Powerrek irabazi du Ordiziako Klasikoa, Yatesen onespenarekin

Elkarrekin iritsi dira helmugara, eta ingelesak eskuzabal jokatu du taldekide gaztearekin. Jon Irisarri izan da lehen euskal herritarra
Yates, ezkerrean, eta Power, Ordizian helmugaratzen.
Yates, ezkerrean, eta Power, Ordizian helmugaratzen. J. C. RUIZ / FOKU

Iñaki Odriozola -

2018ko uztailak 26
Robert Power izan zen aurrena Ordiziako helmuga marra zeharkatu zuena; garaipena, ordea, Mitchelton Scottena izan zen. Robert Power eta Simon Yates taldekideek Ordiziako 95. Klasikoan emaniko erakustaldia batera ospatzeko astia izan zuten Ordiziako kaleetan. Yatesek 2016an irabazi zuen klasikoa, eta oraingoan 23 urteko taldekideari oparitu dio garaipena. Mitchelton taldeko txirrindulariek atzo argi utzi zuten World Tourreko pedal kolpea koska bat gorago dagoela. Caja Rural, Euskadi Murias eta Euskadi Fundazioko txirrindulariak ahalegindu ziren, baina ezin izan zieten aurre egin.

Abaltzisketara eginiko bosgarren eta azken igoeran egin zuten aurrera biek, eta Larraitzen behera, inor ez zen gai izan zuloa ixteko. Powerrek egin zuen lehen erritmo aldaketa, eta bakarrik alde egin zuen. Yatesek, taldetxoan indarrik sobera ez zegoela ikusita, erasoa jo, eta taldekidearenganaino heltzea lortu zuen. Hirugarren Krists Neilands (Israel Cycling) izan zen, eta laugarren, Fernando Barcelo (Euskadi Murias). Jon Irisarri izan zen lehen euskal txirrindularia; 11. helmugaratu zen. Gainera, leaburuarrak esprint berezien saria ere lortu zuen.

Etapako lehen kilometroetan, abiadura eta erasoak egon ziren, bai, baina inork ez zuen abantaila handiegirik lortu. Mugimendu horietan, oso adi ibili ziren une oro Euskadi Fundazioko, Movistarreko, Caja Ruraleko eta Euskadi Muriaseko txirrindulariak. Etxeko lasterketa izanik ez zeuden oparitarako. Helmugarako 100 kilometrotik gora falta zirela sortu zen arrakasta izango zuen ihesaldia. Multzoa 17 txirrindularik osatu zuten. Aginte makila Mitcheltonek hartu zuen, lau txirrindulari bertan zituelako. Mendateak pasatu ahala, taldea xehatu zen. Kopuruz eta mailaz gehiago zirenez, nagusi izan zen Mitchelton.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria