Uren kalitatea elkarrekin kontrolatuko dute Urak eta Osasun Sailak

Ibai Maruri Bilbao.
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Ura agentziak uraren kalitatea neurtzeko eta kontrolatzeko akordio bat adostu dute. Edateko eta bainurako uraren kontrolaren ardura dute biek. Edateko urari dagokionez, tratatu aurreko horniduraz arduratzen da agentzia, eta tratatu ostekoaz, berriz, Osasun Saila. Bainurako uretan, bainatzen den lekukoaz arduratzen da Osasun Saila, eta ingurukoaz, Ura. Hitzarmen honekin, kontrol osoa elkarrekin egingo dute, uraren ziklo osoa «biribiltzeko». «Elementu komuna dugu: ura. Baina legeak aitortzen dizkigun eskumenak ezberdinak dira. Lana bateratuko dugu, eta baita lortutako informazioa ere», azaldu du Urako teknikari Alberto Manzanosek.

Aitortu du aldaketa ez dela oso nabarmena izango. Bi erakundeetako langileek osatutako lantaldeak eratuko dituzte. «Batez ere koordinazioa ekarriko du. Era berean, batzuek eta besteek ditugun baliabideak hobeto aprobetxatzeko balioko du». Adibidez, aurrerantzean analisi guztiak Osasun Sailak dituen laborategietan egingo dira.

Gogora ekarri du iazko uda hasierako egun batzuetan bainua hartzeko debekua egon zela Bizkaiko hondartza batzuetan. Osasun Sailak esan zuen hondartzetan hartutako laginetan ura ez zela bainurako modukoa, baina ez zen azalpenik eman. Enpresaren produktu toxikoak isuri zituela zabaldu zen sare sozialetan, eta hedabide batzuek oihartzuna eman zioten susmo horri. «Berez, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak du isuririk ez gertatzeko ardura. Isuriak daudenean, normalean euriteengatik izaten da: ur zikinen sareak gainezka egiten du, eta araztu gabeko ura iristen da ibaietara». Hori gertatu zen.

Hitzarmen honekin, halako gertaerei guztien artean egingo diete aurre, eta bereziki gizarteari informazio osoa ematen ahaleginduko dira hasieratik. «Oro har, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako uraren kalitatea ona da, eta garrantzitsua da herritarrek hori jakitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.