Kolonbia. Bake akordioaren krisia

JEP auzitegiak agindu du FARCeko gerrillari disidenteak atxilotzeko

Bost gerrillarik lotura dute trantsizio auzitegia ikertzen ari den kasuarekin. Duquek «narkoterrorista» izendatu ditu armak hartzea erabaki dutenak. Poliziak bederatzi disidente hil ditu operazio batean

Ivan Marquez eta Jesus Santrich FARC-EPko buru ohitzat jo izan dira, eta haiek atzemateko agindu du JEPek, besteak beste. EFE.
Andoni Imaz.
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Bi aldek izenpetu zuten Kolonbiako bake akordioa, 2016. urtean: FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak - Herriaren Armada gerrillak, eta Kolonbiako Estatuak. Prozesua korapilatsua izan da hasieratik, eta aste honetan are gehiago katramilatu da egoera. FARC-EPko gerrillari batzuek borroka armatuaren «etapa berri bat» iragarri zuten ostegunean. Ezer ez da lehen bezalakoa: FARC alderdi politiko bat da egun, Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea, eta Ivan Duque da Kolonbiako presidentea, Juan Manuel Santosen ondorengoa. Alderdiari «zentzugabekeria» iruditu zaio disidenteen erabakia, eta estatua neurriak hartzen hasi da dagoeneko. Borroka armatuaren garaian egindako delituak aztertu eta epaitzeko sortu zuten JEP Bakearentzako Jurisdikzio Bereziak agindu du Luciano Marin Arango Ivan Marquez eta Seuxis Pausias Hernandez Jesus Santrich FARC-EPko buruzagi ohiak atxilotzeko.

JEPek bertan behera utziak zituen FARC-EPkoen atzemate aginduak, eta «abantaila» hori etetea erabaki zuen ostegunean. Hala, armak atzera hartuko dituela jakinarazi duen taldeko bost kide atxilotzeko agindu du. Haien artean daude Marquez eta Santrich buruzagi historikoak, baita Henry Castellanos Garzon El Paisa, Jose Vicente Lesmes Walter Mendoza eta Jose Manuel Sierra Sabogal Zarco Aldinever ere. Hala ere, auzitegi bereziak ez ditu kanporatu bere jurisdikziotik.

JEP 1. kasua izenez ezagutzen den auzia ikertzen ari da: FARC-EPk egindako bahiketak. Haien datuen arabera, 4.000 gerrillari ohi baino gehiago daude tartean, eta 8.000 biktima elkartu dituzte. Kasu hori baliatu dute orain disidenteen aurkako atxilotze agindua emateko, zerrendako gerrillari ohien artean baitaude aurrez aipatutako bost horiek.

Estatuak gogor erantzun du disidenteen aurka. Talde batek berriz armak hartuko dituela jakinarazi eta 24 ordura, Poliziak operazio handi bat egin zuen atzo San Vicente del Caguanen, eta bederatzi gerrillari hil zituen gutxienez. Ez dago loturarik horien eta berriz armak hartzea erabaki duen taldearen artean. Zenbaitek ez zuten bat egin bake akordioarekin, eta gaur egun 24 disidente talde daude herrialdean; 1.800 dira guztira, gutxi gorabehera.

«Gure misioa justizia administratzea da, bakeranzko trantsizioa bermatzeko, eta gizarte ehundura berreskuratzeko». Asmo horrekin sortu zen JEP, 2017an. Santos zen presidente orduan. Apirilean, Duquek erakundearen estatutuetako sei puntu aldatu nahi izan zituen, baina ez zuen kongresuaren babesik izan.

Orain, Duquek JEPi eskatu dio osteguneko adierazpena egin zuten «kriminalak» haren jurisprudentziatik kanporatzeko, «legearen pisu guztia» jasan dezaten. Hark baino gehiago aztoratu du giroa Alvaro Uribek, Kolonbiako presidente ohi eta Zentro Demokratikoa alderdiko buruak. Aukera baliatu du bake akordioaren aurka egiteko. JEP deuseztatzeko eta akordioari maila konstituzionala kentzeko eskatu du.

Duquek ez du bake akordioaren aurka jo, eta FARC-EPko disidenteen kontra egin du zuzenean: «Ez da gerrilla berri baten jaiotza: banda narkoterrorista baten mehatxuak dira», adierazi du. Gainera, aukera baliatu du Venezuela tartean sartzeko, eta esan du «Nicolas Maduroren diktadurak» babesten dituela gerrillariak. Juan Guaido «Venezuelako presidente legitimoaren» babesa jaso duela ere esan du.

Caracasek, Duqueri errua

Diosdado Cabello Venezuelako Asanblea Nazional Konstituziogileko presidenteak gezurtatu du Duquek esana. «Atsekabetu egiten gaitu Kolonbian gertatzen ari denak, 60 urteko indarkeria kiribilean jarraitzeak». Haren hitzetan, FARC-EPko kide batzuek atzera armak hartzeak ez du Venezuelarekin zerikusirik: «Hori ez da hasi Venezuelaren erruagatik: Kolonbian hil egin dutelako hasi da, oligarkiak Jorge Eliecer Gaitan hil zuelako».

Venezuelako Gobernuak ere hitz egin du. Jorge Arreaza Atzerri ministroak atzo esan zuen FARC-EPko disidenteen erabakia Duqueren ardura dela, eta hark ere ukatu egin zituen Kolonbiako presidenteak Caracasen aurka egindako akusazioak: «Sekula ikusi gabekoa da Ivan Duquek, lotsagabekeriaz, modu mespretxagarrian, soilik bere ardura dena beste herrialdeei egoztea». Arreazak Duqueri leporatu zion bake prozesua «eraitsi» izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.