Nikaraguako kanalaren proiektua

Hazkundearen prezioa

Nikaraguako kanala eraiki nahi dute, Panamakoari lehia egiteko.Gobernuak dio kanalak emandako etekinekin BPGa hirukoiztuko dutela.Ingurumena hondatuko dela ohartarazi dute ekologistek

Hazkundearen prezioa.
Adrian Garcia.
2014ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Hazkunde ekonomikoak prezioa du Nikaraguan. Oso altua, altuegia, talde ekologistentzat. Gobernuak Ozeano Barea eta Ozeano Atlantikoa lotuko dituen 286 kilometroko luzerako kanala eraikitzeko baimena eman dio Hong Kongeko enpresa bati. Abenduan hasi nahi dituzte lanak. Kanala eraikitzeko arrazoiak ekonomikoak dira: Nikaragua pobreziatik aterako omen du proiektuak, BPG Barne Produktu Gordina hiru urtean hirukoiztu egingo duelakoan, %15eraino. Ingurumenak izan ditzaken kalteak, ordea, konponezinak izan daitezke: kostalde batetik bestera, mendebaldetik ekialdera, herrialdea eta Nikaraguako lakua—Cociboca lakua ere deitua— zeharkatuko du. Inguruko ur edangarrien erreserbarik handiena da lakua. 400.000 hektarea oihan eta hezegune suntsituko dituztela salatu dute.

Britoren ibai ahoan hasi, eta Punta Gorda ibai ahoan amaituko da, Karibe itsasoan. 105 kilometro Nikaraguako aintziratik igaroko ditu. 230 eta 530 metro bitartekozabalera izango du, eta, batez beste, 27,6 metroko sakonera. 400.000 tonako ontziak igaro ahalko dira kanaleko uretatik. 40.000 milioi dolar da aurrekontua (ia 30.000 milioi euro).

Zalantza asko eragin ditu proiektu erraldoi horrek. Eraikiko den ere ezbaian jarri duenik ere bada, ikerketa eta txosten asko baitaude aurkezteko. «Oraindik ez dute martxan jarri ingurumenean izango duen eraginari buruzko ikerketarik. Orain arte oinarrizko gerturatze bat egin da. Ingenieritza ikuspuntutik ez dute proiektua ezagutarazi», azaldu dio BERRIAri Teresa Mariscalek, Fundacion del Rio Nikaraguako gobernuz kanpoko erakundekoak. Eskasa da proiektuaren inguruan zabaldutako informazioa.

Kanalaz gain, beste sei azpiproiektu eraikiko dituzte: bi portu, merkataritza libreko gune bat Briton, turismo gune bat, aireportu bat eta errepide sare bat. Era berean, materialak bermatzeko elektrizitate indarretxe bat eta berunezko eta zementuzko plantak altxatuko dituzte.

Herri indigenen etxeetan

Ehunka herrixka hustu beharko dituzte kanala eraikitzeko. Natura aldizkariak zenbatu ditu mehatxatuak dauden herri indigenak: rama, garifuna, mayangna, miskito eta ulwa herrien eremuetan aurreikusi dute eraikitzea.

Proiektuaren aurkezpenean, uztailean, ibilbidearen berri eman zuten, baina ingurumenari buruz gutxi hitz egin zuten. Gauza asko daude argitzeko. Zehazteko dute, esaterako, lanetan atera behar duten lurrarekin zer egingo duten. «Gauza asko esan dituzte. Aintziraren ondoko lurretan utziko dutela, laborantzarako erabil dezaten. Uharte bat egingo dutela ere esan izan dute».

Nikaragua lakua Erdialdeko Amerikako handiena da. Ez da berria aintzirako uretan barna itsasontzientzako igarobide bat egiteko asmoa. Baina orain arte atzera bota dituzte plan horiek, ingeniaritza aldetik erronka handia delako, eta kostua, altua.

Lakuak batez beste hamabost metroko sakonera du. Kanalak, 27,6 edukiko lituzke. Ekologistek ziurtzat dute jaulkitzea hondatuko duela lurra leku batetik bestera aldatzeak. Ingurukoentzat ezinbestekoa da aintzira. «Ur kontsumoaz gain, jende asko arrantzatik bizi da. Hiru artxipelago daude. Turismotik ere bizi dira beste asko», azaldu du Mariscalek.

Handia da lakuko bioaniztasuna, ekosistema askoren bizilekua baita. Kanalaren urateetatik barna, ordea, itsasoko ura igaro eta aintzira gazitu daiteke, Panamako kanalean gertatu den bezala. Horrek bertako fauna honda dezake. «Zezen marrazoa, errege kolaka eta beste espezie asko bizi dira». Lurreko animaliek ere jasango dituzte eraginak, kanaleko azpiegiturek haien habitatak suntsituko baitituzte.

Urateentzako urtegiak eraikiko dituzte. Baita aintzira artifizial bat ere. Horren kalte ondorioen berri ohartarazi dute ekologistek: ur eskasiak eta uholdeak sor daitezke. Gainera, ohikoa dira lurrikarak inguruan. «Lehergailuak erabiliko dituzte lakuan lurra ateratzeko, baina ez dakite horrek nola eragin dezakeen».

HKND Group enpresa arduratuko da lanez, eta hurrengo 50 urteetan kudeatuko du kanala. Proiektuaren aurkezpenean, enpresako arduradunek esan zuten bost urtean amaituko dituztela lanak.

Panamako kanalaren monopolioa apurtu nahi du proiektuak. The Economist astekariaren arabera, 2.000 milioi dolarreko irabaziak ditu kanalak urtean (1.490 milioi euro inguru). Horietatik 570 milioi euro inguru Panamako Gobernuaren diru kutxan amaitzen dute.

Daniel Ortega Nikaraguako presidenteak 400.000 herritar txirotasunetik atera nahi ditu 2018. urterako, eta kanalaren etekinak erabiliko ditu horretarako. Gobernuaren datuen arabera, enplegua bikoiztuko du proiektuak. Obrak 50.000 lanpostu sortuko ditu hasieran, eta 250.000 proiektu osoa eraiki bitartean.

Iaz, proiektua onartu zuteneanhainbat protesta piztu baziren ere, Mariscalek dio ez dagoela kanalaren aurkako mugimendu sendorik. Fundacion del Rio eta beste erakundeen lana da herritarrak informatzea. «Kanala ez da gure herrialdeko arazoen konponbidea. Planteatu duten moduan ez du dirurik utziko hemen. Enpresaburu baten esku utzi dute subiranotasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.