«Lotura» hautsi baita

Sabalzarentzat, «mingarria bezain beharrezkoa» izan da Martinezen kaleratzea. Zaleen ilusioa berreskuratzea jarri du helburutzat
IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko ekainak 8
Ezohiko giroa arnastu da Sadarren bukatu berri den denboraldian. Osasuna gozakaitz aritu da etxean: apala izan da gorritxoen jokoa, eta emaitzak ere halakoxeak izan dira. Hori gutxi ez, eta partida gehienetan ez zaie ohiko jarrera grinatsurik atzeman. Alegia, betiko Osasunaren antz gutxi izan du sasoi honetako taldeak, eta, hala, apurtu egin da zaleen eta jokalarien arteko batasuna. Bada, behin sasoia amaituta, Diego Martinez kargutik kentzea eragin du horrek. Herenegun eman zuen klubak erabakiaren berri, eta atzo arrazoitu egin zuen Luis Sabalza presidenteak, Braulio Vazquez kirol zuzendariarekin batera. Sabalzaren esanetan, harmailen eta taldearen arteko «loturarik eza» izan da aldaketa eragin duen aldagai nagusia.

Presidenteak autokritika eginaz hasi zuen agerraldia. Haren hitzetan, «inor» ez dago konforme kirol esparruan lortutako emaitzekin. «Aurreikuspen batzuk zeuden, eta ez dira bete. Hutsegitea onartu behar dugu». Edonola ere, azpimarratu zuen itxaropen horiek «neurriz kanpokoak» izan zirela kasu askotan, eta hori «hedabide eta talde askok» erabili dutela Osasunaren aurka. Hala, gorritxoei presioa kudeatzeko gaitasuna falta omen izan zaie. Edonola ere, Sabalzak ez du edalontzia erabat hutsik ikusten. «Niretzat, Bigarren Mailan duin aritzea zen helburua. Hori lortu dugu neurri batean, zortzigarren izan garen heinean».

Osasunak Lehen Mailara igotzeko hautagai sendo gisa ekin zion denboraldiari, sasoi-aurrean eginiko 3,6 milioi euroko inbertsioa tarteko. Sabalzaren hitzetan, «dirua xahutu den sentsazioa» eman nahi izan da sektore batzuetan, baina hori ez omen da erreala. «Errealitatea beste bat da. Jokalarien truk jasotako 4 euroko 1 erabilita egin zen taldea. Hala ere, uste dut aurreko sasoian baino talde hobea genuela, eta postu hobea lor genezakeela».

Emaitzek ez dute Sabalza ezustean harrapatu; bai, ordea, zaleen deskonexioak. Hala, beharra ikusi dute Diego Martinezen aroari amaiera emateko, «mingarria» izanagatik. Teknikari galiziarrak metodologia mailan egindako «ekarpen handia» eskertu zuen. Horiek hala, helburu bat ororen gainetik jarri zuen datorren denboraldiari begira: zaleen ilusioa berreskuratzea. «Sadarreko batasun giroa berreskuratu nahi dugu. Hori da kirol helburuak lortzeko bidea». Diegoren ordezkorik oraindik ez dute; jakina da, ordea, Sabalzaren agindupean Osasunak izango duen zazpigarren teknikaria izango dela.

Ez da hutsetik hasiko

Brauliok eman zion Diegori kargugabetzearen berri. Kirol zuzendariak «aurreikuspen handiegiei» egotzi zien porrotaren errua. «Itxaropen handiek frustrazio handia eragiten dute. Talde ona genuen, baina ez esan izan den bezain indartsua. 1-0 irabazten genuenetan, ematen zuen barkamena eskatu behar genuela». Halaber, adierazi zuen taldea «desorekatuta» zegoela, «hutsuneak» zituelako postu jakin batzuetan, eta apur bat «itsutu» zela aurreko sasoian adina gol ez jasotzearekin. Hark ere beharrezkotzat jo zuen Martinezen kontratua etetea: «Bestela zalantzaz beterik ekingo geniokeen sasoiari».

Etorkizunari dagokionez, ez dute proiektu berri bat sortuko; hori egin beharrean, abiaturikoa «sendotuko» du Osasunak. Horretarako, ez omen dira merkatuan gehiegi mugituko. «Ikusi beharko da zenbat jokalari irteten diren, baina garrantzitsuenak ez badoaz, jokalari gutxien fitxatuko duen taldea izango gara». Luze gabe, bederatzi jokalari irten daitezke Osasunatik, baina kirol zuzendariak ez zuen iragarpenik egin nahi izan. Helburuez mintzatzeko, berriz, ez zuen erreparorik izan: «Ez gara izango igotzeko faboritoak. Lehen helburua batasun giroa sortzea da, eta gero ikusiko dugu txapelketak nora eramaten gaituen», azaldu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna