Ongietorrirako babes sarea

Europaren kokatze programako lehen errefuxiatuak Euskal Herrira heldu dira, tokiko administrazioak harrerarako prestatzen hasi eta bi hilera. Iheslariei oinarrizko beharrak asetzeko beharko dituzten baliabideetan zentratu dituzte lanak, informazio faltaz kexu badira ere.

Siriako gatazkatik ihesi, Mazedonian Bosniarako tren bat hartzeko zain dagoen errefuxiatu talde bat. VALDRIN XHEMAJ / EFE.
Nora Arbelbide Lete - Jon Rejado
2015eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Beharra dagoenean bat-bateko erantzuna emateko prest egongo gara». Ia bi hilabete dira Angel Toña Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuak hitz horiek esan zituenetik, Siriako gatazkak eragindako iheslarien krisiaz mintzatzean. Bada, errefuxiatuak heltzen hasiak dira: Lanpedusatik (Italia) hiru eritrear iritsi ziren igandean Bilbora. Baina zer lan egin dute Euskal Herriko administrazioek haien harrera ahalbidetzeko?

Ipar Euskal Herrian zenbait lan ildo abiarazi dituzte, baita ekinbideak iragarri ere, errefuxiatuen gizarteratzea errazteko; ordea, ez dute ezer zehaztu. Nafarroako Gobernuko zein Jaurlaritzako ordezkariek informazio falta dagoela kritikatu dute: iheslariak noiz, nondik eta zein kopuruan helduko diren jakin gabe zaila dute erabaki zehatzak hartzea. Halere, prestatzeko lanak «etengabeak» izan direla azaldu dute, oinarrizko beharrak asetzera bideratutakoak, bereziki. Hona arloz arlo antolatu dituzten baliabideak:ETXEBIZITZAErrefuxiatuak hartzeko premiazko baliabide nagusia da etxebizitza. Euskal Herriko administrazioak eremu hori indartzeko lanean ari dira aspaldi. Ipar Euskal Herrian errefuxiatuen aldeko azken elkartasun uholdearen emaitza konkretuak herritarren artean dira ageri. Administrazio eta udalen aldetik, mementoko, errefuxiatuak errezibitzeko libre diren bizitegien zerrenda egitera gonbidatu ditu udalak Pirinio Atlantikoetako prefetak.

Dena den, Baionan bada errefuxiatuen errezibitzeko egitura bat, aspalditik: Atherbea. Egoitzan, asilo politikoa eskatu duten 60 bat pertsona laguntzen ditu CADA egiturak. Baina ez dute urgentziako harrerarik eskaintzen bertan. Frantziako estatuaren eskumenen mendean da; ez die baliabiderik igo, ordea. Laguntzen dituzten pertsona gehienak Europa ekialdetik helduak dira.

Hego Euskal Herrian etxebizitza baliabidea, hasieran, harrera prozesuan lagunduko dieten elkarteek eskainiko dute: CEARek, Gurutze Gorriak eta Accemek. Elkarteen egoitza baliabideak beteko balira, Hego Euskal Herriko bi administrazio nagusiek eskainitakoak baliatuko lituzkete. Alde horretatik, baliabide egokiak zehazteko bi irizpide finkatu dituzte Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Batetik, iheslarien intimitatea bermatuko duten bizitokiak izango dira; hau da, aterpeak saihestuko dituzte, «ezohiko» egoerak gertatzen ez diren bitartean. Bestetik, baliabide publikoen alde egingo dute.

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du ez duela etxebizitza errolda berezia egingo. Hau da, jaso dituen etxebizitza eskaintza guztiak egun indarrean dagoen sistemara bideratu ditu: Alokabide babestutako alokairua kudeatzen duen elkarte publikora, hain zuzen. «Errefuxiatuen harira sortutako elkartasuna behar egoeran dauden pertsona guztiei laguntzeko baliagarria izan litekeela pentsatu dugu», azaldu dute Enplegu eta Gizarte Politiketarako Saileko iturriek. Alokairuko etxebizitza nahiko egongo ez balira, Visesako salmentarako etxebizitza parketik alokairukoa indartzeko aukera ere mahai gainean dago.

Nafarroako Gobernuak, bitartean, hiru etxebizitza ditu errefuxiatuei eskaintzeko moduan, eta, behar izanez gero, beste hiru egokitu ditzake epe laburrean. Halaber, udalek eta herritarrek eskaini dituzten 50 etxebizitzen zerrenda zehaztu du.HEZKUNTZAEusko Jaurlaritzak behin baino gehiagotan nabarmendu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoak «erraz» har ditzaketela mila errefuxiatu.Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko iturriek hezkuntza sistema baliatu dute adibide gisa. Datu zehatzik ez badago ere, aurreko ikasturtean 4.000 ikasle eskolatu zituzten ikasturtea hasita zegoela; horien erdia inguru Euskal Herritik kanpo heldu ziren.

Ikasturte honetan, Eusko Jaurlaritzak ikasle atzerritarren laguntzari dagokion diru saila apur bat indartu du Eusko Jaurlaritzak. Ordea, tokiko iturriek nabarmendu dute nekez har dezaketela erabakirik errefuxiatuak heltzen diren bitartean, zaila baita halakorik egitea jakin gabe zenbat ume iritsiko diren, zein adinekoak izango diren... Edonola ere, aurretik ere zehazten ari dira zein egoeratan dauden aukeran dauden etxebizitzen alboko ikastetxeak, umeen banaketa egokia egiteko, sistema «ez tenkatzeko».

Nafarroako Gobernua ere indartzen ari da eskolaratze prozesuan laguntzeko eta «babes berezia» eskaintzeko baliabideak, errefuxiatuak iristen direnerako. Halaber, heldutako pertsonen egonaldia luzatuko balitz, hizkuntza ikasteko zerbitzuak indartzeko aukera ere aztertzen ari da.OSASUNAEusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak nabarmendu dute Osakidetzak eta Osasunbideak «aise» har ditzaketela bere gain iheslarien osasun arreta. Ardura bakarra itzulpengintza zerbitzuei dagokie. Hasieran azterketa orokorrak egiteko eta aurreragoko hitzorduetan elkar ulertzeko, itzulpengintza zerbitzua indartzeko aukera aztertzen ari dira; horretarako, zenbait elkartek laguntza eskaini diete.

Iheslarien harrera prozesua ikuskatuko duten elkarteak arduratuko dira arreta psikologikoaz; ordea, administrazioak behar beste laguntza eskaini die.IZAPIDE ADMINISTRATIBOAKErrolda eskubideak aitortzen hasteko pausoa den heinean, hori egiteko irizpideak bateratzen ari dira. Eudelek, adibidez, lantalde berezi bat abiarazi du horretarako. Bestalde, asilo eskaerarekin bat datozen tramiteak egiteko, iheslariek CEAR, Gurutze Gorria eta Accem elkarteen laguntza jasoko dute.HERRI EKINBIDEAIpar Euskal Herrian, bizkitartean, gizarte zibila ere ari da antolatzen. Bi sare nagusi zehaztekotan, bata Bestearekin kolektiboarena da. Sei elkarte biltzen ditu bere baitan, tartean, Emmaus, Cimade edota Sokorri Katolikoa. Asilo eskubidea ukatu dieten familiak ditu laguntzen, haur adingabeak dituztenak. Beren egoera administratiboa erregularazteko urratsak egiten ari dira denak. Batzuetan herriko etxe batzuen laguntza ere badute.

Beste sare bat AEMO elkartea da. Ekialdeko gutxiengoen elkartasunezko elkartearen bidez jadanik iritsia da gutxienez Irakiar familia bat Ipar Euskal Herrira. Beste bat errezibitzeko eskaera bat ere bada egina. Zehaztekoa da Ipar Euskal Herrian ez dagoela gehiago indarrean «elkartasun deliturik» 2012ko abendutik.

Hego Euskal Herrian gizabanakoen ekimena elkarteetara bideratzen ari da, hein handian, administrazioa. Halaber, elkarteen artean «sareak» sortzeko ekinbideak hasi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.