Arrauna. Kontxako Bandera

Batak amaitu, eta besteak hasi

Arraun Lagunak eta Orio, udako indartsuenak, txanda ezberdinetan joango dira gaur, Kontxako Banderako lehen jardunaldian: 'San Nikolas', lehendabizikoan; 'Lugañene', bigarrengoan.

Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlariak, aurreko ostegunean, Kontxako Banderako sailkatze estropadan, atzean Orio dela. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Kontxako Banderak duen izena eta izanagatik, kinielak egitea betiko usadioa izan ohi da arraunzaleen artean; dela elkarte gastronomikoetan, tabernetan, lagunartean... Bada, lehen begi kolpean, zerrendaren goialdean bereziki bi taldeen izenak ageri dira bandera preziatua irabazteko hautagai handi gisa: Donostia Arraun Lagunak eta Orio. Gaur izango dute arraunlari guztiek gehien desiratzen eta amesten duten banderaren lehen jardunaldia (10:00, ETB 1). Zoriak bi taldeak txanda ezberdinetan aritzea ekarri du; Orio lehendabizikoan joango da, Donostiarra, Tolosaldea eta Deusturekin; Arraun bigarrengoan ariko da Chapela, Hondarribia eta Hibaikarekin.

Semaforoa berde noiz jarriko «amorratzen» daude Ane Arruti Orioko arraunlaria (Aia, Gipuzkoa, 2001) eta Donostia Arraun Lagunak-eko Ane Sanchez (Anoeta, Gipuzkoa, 1998). Hiru aste dira Euskotren liga amaitu zela, eta arraunlarien motorra ez hozte aldera, Hondarribian —orain dela bi aste— eta Donostian —duela astebete— estropada ez-puntuagarriak jokatu zituzten; azken lehia horretan ligako bi talde indartsuenek ez zuten parte hartu. Hain zuzen, bien artean banatu dira denboraldiko bandera gehienak, batean izan ezik, Donostiarra nagusitu zelako. Halere, argi erakutsi dute koska bat gorago daudela Lugañene eta San Nikolas ontziak.

Zortzi segundo. Alde hori atera zion Arraunek Oriori sailkapen estropadan. Zenbaki bat besterik ez da, baina talde bakoitzak bere analisi propioa egin du. Arrutik, bederen, ez dio aparteko garrantzirik eman erreferentzia horri: «Sailkatzea zen helburua, eta gaurkoan guztiok hutsetik hasiko gara». Sanchezen arabera, datu hori alde edukitzea «motibagarria» izaten da. «Baina Oriorekin ez dago fidatzerik».

Hain justu, Xanti Zabaletaren taldeak badaki Kontxako Bandera irabaztea zer den; azken bi urteetan aise nagusitu dira oriotarrak, eta aurten ere urrez josi nahi dute San Nikolas ontzia. Loria dastatzea «posible» ikusten du Arrutik. «Gure buruarengan konfiantza izugarria dugu, eta lana oso ondo egiten badugu, banderaren lehian egoteko aukera izango dugu». Faborito izaeraren inguruan, Sanchezek badaki Arraunek inoiz baino aukera handiagoak dituela bandera preziatua irabazteko. «Gure taldean bandera gutxi irabazitakoak gara gehienak. Denboraldi oso ona egiten ari gara, eta Kontxako Banderarekin biribildu nahi dugu».

Eguraldiaren iragarpenari so

Bi hautagai nagusiak ez dira txanda berean joango: Orio, aurrenengoan; Arraun, bigarrengoan. Arruti ez da kexatu tokatu zaion txandaz. «Halere, Arraunek gure erreferentzia izango du gero».Sanchezi, berriz, Orio ondoan joatea gustatuko litzaioke. Haizeak sortzen dio kezkarik handiena. «Ez dago aldaketa iragarrita, baina auskalo». Aurkari zuzenak direla eta ez direla, alboan izango dituzten taldeak ez dituzte ahaztu. «Haiek ere badakite arraunean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.