AEBek Turkiaren eta kurduen arteko akordio bat lortu nahi dute

Siriako Kontseilu Demokratikoaren arabera, Washingtonek Ankara konbentzitu nahi du bilera bat egin eta «egoera lasaitzeko»

Siriako kurduen miliziako kideak, Kobane hirian, artxiboko irudian. STR / EFE.
Erredakzioa
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
SDC Siriako Kontseilu Demokratikoaren arabera, AEBen asmoa da Turkiak eta kurduen ordezkariek akordio bat egitea. «Kezkatuta daude bi aldeak borrokan has litezkeelako, eta biak aliatutzat dituztelako», adierazi dio Ilham Ahmed SDCko buruzagiak AP albiste agentziari. SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizio militarraren baliokide politikoa da SDC, eta milizien kasuan bezala, SDCn kurduen erakundeak dira indar nagusia. Ahmeden arabera,AEBen plana «ez dago argi», baina Ankarak SDCrekin bilera bat egitea nahi dute, «egoera lasaitu eta [Siriako Kurdistan] babesteko konponbide bat lortzeko».

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak herenegun egin zuen Siriako kurduen aurkako azken mehatxua. «Siria iparraldean eremu seguruak sortu nahi ditugu, Turkian dauden lau milioi siriar etxera itzul daitezen». Iparraldeko eremu horiek Kurdistangoak dira, eta hango erakundeek modu autonomoan agintzen dute, Ipar Siriako Federazio Demokratikoa izeneko lurralde egituraren barruan. Turkiak «talde terrorista» izendatuak ditu kurduen erakundeak eta miliziak, eta Siriako gerran etsai nagusitzat ditu.

«Turkiaren kontrolak esan nahiko luke eremu horiek talde terroristek kontrolatuko lituzketen kolonia turkiarrak bilakatuko liratekeela», adierazi du Ahmedek, SDCko buruzagiak. Turkiak muturreko talde islamistak lagundu izan ditu kurduen milizien aurka jotzeko —esate baterako iaz, Afrin barrutiaren inbasioan—. Ahmedek azaldu du AEBek Turkiarekin dituzten negoziazioez gain SDC Errusiarekin ari dela negoziatzen, Moskuk bitartekari gisa egin dezan koalizioaren eta Siriako Gobernuaren artean. «Oinarrizko puntu batzuetan ados jarri behar dugu aurrera egin ahal izateko».

EIren aurkako borroka

Kurduen miliziak eta AEBak 2014an aliatu ziren EI Estatu Islamikoaren aurka jotzeko. EIk eremu txiki batzuk kontrolpean ditu oraindik Siria ekialdean. SDF koalizioak atzo adierazi zuen «pare bat asteren buruan» guztiz garaituko dutela muturreko talde islamista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.