Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Ekonomia Geroa ez dago argi

Publizitatea

Ekonomia

Siemens Gamesa. Sektore eolikoaren arazoak

Geroa ez dago argi

Sektore eolikoaren konpainia handienek 8.600 milioitik gora galdu dute burtsan. Haize errotei laguntzak murrizteko planek min handia egin diete
Parke eoliko bat, Erreniega mendian, Nafarroan.
Parke eoliko bat, Erreniega mendian, Nafarroan. JESUS DIGES / EFE

2017-11-14 / Xabier Martin

Errotak haizea falta du. Azken hilabeteotan munduko konpainia eolikoen hauspoa indarra galtzen ari da; ez da bakarrik Siemens Gamesa. Hark bere egiturazko arazoak dauzka bizi duen krisia azaltzeko, noski, baina sektorearenak berezkoak direnak ere nozitzen ditu, bere zuzeneko lehiakideek bezala. Galde diezaiotela Vestas munduko liderrari. Danimarkako konpainiak ia %20ko galerarekin itxi du aurreko astea burtsan, mozkinak eta salmentak txikituko dituela iragarri ondoren; 2017rako aurreikuspenak ere ez dituela beteko onartu du. Kezka handia eragin dute sektorean enkante lehiakorrek eta munduko hainbat merkatutan energia berriztagarrientzako laguntzak apaltzeko planek. Munduko merkatuan hazkunde aurreikuspen argia egonik ere, geroa ez da argi ikusten.

Donald Trump askotariko lazeriak azaltzeko ohiko susmagarriaren izena idatzi behar da orain ere merkatu eolikoaren geldialdia ulertzeko. «Haize errotak itsusiak dira, eta txoriak hiltzen dituzte». Hutsala izanagatik, esaldiak badu eragina. Trumpek bota zuen, Etxe Zurira iristeko mehatxua besterik ez zenean. Orain AEBetako presidentea da, eta energia berriztagarriak instalatzeko dauden hobari fiskalak %30 gutxitzeko plana bene-benetakoa da. Trump energia fosilak suspertzearen aldekoa da, kutsakorragoak izanda ere. Vestasentzat kolpe handia da AEBetako merkatuan egongo diren aldaketak, ez hainbeste Siemens Gamesarentzat. Hark Indian egin du irrist handiena. Oro har, gauzak zailak jartzen ari baitira ia merkatu guztietan. Txinatarren lehiak behera bota ditu prezioak, eta gero eta zabalduago daude enkante lehiakorrak, prezio are merkeagoak finkatuz.

Hazkunde aurreikuspenak

Siemens Gamesaren eta Vestas munduko liderren erorikoak ez dira bakarrak, ordea. Burtsan behera bultzatu dituzte beste konpainia batzuk. Nordexek ia %8 utzi du, eta General Electricek %1,3. Guztira, sektoreko handienek 8.628 milioi euroko galerak izan dituzte euren kapitalizazioetan azken hilabeteetan. Danimarkako liderrak ia 3.000 milioi galdu ditu; Siemenes Gamesak 5.400 milioitik gora, eta Nordexek 1.172 milioi inguru.

Espainiako Acciona lehen inbertitzaile gisa duen konpainiak otsailean ohartarazi zuen ezingo zuela urteko helburua bete; baina orain argi ikusten da Nordexen arazo batzuk, Siemens Gamesarenak eta Vestasenak ere badirela, berezko arantzak denek dituzten arren.

Eta hala eta guztiz ere, munduko eragileek hazkunde aurreikuspen argiak dituzte 2021. urtera arte, bederen. Munduan 800 gigawatt (Gw) instalatuko dira ordurako, aurreikuspen horien arabera; gaur egun, 430 Gw daude, erdia alegia. Energia Eolikoaren Kontseilu Globalak (GWEC) dio 54 Gw instalatu zirela munduan 2016an, eta aurten 60 Gw izango direla. 2021era arte, urtero 75 Gw inguru instalatuko direla dio Delhin plazaratu zuten txostenak, aurtengo apirilean.

Alegia, AEBetan, Indian eta Txinan sortu diren askotariko oztopo berrien gainetik, energia eolikoa gero eta gehiago zabaltzen ari dela. Non dagoen zabalduen? Munduko liderra Danimarka da; bere argindarraren %40 haize erroten bidez lortzen du. Uruguai, Portugal eta Irlanda datoz ondoren, %20tik gorako portzentajeei esker, eta gero Espainia, oraindik %20tik beherako kopuruarekin. Alemania bera %16ra besterik ez da iristen, eta munduan gehien kutsatzen duten herrialdeek, Txinak eta AEBek, %4 eta %5,5 dute, hurrenez hurren.

Merkatu handienak

Baina energia iturria guztiekiko atal eolikoak duen portzentajeetatik harago, merkatu handiena Txina da hain justu ere. Instalazioaren eta mantentzearen negozioaren %30 eskaintzen du Asiako merkatu nagusiak, eta bigarren lekuan AEB dago, %14,6ko kuotarekin. Horregatik eragiten ari dira hainbeste eolikoen aurkako neurri fiskalak eta eragile txinatarren zabaltzea. Europarren artean, Alemanian jartzen dira parke eoliko gehien: %14,3ko kuota globala dauka, AEBen pare. Azken urteetan, India eta Erresuma Batua zerrendaren goialdean sartu dira, %5,6 eta %6,4ko kuotekin.

Merkatuko konpainia liderra, berriz, Danimarkako Vestas da. Gamesarekin bat egin ondoren, Siemens-Gamesa da bigarrena. General Electric dator atzetik (AEB), eta ondoren Goldwing txinatarra. Bosgarren lekuan Alemaniako Enercon ageri da, eta seigarrenean Nordex, orain kapital espainiarra duena.

Publizitatea

Sortu kontua
Xabier Martin Xabier Martin

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak