.

«EAJren helburua da Euskadi Europako berrikuntza gune bihurtzea», berretsi du Urkulluk. Haren esanetan, berrikuntza «soka luzeko» inbertsio bat da, eta, gainera, esparru horretan «Euskadi ez da hutsetik abiatzen». Gogoratu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamarkadak daramatzatela ikerketaren eta garapenaren aldeko apustua egiten eta eraldaketa sustatzen. Azpimarratu duenez, azken legealdian alor horretako inbertsioak urtean %5 handitu ditu Jaurlaritzak, eta orain bere konpromisoa dela %6ra igotzea.

Datozen lau urteetarako helbururik behinena zein den ere nabarmendu du Urkulluk: «Trantsizio hirukoitzean buru izan nahi dugu, osasun eta gizarte arlokoan, teknologikoan eta digitalean, eta energetikoan eta ingurumenekoan». Horretarako, «ezinbestekoa» iruditzen zaio berrikuntzan inbertitzea. «Berrikuntza da krisiaren erantzuna. Euskadi berritzailea izango da, edo ez da izango».

Plan berria

Berrikuntzari bultzada emateko plan berri bat lantzeko konpromisoa ere hartu du Urkulluk. Aurten onartu nahi du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana, eta proposatu du bertan biltzea hamarkada batean garatu beharreko tresnak eta inbertsio planak. Iragarri duenez, 20.000 milioi euroko inbertsio publiko-pribatuarekin martxan jarriko da plan hori, eta 2030.urtera arte garatuko da.

Gaiari lotutako beste konpromiso batzuk ere zehaztu ditu Urkulluk; besteak beste, hauek: industria aurrerakoian, osasunean eta energia berriztagarrietan oinarritutako estrategia bat garatzea eta inbertsioak egitea elikaduran, «ekoberrikuntzan», kultur eta sormen industrietan eta hirien jasangarritasunean. Horrekin batera, tokiko «talentua» sustatzeko eta nazioarteko ikertzaileak erakartzeko apustua ere egin nahi du EAJko lehendakarigaiak. Azaldu duenez, helburua da Ikerbasque sarean 400 zientzialari izatea, eta horietatik %40 gutxienez emakumeak izatea. Era berean, inteligentzia artifizialerako zentro bat martxan jartzea du helburuen artean: Basque Artificial Intelligence Center. Enpresa sarearekin lankidetzan sortu nahi du gune berria, eta finantziaketa publikoa eta pribatua izango ditu, Urkulluk azaldu duenez.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburu eta Gipuzkoako hautagaiak ere berrikuntzaren aldeko apustua berretsi du: «Pandemiari eta krisi ekonomikoari aurre egiteko ezinbes- tekoa da berrikuntza». Haren esanetan, berrikuntzari loturiko erronkak eguneroko kudeaketan txertatu behar dira.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Ordizian Barrena parkearen goiko aldean, osasun etxearen alboan jarri duten gunea. / ©Jon Ruiz

Ordizia, Etxezarreta kaleko zerbitzarien emaitzen zain

Jon Ordoñez Garmendia

Ekainaren 27az geroztik Etxezarreta kaleko ostatuetan ibili direnei PCR probak egiteko eskatu die Osakidetzak, badaezpada, eta ilara luzea sortu da horretarako jarritako gunean. Ordiziako Udalak bertan behera utzi ditu gaur hastekoak ziren udalekuak, eta Ordiziako EH Bilduk, kanpaina.

Herritar batzuk PCR proba egiten, Ordizian ©Jon Urbe / Foku

Hego Euskal Herriko herritarren %4,3k izan dute COVID-19a

Irati Urdalleta Lete

Seroprebalentzia azterketaren emaitzen arabera, ia 124.000 pertsona kutsatu dira Hego Euskal Herrian.

Maskara sorta salgai ©Marisol Ramirez / Foku

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna