Hondar ale bat gehiago

Uruguain presidentea eta parlamentua aukeratuko dituzte etzi. Eremuko gobernurik egonkorrena izan du, baina han ere aldaketa handi bat gerta liteke.

Hauteskundeekin batera, konstituzioaren erreforma bati buruz bozkatuko dute etzi. Irudian, erreformaren aurkako manifestazio bat, asteartean, Montevideon. RAUL MARTINEZ.
Cecilia Valdez
Montevideo
2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Etzi egingo dituzte Uruguaiko presidentetzarako hauteskundeak; hain zuzen, Rio de la Plata itsasadarraren beste aldean dagoen bizilagunak, Argentinak, egingo dituen egun berean. Hauteskunde garrantzitsuen hilabetea izan da Latinoamerikan, bost egun besterik ez baitira igaro Bolivian ere presidentetzarako hauteskundeak egin zituztenetik. Horrekin batera, azken hilabetean protesta mugimendu handiak izan dira Txilen eta Ekuadorren; Peruk krisi politiko larri bat izan du; Brasilen, Jair Bolsonaro presidente ultraeskuindarraren politikek herrialdea eta nazioartea aztoratu dituzte; Kolonbian, bake prozesua ia hautsitzat eman dute, eta Venezuela krisi larrian murgilduta dago aspaldian. Gauzak horrela, Hego Amerikako herrialderik egonkorrenetakoa izan da Uruguai azken urteotan, baina, hala ere, baliteke hauteskundeetan aldaketa politiko bat gertatzea. Ezin da baztertu, beraz, Rio de la Plataren iparraldeko hegiko herrialdeak ere hondar ale bat jarriko dionik Hego Amerikako egoera politiko aldakorrari.

Hauteskundeak irabazteko aukerak dituzte Daniel Martinezek, gobernuan dagoen FA Fronte Zabaleko hautagai eta Montevideo departamentuko intendente ohiak, eta Luis Lacalle Pouk, PN Alderdi Nazionaleko senatari kontserbadoreak. Itxura guztien arabera, FAk irabaziko du lehenengo itzulian, baina ez luke lortuko bigarren itzulia eragoztea, eta hor baliteke galtzea, aliantzak lortzeko aukera gutxiago dituelako. Gaurkoz, badirudi Lacalle Pouk aukera gehiago dituela botoa erabaki ez dutenen eta beste indarren babesa lortzeko, baita koalizio bat egiteko ere.

Herrialdeko presidenteaz eta presidenteordeaz gain, egun berean aukeratuko dituzte Uruguaiko botere legegilea osatzen duten diputatu eta senatari guztiak. Inoiz ez bezalakoa da parlamentuan jarlekua lor dezaketen alderdien kopurua, eta baliteke horrek gehiago zailtzea hurrengo presidentearen gobernuaren kudeaketa. Inkesta batzuen arabera, bederatzi alderdik lor lezakete ordezkaritza —gaur egun bost alderdi daude Senatuan, eta sei, berriz, Ordezkarien Ganberan—.

FAk agindu du Uruguain azken hamabost urteotan. Aldi horretan, bi presidentek agindu dute: Tabare Vazquezek (2005 eta 2009 artean, eta 2015etik orain arte) eta Jose Pepe Mugicak (2009 eta 2015 artean). Aurreko hauteskundeetan, 2014an, Lacalle Pou bera lehiatu zen FAko hautagaiaren aurka bigarren itzulian.

Argentinaren eragin handia

Cifra etxeak joan den astelehenean argitaratu zuen inkestaren arabera, FAren aldeko boto asmoa bost puntu handitu da, eta PNk puntu bat galdu du irailaz geroztik. Hirugarren posturako lehia estua dute PC Colorado Alderdiak eta CA Cabildo Alderdiak. Hortaz, FAk botoen %38 jasoko lituzke, PNk %27, PCk %11 eta CAk %10. FAren datua Cifrak otsailetik eman dituenen artean handiena da, eta PNrena, berriz, haren gutxiengotik —%25, abuztuan— hurbilen dagoena.

Dena den, Argentinako hauteskunde primarioetako inkestetako hutsegite handien ondorioz, askok uste dute FAk irabaziko duela, edo behintzat iragarri baino emaitza hobea edukiko duela, Rio de la Plataren hegoaldean gertatutakoak boto emaileen jarrera aldatuko duelako. Alegia, Bolivian bezala, Mauricio Macri Argentinako presidentearen irudia eta haren kudeaketaren emaitzak erabili dituzte Lacalle Pouk irabaziz gero Uruguain hondamendi bat gertatuko litzatekeela adierazteko. Horren adibide, bi hautagai nagusiek telebistan izan zuten debatean Argentinarekin konparazioak egin zituzten elkarren aurka erabiltzeko. Martinezek Lacalle Pouri esan zion aurreko kudeaketa —Vazquezena— kritikatzea Macrik Argentinako aurreko gobernuarekin egin zuen gauza bera zela. «Eta ikusi orain zelako hondamendian dagoen Argentina», esan zion ondorio gisa. Lacalle Pouren erantzuna: «Sinplifikatzea da Macrirekin konparatzea. Nik ez dut esaten zuek kirchnertarrak zarenetik». Nestor Kirchner eta Cristina Fernandez senar-emazteak izan ziren Macriren aurreko presidenteak Argentinan (2003-2017).

Hauteskundeez gain, etzi galdeketa bat egingo dute konstituzioaren erreforma bati buruz. Beldurrik gabe bizi da galdeketa horren lema. Jorge Larrañaga PNko senatariak bultzatu du, eta, hainbat neurriren artean, barne segurtasunean Poliziarekin lan egingo duen guardia militar bat sortu nahi du. Horrekin batera, erreformak bizi osoko kartzela zigorra ezarri nahi du, eta gauez egindako miaketak baimendu. Kanpainak kontrako erantzun gogorra piztu du herritar askorengandik; uste dute segurtasunaren arazoa konplexua dela, baina ez dute irtenbiderik ikusten errepresioaren bidetik. Hala ere, askoren ustez FAk ez dio gai horri erantzunik eman nahi izan bere agintaldietan.

Etzi, beraz, Uruguaiko botere postu nagusiak nork beteko dituen erabakitzeaz gain, herrialdeko politikan garrantzi handia izango duen gai bati buruz erabakiko dute herritarrek. Presidentetzarako hautagaietako inork ez badu botoen erdia baino gehiago irabazten, datorren azaroaren 24an bigarren itzulia egingo dute. Agian, orduan argituko da Hego Amerikako mapa politikoan zer toki hartuko duen Uruguaik.

Ana Laura de Giorgi: «Estatua defendatu beharreko leku bat da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.