Arrauna

Liga eskuan, Kontxara

Urdaibaik bi bandera eta hamabost punturen aldea dakar Galiziatik. Mikel Calleja arraunlariak liga «bideratuta» ikusten du

Lur Uribarren Urdaibaiko patroia, bandera astintzen, Boiron. EUSKO LABEL LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Bete-beteko asteburua izan da azkenekoa Urdaibairentzat. Galiziatik bi bandera ekarri dituzte Eusko Label ligan, eta bederatzigarren bandera ontziratu zuten arraunlariek igandean, Boiron. Gainera, sailkapen nagusian hamabost punturen errenta ere badakarte, bi estropada horien aurretik bederatzirena zenean bigarrenarekin, Hondarribiarekin. «Bideratua daukagu ligako garaipena», esan du Mikel Calleja arraunlariak (Lekeitio, Bizkaia, 1986). Bi estropada baino ez zaizkie geratzen liga zazpigarrenez irabazteko.

Banderak irabazteko garai guztiak dira egokiak, baina orain lortu izanak balio izan dio Joseba Fernandezen kuadrillari duela bi igande Zarautzen sartu zitzaien arantza ateratzeko: «Talde guztietan izaten da gorriz nabarmendua Zarauzkoa, eta guk igandean galdu genuen bandera, larunbateko lan ona kareletik botaz. Horregatik, Galizian, astebetera, bi bandera irabaztea ona izan da denon morala altxatzeko».

Orain baitute erronkarik handiena Urdaibaiko arraunlariek: iaz lortzeko gai izan ez zirena Bermeora eramatea. Kontxako Bandera preziatua etzi hasiko dira jokatzen, sailkatze estropadarekin, eta datozen bi igandetan jakingo da nor den txapelduna. Callejak ondo begiz jota dauka Donostiako bandera preziatua: «Inoiz ez dut irabazi, eta ea aurten den aurreneko aldia». Buruan eta barru-barruan dauka, aldi berean, iaz irabazi ez izana: «Bandera gurea zen estropada bukatu baino bi minutu lehenago, baina Santa Klara uhartetik helmugarako tartean izandako deskuiduak garesti ordaindu genituen».

Ikasgaia izan zuten iazkoa, gogorra baina ikasteko balio beharko diena, eta horretan da Calleja: «Ez dut uste aurten iazkoa bezalako okerrik egingo dugunik. Gerta daiteke, hau itsasoa delako eta beste baldintza asko eragile erabakigarri bihurtzen direlako, baina kosta behar zaie Urdaibai menderatzea aurten gainontzeko beste aurkariei». Konfiantza handia dago taldearen barruan, eta Callejaren hitzek hori erakusten dute. Baina ez da lasaitasuna ekartzen duen konfiantza: «Oso ondo dakigu estropada ez dela amaituko helmuga pasatu arte. Lehentxeago bideratua izateak ez baitu esan nahi irabaziko duzunik, iaz ikusi genuen bezala».

Arraunlarientzat hauek dira urteko egunik berezienak, denek nahi dutelako taldean sartu: «Ea hamalaukoan naizen», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.