Durangoko 50. Azoka. Eguneko kronika

Askotarikoak dira bideak

Bigarren urtez, autoekoitzitako diskoak eta liburuak batu ditu Autoekoizleen Plazak.Tarteka patxadaz ibili ahal izan bazen ere, beteta izan ziren atzo ere Landakoko kaleak, ia egun osoan

Mikel Urdangarin izan zen atzo diskoak saltzen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Durango
2015eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Egun arrakastatsua izan zuen atzokoa ere Durangoko Azokak. Eguerdi artean, jenderik falta ez baldin bazen ere, patxadaz ibil zitekeen Landako eraikineko kaleetan barrena, baina arratsaldean nekeza zen aurrera egitea,baita standen eskaintzari lasaitasunez erreparatzea ere. Gaur egingo dute antolatzaileek aurtengo ekitaldiaren balantzea, baina aldez aurretik iragar daiteke zilegitasun osoz ahoskatuko dutela berriro ere arrakasta hitza.

Toti Martinez de Lezearen sinadura biltzeko Erein argitaletxearen standean izaten den ilara azokako jende oldearen neurgailu egokia da egunotan, eta atzokoa ere ez zen salbuespena izan. Jakoba Errekondo ere sekulako arrakasta izaten ari da Argia aldizkariaren standean, Bizi baratzea liburuarekin eta harekin batera oparitutako letxuga landareekin. Horiez gain, Harkaitz Cano, Pako Aristi, Uxue Alberdi, Unai Elorriaga, Patxi Zubizarreta, Jabier Muguruza, Sorkun, Mikel Urdangarin, Anari, Txapelpunk, Alex Sardui, Kalakan eta Korrontziko kideak izan ziren, beste hainbat idazle eta musikariren artean, atzoko sinadura eta iritzi trukearen festa jendetsuan.

Argitaletxe eta diskoetxeentzat ez ezik, beren liburuak edo diskoak inongo argitaletxe edo diskoetxeren babesik gabe argitaratzen dituztenentzat ere plaza garrantzitsu bihurtu da azken urteetan Durangoko Azoka, eta iazko ekitaldiaz geroztik beren gune propioa dute: Autoekoizleen Plaza, autoedizioaren bidetik argitaratutako liburu eta diskoen egileak biltzen dituen gunea. Ohiko erakusmahaiaren ordez, taberna bateko barraren antzeko gune bat daukate han autoekoizleek beren liburu eta diskoak erakusteko.

«Egunero hiru txandatan banatzen gara, eta gutxienez hiru lagun gaude txanda bakoitzean», azaldu du Jose Mari Azpiazuk, Nire barneko mendiak liburuaren egile eta argitaratzaileak. Euskal Herriko nahiz kanpoko mendietan izandako esperientziak kontatzen ditu liburu horretan, ikuspegi pertsonal batetik, haietan egindako argazkiekin ilustratuta. «Ni oso pozik nago autoekoizle izateagatik eta hemen dagoen trantsitoarengatik. Oso kariño handiz hartu gaitu jendeak. Gu gara hemengo pobreak, baina baita bultzatzaileak ere».

Autoekoizpenaren aukera

«Niri sekula ez zait gustatu instituzio publikoen dirua erabiltzea nire lanetarako, ezta ere kate handietan sartzea», azaldu du Azpiazuk. Horregatik, zuenean jo du autoekoizpenera. «Liburu berritzailea egiten saiatu gara,eta saltzeko ere modu berritzaileak izatea bilatzen ari gara. Azken finean, hemen ez duzu liburu asko saltzen, baina erakusleiho ederra da. Gainera, euskara bultzatu nahi dugunok konpromiso bat dugu Durangoko Azokarekin. Horregatik gaude hemen».

Kritikoagoa da Oier Aranzabalen ikuspegia: «Autoekoizpenek plaza bat dute hemen, zerbait bazterrekoa balira bezala, baina gaur egun, musikaren munduan behintzat, diskoen %80 edo gehiago da, berez, autokoizpena. Gaur egun, autoekoizpenak eta diskoetxeak bereiztea anakronikoa da, diskoetxe edo zigilu baten izenpean argitaratutako disko gehienak ere artistak edo taldeek autoekoitzitakoak direlako. Plaza honek ez du autoekoizpenaren benetako errealitatea islatzen, autoekoiezpena, diskoen munduan behintzat, askoz zabalagoa delako».

Lou Topet taldeko kidea da Aranzabal eta Abesti bat gutxiago disko-liburua ekarri du Durangora, taldeak Harkaitz Canorekin elkarlanean ondu eta autoekoitzia. «Estigma moduko bat sortzen du autokoizpenak», Aranzabalen ustez, «pentsarazten baitu bide honetara jotzen duenari ezezkoa eman diotela, aurretik, argitaletxeek edo diskoetxeek, eta ez du zertan hala izan. Gure kasuan, adibidez, guk ez dugu planteatu ere egin diskoetxe batera jotzea. Seguru asko baiezkoa jasoko genuen, baina gaur egungo baldintzekin askoz hobe da lan gehiago egin eta zeuk ateratzea zeure lana».

Autoekoizpenentzako plaza baino nahiago zukeen Aranzabalek erakusmahai normal bat. «Ez dakit zergatik den, baina jendeari deserosoagoa egiten zaio hemen diskoak eta liburuak miatzea eta saltseatzea, stand normaletan baino. Erreparo handiagoa ematen dio. Bisitari batzuk harritu egin dira Harkaitz Canoren lan bat autokoizpena dela jakitean, hori zerbait txarra balitz bezala, edo nola edo nola halako porrot baten ondorioa».

Aurreiritzi horiek denborarekin gainditzen joango direla espero du Aranzabalek, eta uste du azokak lagundu egin beharko lukeela horretan. «Azokak ahalegin bat egin beharko luke enpresa baten bidez egin ez diren autoekoizpenei bidea errazteko. Gaur egungo produkzio molde berriak eta antolatzeko modu berriak nahiko zokoratuta daude azokan.Uste dut gaiari buelta bat eman behar zaiola».

Beste hainbat liburu eta diskoz gain —Maider Agirreren Bihotzero, Txerra Rodriguezen Sutondoko kontuak, Miren Amurizaren Super H hontz zuriaren lurraldean, Borja Estankonaren B Aldea, Suederren Bazan ordue...—, h28 komiki aldizkari satirikoa ere aurki eta eros daiteke Autoekoizleen Plazan.

Azokaren lekorean

Antolatzaileak bitartekorik ez dutenei erraztasunak ematen saiatu arren, bada oraindik ere Durangoko Azokaren ataria baliatzen duenik bere lana erakusteko eta saltzeko. Hori da Lekore literatur aldizkari berriaren kasua. Lau egunez han izan dira txandaka aldizkaria sortu duten idazle gazteak, 20 urte edo gutxiagokoak denak. Itu Bandak sortu du aldizkaria, eta Hiru Damatxo ideia faktoria arduratu da diseinuaz eta maketazioaz. Aldizkaria irekia dago parte hartu nahi duten idazle gazteentzat, eta egun hauetan hainbatek Lekore-ren berri izan eta hartan parte hartzeko gogoa eta asmoa dutela esan diete hura saltzen ari zirenei.

Idazleen, editoreen eta kazetarien aldetik animozko hitzak jaso dituztela esan dute Durangon Lekore saltzen aritutako idazle gazteek: «Gurearekin aurrera egiteko esan digute, hobeto edo okerrago, dudak izan arren, aurrera egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.