Euskal nazioa oinarri, kontzertu politikoa eskatu du Urkulluk

Espainiako estatu konfederala proposatu du autonomien «porrotari» aurre egiteko. Beste nazioak aitortu behar direla nabarmendu du
Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Legebiltzarreko saio batean.
Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Legebiltzarreko saio batean. DAVID AGUILAR / EFE

Edurne Begiristain -

2017ko abenduak 5
Lurralde eredua eta autogobernuaren oraina eta geroa hizpide hartuta, hitzaldi bat eskaini zuen atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Bilbon, Deia egunkariaren 40. urtemugaren harira antolatutako ekitaldian. Espainiako autonomien ereduaren krisia eta «denontzako kafea» deritzonaren «porrota» agerikoa dela ziurtatu zuen lehendakariak, eta Espainiak konstituzio erreforma bati heldu behar diola. Urkulluk azpimarratu zuenez, edozein erreformak estatua osatzen duten erkidegoen «berezitasunak» aintzat hartu beharko lituzke, eta, beraz, lurralde ereduak haren baitako nazioen aitortzan oinarritu beharko luke. Arlo horretan, lurralde antolaketa konfederalaren alde egin zuen, beste behin.

Euskal gizarteak nazio gisa garatzeko eskubidea duela eta hori aitortzea «estatuaren beharra» dela uste du lehendakariak. Gainera, iritzi dio eskubide horren aitortzak izan behar duela «eskumen ahalmen handiko» itun politiko berri baten oinarria. «Kontzertu politiko» gisa definitu zuen lehendakariak itun berria.

Urkulluk nabarmendu zuenez, Espainiaren lurralde ereduaren erreforma aurrera eramateko orduan, akordioa eta ituna ezinbesteko tresnak izango dira, besteak beste, horien bitartez «nazio sentimendu eta subiranotasun kontzeptu ezberdinak» uztartu daitezkeelako. Bide horretan, Eusko Jaurlaritzaren «euskal bideak» akordioa lortu nahi duela gogoratu zuen. Haren irudiko, duela gutxi Rajoyren gobernuarekin adostutako kontzertu ekonomikoaren eta kupoaren legeek erakutsi dute «euskal bidearen» eta «aldebikotasunaren» balioa, eta itun horiek eredu ezin hobeak dira esparru juridiko politikora eramateko.

Hala, kontzertuaren eta kupoaren irizpideak eta filosofia —«akordioa, ituna eta aldebikotasuna»— politikan ezartzeko eskatu zuen. Lehendakariaren ustetan, kontzertu ekonomikoak «oinarri sendoa» eskaintzen du estatuarekin harreman eredu berria eraikitzeko, sistema horrek lau ezaugarri biltzen dituelako: «ituna, legezkotasuna, elkartasuna eta aldebikotasuna».

Kontzertua eredu gisa

Azkenaldian kontzertuaren eta kupoaren aurka egindako «kritikak» eta «demagogia» baztertu, eta bi itun horien aldeko argudioak eman zituen: batetik, EAEk «aldebakarreko arriskua» bere gain hartzen duela, bere gastuetarako behar dituen baliabideak biltzeaz arduratzen baita; eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek ez diotela «ezer ere» eskatzen estatuari, alderantziz, «elkartasunez» jokatzen dutela.

Itun horien defentsa egiteaz gain, kontzertu ekonomikoa estatuaren finantzaketa auziari konponbidea emateko «erreferentzia» gisa jarri zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna