Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

Urkulluk xede gisa jarri du energiaren %20 iturri berriztagarrikoa izatea

EAJko lehendakarigaiak «garapen jasangarriarekiko» konpromisoa agertu du. Klima aldaketari buruzko lege berria onartzea proposatu du

Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaia, Gipuzkoako zenbait hautagairekin batera, atzo Aian (Gipuzkoa). EAJ.
Edurne Begiristain.
2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Ingurumena hauteskunde kanpainako lehentasunen artean jarri du EAJk. «Konpromisoa dugu nazioartean adostutako garapen jasangarriarekin eta klima helburuarekin», ziurtatu zuen atzo Iñigo Urkullu lehendakarigaiak. Aiako (Gipuzkoa) Pagoeta natur parkean izan zen Urkullu, besteak beste Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko Gipuzkoako hautagaiarekin batera. Jaurlaritzak azken urteotan abian jarritako politikak goraipatu zituen Urkulluk, eta klima aldaketaren aurka martxan jarri nahi dituen neurrien berri ere eman zuen. Adierazi zuen EAJk bere egiten duela Think global, act local ikuspegia (globalki pentsatu, eta tokian-tokian ekin), eta, ildo horretan, klima aldaketaren aurkako borrokan «ekarpen handia» egiteko konpromisoa duela.

Hain zuzen ere, Urkulluk azaldu zuen berriro lehendakari bada bere konpromisoa dela 2050. urtean karbonoan lurralde neutroa izatea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Horretarako, jasangarritasun politikei dagokien bost konpromiso aurkeztu zituen. Batetik, energia berriztagarriak garatzeko apustua berretsi zuen; zehazki, helburu gisa jarri zuen kontsumitutako energiaren %20 berriztagarria izatea. Duela bost urte, Jaurlaritzak helburu bera finkatu zuen 2025.urtera arteko energia estrategian. Europak proposatutakoaren atzetik doa aurreikuspen hori: hain zuzen ere, 2020. urterako erdietsita egotea aholkatu zuen duela ia hamar urte.

Energia berriztagarrien aldeko apustuaz gainera, beste lehentasun batzuk ere ezarri zituen Urkulluk: Mugikortasun Iraunkorreko Plana eskualde guztietan egitea, oinez edo bizikletaz egiten diren joan-etorriak %20 gehitzeko; tokiko eta sasoiko produktuak, azpiegitura «berdeak» eta naturan oinarritutako irtenbideak bultzatzea; eta zuhaitz eremua 10.000 hektaera handiagoa izatea.

Bosgarren konpromiso baten berri ere eman zuen: klima aldaketari buruzko legea onartzea hurrengo legealdian. Joan den agintaldian bidean geratu zen lege proiektua berreskuratu eta eguneratu nahi du EAJko lehendakarigaiak. Azken bi legegintzaldietan izan da lege hori Jaurlaritzaren agendan, baina inoiz ez da onartu. Iaz, Eusko Jaurlaritzak «klimaren eta ingurumenaren larrialdi egoera» deklaratu zuen adierazpen instituzional baten bidez, eta, horrekin batera, klima aldaketari buruzko lege aurreproiektua lantzeari ekin zion. Alabaina, Eusko Legebiltzarra desegin zenean, haren tramitazioa etenda geratu zen.

Naturarekiko errespetua

Aurkeztutako bost neurriek ingurumenaren aldeko «konpromiso» irmoa erakusten dute, atzo Urkulluk azpimarratu zuenez. «Ingurumena aukera bat da. Ingurumena osasuna, lehiakortasuna eta enplegua da». Haren hitzetan, energia eta ingurumen trantsizioa «Euskadi aurrerakoiago baterako lanabes dira».

Arrizabalagak, berriz, azpimarratu zuen klima aldaketaren aurkako borroka dela EAJren datorren legealdiko konpromiso nagusietakoa. Haren hitzetan,Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «parajeak» aldatu badira ere, bere horretan mantendu da «baserritarren eta naturguneen arteko harremana». Biak ala biak zaintzearen alde egin zuen Arrizabalak; horretarako berme bakarra EAJ dela nabarmendu zuen. Naturaren errespetua bermatzeko, ekosistemaren suntsiketa eragozteko, «biodibertsitatea babesteko» eta nekazaritza guneak zaintzeko «aukera eraginkorrena» jeltzaleak direla azpimarratu zuen, halaber.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.