Arrauna

Badator azkeneko txanpa

Euskotren liga bukatu da, eta ETE eta KAE ligetako bi mailak datorren asteburuan amaituko dira

Goian, Orioko kideak Euskotren ligako garaikurrarekin; behean, Hondarribia, Zarautzen garaile. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Kontxako Banderaren usaina gero eta gertuago sentitzeak esan nahi du gertu dela iraila eta, horrekin batera, arrauneko ligak amaituta edo amaitzetik gertu direla. Euskotren liga, adibidez, herenegun bukatu zen, Zarauzko Estropadako bigarren jardunaldiarekin, eta Oriok lehiaketako bandera bat ez beste guztiak irabaziz amaitu du aurtengoa; bigarren jardunaldian, Arraun Lagunak izan zen garaile, Lekeition (Bizkaia). 11 trapu batu ditu hamabitik, eta sailkapeneko 54 puntuekin gainditu egin du iaz San Juanek lorturikoa, puntu bategatik. Bigarren urtez jokatu dituzte hamalau estropada ligan. Beste marka batzuk ere ezarri ditu Oriok: aurreneko aldiz irabazi du estropada bat liga horretan,baita Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak ere.

Bukatzear daude KAE ligetako bi mailak eta ETE liga. ETE ligan, bi estropada falta zaizke arraunlariei, eta Bilbon ariko dira larunbatean, eta Errenterian emango diote akabera igandean. Bietan,erlojuaren aurka egin beharko dute lan, eta erabakitzeko dago liga zeinek irabaziko duen: Hibaikak bi puntu ateratzen dizkio Zumaiari. Bestelakoan, bi talde horiek bermatuta dute Euskotren ligara igotzeko kanporaketan aritzea, Hondarribiarekin, Euskotren ligako azken sailkatuarekin, datorren irailaren 14an eta 15ean.

KAE 1 liga Zarautzek irabazi du. Igandean lortu zuen matematikoki, estropada bat falta dela. Uda handia egin du, zortzi bandera baitauzka irabaziak, jokoan jarri dituztenen erdiak, hain zuzen. Eusko Label ligara igotzeko kanporaketan ere ariko da, eta lehia horretan liga bereko kidea zein izango duen ez dago erabakita, Deustuk dena alde badu ere. Getariari 11 puntu ateratzen dizkio, eta larunbatean Bilbon handiren batek gertatu beharko luke bilbotarrak kanporaketarako ez sailkatzeko.

Sailkapenaren behealdean, Hibaikak du arrisku gehien KAE 2 ligara zuzenean jaisteko. Sei puntu jan beharko lizkioke Lapurdiri Bilboko erlojupekoan, eta ezuste galanta litzateke hala gertatzea. Lapurtarrek, dena den, ez diote ihes egingo jaitsierako kanporaketari, eta, hala gertatzen bada, SantoƱa izango dute ligako beste taldea lehia horretan, KAE 2 ligako bigarrena eta hirugarrenarekin batera.

Liga horretan ere estropada bakarra falta da, Colindreskoa (Espainia), eta larunbat goizean jokatuko dute. Datorren udan maila bat gorago aritzeko aukera gehien Orio B-k dauzka, bost punturen aldea ateratzen diolako Castrori. Espainiarrek ez badute lortzen zuzeneko igoera, kanporaketan ariko dira, eta Getxok ere bermatuta dauka aukera hori. KAE ligetako kanporaketaren lehen jardunaldia Castro Urdialesen (Espainia) izango da, igande honetan, eta bigarrena, Orion (Gipuzkoa), hilaren azkeneko egunean.

Orio, tinko lehen postuan

Liga nagusian, Eusko Label ligan, lau estropada baino ez zaizkie falta amaitzeko: Galiziako biak datorren asteburuan, Bueun eta Boiron, eta irailaren 14koa eta 15ekoa, Bermeon eta Portugaleten (Bizkaia), hurrenez hurren. Zarauzko bi estropadetan Hondarribiak hiru puntu jan badizkio ere Oriori, oriotarrek hamasei dituzte oraindik alde. Hondarribiarrak, hori bai, bigarren dira orain, Santurtzirekin berdinduta.

Behealdean, San Pedrok eman zuen jauzia Zarautzen, eta azken lekua Astillerori utzi dio, berdinduta badaude ere. Galizian amaituko zaie liga hauei: azkena KAE 1 ligara joango doa, eta bestea kanporaketan ariko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.