Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. KRITIKA. Perlak

Burokrazia hilgarria

Cannesen sari nagusia jaso zuen Loachen filmak. BERRIA.
Beñat Eizagirre Indo.
2016ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'I, Daniel Blake'

Zuzendaria: Ken Loach. Herrialdea: Erresuma Batua-Frantzia-Belgika. Iraupena: 100 minutu.

Ken Loachen I, Daniel Blake Perlak sailean estreinatu da Cannesen garaile suertatu ostean. Loach zinema sozialaren ordezkari gorena da, eta haren zinemaren zale amorratuen itxaropenak aseko dituela jakina da. Haren zinemaren jarraitzaileak ez direnek ere modu klasikoan kontatutako istorio apartarekin gozatuko dutela ez dago zalantzarik. Film hunkigarria da, ezbairik gabe, istorioa sinplea den arren, eta egileak ikusleari helarazi nahi dion mezua argia da.

Hunkigarria da une askotan, Daniel Blake alargunaren eta Katie bi haurren ama denaren arazoekin identifikatzea oso erraza gertatzen baita. Administrazio publikoaren eraginkortasun eskasaren aurkako narrazioa da, edo bestela esanda, burokraziaren labirintoan eginiko bidaia baten kronika latza. Krisi ekonomikoaren garaiotan gobernu britainiarraren gizarte politikaren aurkako salaketa irmoa da, eraginkorra ez izateaz gain, absurdoa eta bidegabea baita. One Hundred and Fifty Years txinatarrak gobernuko funtzionarioen ustelkeria salatzen zuen, baina, Loachek salaketa egiteaz gain, istorio bikaina eskaintzen digu. Beraz, etikoki eta estetikoki paregabea da.

Egia da egungo mundua benetan konplexua bilakatu dela, faktore asko baitaude jokoan une oro, eta ekintza jakin batek eduki ditzakeen ondorioak zeintzuk izango diren jakitea zaila gertatzen da. Baina konplexutasuna ezin da aitzakia gisa erabili laguntza behar dutenak hiltzen uzteko. Teknologia eta zientziaren bitartez arazo globalak konpon daitezkeela errepikatzen digute adituek, baina herritarrei laguntzeko unean aitzakiak baino ez darabiltzate ahoan. Gobernuek bazterkeria egoeran dauden pertsonak hiltzen uzten dituzte, baina norberak bere ardura bere gain hartu beharko luke, bakoitzak ahal duen neurrian, jakina. Elkartasunaren kultura sustatu beharko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.