Eibarrek Valentzia izango du aurkari gaur, Ipuruan

Ondo jokatzen segitu nahi dute etxekoek, eta garaipena gehitu joko on horri. Jordan jokatzeko dago, txartelen zigorra bete eta gero

Aitor Manterola -

2018ko abenduak 15
Futbol gosez eta joko ona ikusteko irrikaz joango dira gaur ere Eibarreko zaleak Ipuruara. Sekula ezin da aurretik bermatu talde batek nola jokatuko duen, baina Eibarrek konfiantza ematen die, azkenaldi luzean ondo ari baita; batez ere, etxean. Aurkariak baino gehiago izan da partida askotan, eta zailena falta izan zaio: joko onari garaipena gehitzea, golak sartzen asmatzea eta opariak ez egitea. Adibide ona da aurreko igandean Levanteren aurka gertatu zitzaiona [4-4 berdindu zuen]. Valentzia baino gehiago izaten ere saiatuko dira Jose Luis Mendilibarren jokalariak gaur, eta, eraginkortasuna lagun, puntuak hirunaka batzea da asmoa, jaitsierarekiko tartea gehiago handitzeko.

Entrenatzaileak badu pozik egoteko motibo bat gaurkoari begira, Joan Jordan jokatzeko moduan baita berriz ere, partida bateko zigorra bete ondoren. Gauzak bere-berean direla, hamaikakoan behar luke, baina oso kontuan hartzekoa izan zen aurreko igandean Levanteren aurka aritu zirenek egindako lana, eta ez litzateke harritzekoa izango gaur ere orduko hamaikako bera azaltzea.

Mendilibarrek osatu du hamabost bat jokalariko multzo fidagarria, eta horietako edozeinek jokatzea berme ona da taldeak ondo jarraitzeko. Orain arte, behintzat, hala izan da. Ipuruan, hamalau puntu batu ditu taldeak, lau partida irabazita eta bi berdinduta. Hor ari da indartsu.

Valentzia gainean dauka sailkapenean, puntu batera, eta bederatzi puntu atera ditu etxetik kanpo. Uste baino apalago dabil, dena den, eta, Mendilibarren ustez, hau da arrazoia: «Emaitza onak atera ezinda dabil, Txapeldunen Ligan ere ari denez horrek nekea eragiten duelako. Oso zaila da astean bi partida gogor jokatzea». Entrenatzaileak gaineratu du aurkariak arriskurik handiena kontraerasoan duela.

EIBAR-VALENTZIA

Eibar. Riesgo; Peña, Oliveira, Ramis, Jose Angel; Orellana, Diop, Escalante, Cucurella; Enrich eta Jordan.

Valentzia. Neto; Wass, Garay, Gabriel, Gaya; Soler, Parejo, Coquelin, Xeryxev; Mina eta Rodrigo.

Epailea. Cordero Vega.

Lekua. Ipurua (7.083 ikusle).

Ordua. 20:45 (Bein La Liga).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna