Sergio Valdeolmillos. Delteco Gipuzkoa Basketeko entrenatzailea

«Neronek ere ez dakit zer maila emango duen taldeak»

Bihar ekingo dio ACB ligari Delteco Gipuzkoa Basketek, Fuenlabradaren aurka. Sergio Valdeolmillosek errealista izan nahi du, eta, ilusioz gainezka egon arren, «sufritzeko sasoi bat» izango dela uste du.

GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Aurreko denboraldian Baskonian bigarren entrenatzaile lanak egin eta gero, berriro ere ACB ligako talde baten lema hartu du Sergio Valdeolmillosek (Granada, Espainia, 1967). Delteco Gipuzkoa Basketek eman dio aukera hori. 26 urte egingo ditu goi mailan, eta horrek ematen duen eskarmentuarekin erantzun ditu galderak.

Denboraldi-aurrea ez zenuten nahi bezala amaitu. 20 punturen aldeaz galdu zenuten Retabet Bilbo Basketen kontra Euskal Kopako finalean. Porrot horrek zalantzak sortu ditu taldean?

Normala da bai kazetarien eta baizaleen artean zalantza sortu izana. Guretzat ere kolpea izan zen, ez dut ukatuko. Partida ikusi dugu, eta ondorioak atera ditugu. Batetik, taldea egokitzeko prozesuan dago oraindik. Jokalari asko min hartuta egon dira, eta beste batzuk iritsi berri dira. Bestetik, uneren batean etsi egin genuen, eta hori ezin zaigu gertatu. Sufritzeko eta borrokatzeko talde bat gara. Dena den, sasoi-aurrean ligan aurkari izango ditugun hainbat talderen aurka jokatu dugu, eta ondo lehiatu gara. Hori oso berri ona da.

«Arrisku puntu bat» duen talde bat osatu duzuela esan izan duzu. Nahi zenuen gisakoa al da?

Arrisku puntu hori onartu egin dugu. Fitxaketetako batzuk arazo fisikoekin etorri dira. Agian, arazo horiek izan ez balituzte, ez ziren etorriko. Baina hori aprobetxatu dugu, eta, behin osatuta, ikusiko dugu haien maila. Azken batean, klubak dituen baliabide ekonomikoekin, egin ahal dugun talde mota da. Oso identifikatuta sentitzen naiz ekarri ditugun jokalarien ezaugarriekin.

ACB ligako aurrekontu txikiena edukita, nola izan da jokalariak fitxatzeko prozesua? Lehen aukerak izan dira?

Hori errealitate bat da. Pentsa: gure aurretik aurrekontu txikiena duen taldea Breogan da, etaNorel eramatea lortu zuen. Fitxaketak ez dira izan ez lehen, ez bigarren, ez hirugarren aukera. Baina hona etortzeko ilusioa eta gogoa zuten. Hori bilatu dugu. Ez genituen nahi soilik ikuskizuna ematera zetozen jokalariak. Guretzat garrantzitsuena zen talde gisa jokatzeko gai den multzo bat osatzea. Aurreko urtean horrek funtzionatu egin zuen, eta asmoa bera da.

Aurreko sasoian, Porfi Fisac entrenatzaileak eta Bully Oyon begiraleak egiten zituzten fitxaketak. Berdin egin al duzue lan?

Bai. Bullyk txostenak egin ditu, eta gero bien artean hartu ditugu erabakiak, betiere German Cearen [kudeatzailea] oniritziarekin. German beti hor dago, isilean lan egiten.

Jorge Gutierrez joko antolatzailea ondo ezagutzen duzu Mexikoko selekzioko hautatzaile izan zinenetik. Zer emango dio taldeari?

Leku batean baino gehiagotan joka dezakeen jokalari bat da. Antolatzaile eta eskolta gisa ondo moldatzen da. Ez ditu puntu asko sartzen, baina talentu handia du. Taldekideei hobeak izaten laguntzen die. Defentsan ere ondo aritzen da, fisiko ona du. Min hartuta egon da, baina, ezusterik ezean, iganderako jokatzeko moduan egongo da.

Garrett Nevels izan da zaleen artean ikusmin handiena sortu duen beste fitxatua. Zer nabarmenduko zenuke haren inguruan?

Saskiratzaile ona da, eta jokalari zaila defendatzeko. Baina gurearen moduko talde motz batean, jokalari bat ezin daiteke etorri soilik puntuak sartzera. Gauza gehiago egin behar ditu. Horrek egingo gaitu hobeak. Nevelsi eskatu nahi diogun lehenbiziko gauza defentsako lana da. Ahalmen fisiko handia dauka, eta asko lagun diezaguke lan horretan.

Nola dago Vitor Faverani? Eperik jarri duzue haren inguruko erabakiren bat hartzeko?

Belaunak minduak ditu. Osatzen hasi zen, baina geratu egin behar izan du. Pazientziaz hartu behar da haren osaketa. Horregatik fitxatu dugu Sekulic. Baina ez dugu eperik jarri erabaki bat hartzeko. Orain gu ari gara hari osatzen laguntzen, eta ikusiko dugu gerora hura gu laguntzeko moduan dagoen. Jokalari bakar batek ere ez digu enbarazu egiten. Gainera, haren kontratua ez da zama bat klubarentzat. Lasai gaude.

Sekulicen eta Alberto Corbachoren eskarmentua funtsezkoa izango da, ezta?

Bai. Sekulic, Corbacho eta Van Lacke dira eskarmentu gehien duten jokalariak. Hirurekin oreka bat lortu nahi dugu jokalari gazteen eta eskarmentudunen artean. Haien ekarpena oso inportantea izango da. Baina, adin kontua alde batera utzita, oso garrantzitsua iruditzen zait iragan sasoitik taldean segitzen duten jokalariek aurrerapauso bat ematea: Danik [Perez], [Miquel] Salvok, [Xabi] Orozek... Gaizkak [Maiza] ere oso denboraldi-aurre ona egin du. Ikusiko dugu zer ematen duen sasoian. Denen beharra daukagu. Izan ere, aipatu bezala, talde motza dugu. Gure taldean, jokalari bat gaizki badago, ez du ordezkatzen sasoi hobean dagoen batek. Denek egon behar dute sasoi betean, ondo lehiatzeko.

Errealistak izanda, zein izan daiteke taldearen maila?

Neronek ere ez nuke jakingo. Esan bezala, ezohiko denboraldi-aurrea izan dugu. Jokalari asko izan ditugu min hartuta, eta baten bat azken unean iritsi da. Beraz, sasoia aurrera joan ahala ikusiko dugu zein den taldearen benetako maila. Oraingoz esan dezakedana da taldearen egunerokoa ona dela. Ondo ari da lanean. Ez dut kexarik. Dena den, ez dut kerik saldu nahi. Hasiera batean, taldearen osaera ikusita, mailari eusteko borrokan egoteko talde bat da.

Sufritzea egokituko da, beraz?

Hasiera batean hori dirudi. ACB liga munduko liga indartsuenetan bigarrena da, eta ahalmen ekonomikoak asko baldintzatzen du. Hori dela eta, horretarako prest egon behar dugu, batez ere psikologikoki. Baina saiatuko gara ahalik eta gutxien sufritzen. Aurreko urtean ere, mailari eustea zen helburua, eta gero dena ondo atera zen. Hori espero dugu orain ere.

Zer talde ikusten dituzu mailari eusteko borroka horretan?

Ez nuke jakingo. Baina argi dago aurreko sasoian inork ez zituela aipatzen jaisteko hautagaien artean Betis eta Bilbo Basket, eta mailaz jaitsi ziren.

Borroka are handiagoa izango da aurreko sasoiko igoeren eta jaitsieren ostean?

Bai. Taldeen osaeran argi ikusi da hori. Manresa, Breogan, Burgos... oso ondo indartu dira.

Jokoari dagokionez, Porfi Fisacen bide beretik segitu nahi duzu?

Dituzun jokalariek baldintzatzen dute jokatzeko modua, baina nire taldeen oinarria beti izanda defentsa. Hortik abiatzenda dena, eta kasu honetan ere hala izatea nahi dut. Talde sendoa nahi dut atzean, borrokalariaeta amore emango ezduena. Hala izanda, uste dut erasoan ondo moldatuko garela, etaez dugula horrenbeste arazo izango.

Fisaci taldearen inguruko guztia kontrolatzea gustatzen zitzaion. Zu ere horrelakoa al zara?

Nik pistakoa kontrolatu nahi dut. Nahikoa lan dut horrekin. Hortik aurrera, beste gauzen inguruan galdetzen badidate, nire iritzia emango dut. 26 urte daramatzat honetan, eta badut esperientzia horretarako. Baina ez dut ezer kontrolatzeko interesik. Ez dut ez gogorik eta ez gaitasunik pistatik kanpo ezer kontrolatzeko.

Ardura handia da hura ordezkatzea?

Argi dago lan handia egin duela, eta aitortu egin behar zaio. Haren arrastoak hemen segitzen du. Ardura baino gehiago, ilusioa dut gauzak ondo egiteko. Baina hura ordezkatzea ez da zama bat niretzat.

Hitz egin duzu harekin? Zer aholku eman dizu?

Porfik oso ondo hitz egin dit klubaz eta hemen dauden pertsonez. Oso gusturaeta lasai lan egiten den leku bat dela esan dit, entrenatzaileak asko babesten dituztelako. Baliabideak direnak direla ere esan dit.

Emaitza onei esker, taldeak egonkortasuna lortu zuen. Espero duzu horri eustea, nahiz eta gauzak ondo ez joan?

Bai, noski. Lana ondo eta normal egiten denean, egonkortasuna dago. Baina beti dago arrisku bat. Ikusiko dugu nola doan denboraldia. Baina bai Nekanek [Arzallus presidentea] eta Germanek zentzuz hartzen dituzte erabakiak.

Illunbe gustuko duzu? Izan ere, eztabaida asko dago horren inguruan.

Egia esan, ez dut horren inguruan asko pentsatu. Gure eskura daukagu egun osoan, entrenatzeko eta jokatzeko, eta hori da inportanteena; izan ere, Estudiantesen, adibidez, ordutegiak begiratzen egon behar genuen. Leku hotza dela diote, baina nik uste dut baldintzak onak direla. Gustatuko litzaidake ikusleak biltzea, taldea babestua sentitu dadin. Hori gure esku dago. Ondo jokatzen badugu, jendea etorriko da. Espero dugu aurrez emandako aurrerapausoari eustea. Izan ere, denen beharra izango dugu, denboraldia gogorra izango baita.

Astebetean Fuenlabradaren, Zaragozaren eta Baskoniaren aurka jokatu behar duzue. Nola ikusten duzu liga hasiera?

Fuenlabradaren aurkakoa oso garrantzitsua da, etxean jokatzen dugulako eta lehenengoa delako. Zailena Baskoniarena da, noski. Fuenlabradari erreparatuta, talentu handia du, eta espero dut gu atzean haiek baino hobeak izatea. Hori egiten badugu, irabazteko aukera izango dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.