KRITIKA. Musika

Begitartea aldatu gabe

Europa Galante taldeko kideak, artxiboko irudi batean.
Europa Galante taldeko kideak, artxiboko irudi batean. EUROPA GALANTE

Arkaitz Mendoza -

2018ko otsailak 20

Europa Galante

Zuzendaria: Fabio Biondi. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Otsailak 17.

Antonio Vivaldiren inguruan ekoitzitako egitaraua Salamancan (Espainia), Madrilen eta Gasteizen erakutsi dute Europa Galanteko kideek; baina duela astebete Valentzian (Herrialde Katalanak) eta joan den larunbatean Donostian, Stabat Mater egituran oinarritutako musika piezak entzun genituen. Vivaldirenak txalo zaparrada handiak jaso ditu, baina guk zorte txarra izan dugu edo gure programatzaileek interesgarriago ikusi dute beste emanaldia, auskalo! Emaitzak begitartea aldatu gabeko zirrara piztu zidan. Fabio Biondi biolinista ospetsuaren inguruan garatzen den musika barroko talde honen sona ezerezean geratu zen kontzertu atsegin, gustagarri eta polit bat soilik erakutsita. Kalitate gorena desagertuta, Biondiren instrumentutik gozatu beharreko biolin zartadak soinu landugabean, zikin kasu batzuetan. Egunero hainbat hiriburutatik igarotzen diren musika produktu horien nekeak eta kalitatea askotan zalantzatsu jasotzen dira.

Talentu azpimarragarriko zazpikotea behar zuen taldeak Gaetano Latillaren Sol Maiorreko Sinfonia-ren kontrapuntu jolasak eta Johann Adolf Hasseren Fuga eta Grave pasarteen harmonia oinarriak goraipatzeko. Eroso sentitu ziren, musika errazak entzumenerako eta behar adina indar atxikiz, musika irtenbideak onuragarriak izan litezke. Gero eta bakun eta pobreago eskaintzen diguten esku egitarauan ez ziren zazpi musikari horien izenak agertu ere egin, erabaki tamalgarria erabat, batez ere bigarren biolinak frogatutako lan ikusgarriari izen eta abizenak jartzeko aukera ez emateagatik. Biondiren itzalean erne, soinu trinko zehatzean biolin bakar baten lilurak apainduz, izenik ez duen bigarren biolin horri, zorionak! Giovanni Battista Pergolesiren Stabat Mater genuen plater nagusi, eta, nahiz eta estilotik at zebilen Damiana Mizzi sopranoaren agerraldiak jaso, berriz ere emoziorik gabe jaso nuen interpretazioa. Marina de Liso kontraltoak garai hauetako musikak behar ez duen ahots handi boteretsu bat plazaratu zuen, emanaldi itxuroso batean geratu zen batez besteko mailatik irten gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna