Arrauna. Eusko Label liga. Ioseba Amunarriz. Hondarribiako patroia

«Zenbat aldiz galdu behar izan dugun Zarautzen gero irabazi ahal izateko»

Zarauzko estropada preziatuaren palmaresean, bitan 'bakarrik' ageri da Hondarribia. Aurten irabazi izanaz, irabazteko moduaz, Eusko Label ligaz eta Kontxako kontuez ere hitz egin du Ioseba Amunarriz patroiak.

AITOR MANTEROLA.
Aitor Manterola Garate.
Hondarribia
2018ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Asteburuan ibilitako hiru traineruak atoien gainean daude Hondarribiaren egoitzan. Horietako baten patroi da Ioseba Amunarriz (Hondarribia, Gipuzkoa, 1978), Ama Guadalupekoa urteetan zuzen asko gidatzen ari dena.

Mikel Orbañanosek hau esan zuen igandean: «Larunbatean hasi ginen bandera irabazten».

Baietz uste dut. Larunbatean, hirugarren luzean hasi ginen Urdaibari heldu nahian, ahalik eta gutxiena galtzeko. Azken luzean oso ondo etorri ginen, lau segundora ere jartzea lortu genuen, baina, olatu baten eraginez, zortzi segundo atera zizkigun. Ikusi genuen gai ginela igandean estropada irabazteko.

Larunbateko hirugarren luzean egin zenutena egiteko, Urdaibairi ez utzi gehiago alde egiten, erritmoa bizitu beharko zenuten, baina arraunketa galdu gabe. Erraza ematen du, baina ez da, ezta?

Arraunketa ez galtzea da gakoa, eta minutuko pare bat pala kolpe bizitu erritmoa. Arraun egiteko modua galduz gero, itotzeko arriskua dago. Zaila da egiten; taldea ikusi behar da nola doan une horretan. Nahikoa da arraunlari batek edo bik lana ez egitea behar bezala trainerua makaltzeko. Hamalauok tematu ginen ezin zigula Urdaibaik alde handia atera, eta lortu egin genuen.

Igandean, atentzioa eman zuen lehen luzetik egin zeniotela hanka Urdaibairi.

Kalea ona zen kanpora joateko, eta Urdaibairena ez zen hain ona hasierako minutuan. Baina bueltarako uste dut haiena, aurreneko kalea, hobea zela. Ondo atera ginen; konfiantzaz geunden hasieratik lan ona egin eta pixkanaka aldea gutxitzeko. Azken batean, gu gure estropada egitera atera ginen.

Harritu egin zinen lehen luzean lau segundo aurretik joanda?

Pixka bat bai. Guk espero genuen pare bat segundo aurretik iristea lehen ziabogara. Aurretik jarri ginenean, gurea egitera joan ginen, arraunketa ez galduz. Bueltan oso ondo hasi ginen, eta bigarren ziabogan ikusi nuen hor ginela. Berriz ere taldea estutu behar nuela ikusi nuen, hirugarren luzean, larunbatean bezala, ahalik eta alde handienarekin heltzeko azkeneko ziabogara.

Azkeneko luzean, une batean sei segundora gerturatu zitzaizuen Urdaibai. Larritu egin zinen?

Erreferentzia zehatza ez nekien, baina ikusi nuen gainean genituela. Hala ere, banekien olatu batekin berriz ere ospa egiteko moduan izango ginela, nahiz eta azkeneko luze horretan pixka bat urduri ere jarri ginen. Azkenean, olatu batekin, sei segundoren aldea hamaikaraino igo genuen, haiek larunbatean guri egin ziguten bezala.

Burua ez galtzearena askotan ari zara aipatzen, eta zenbat lan egin behar da hori lortzeko?

Duela urte batzuk galdu egiten ginen estropada askotan, alde handia alferrik galduz eta abar. Urtez urte lortzen da heldutasuna. Kolpeak hartzen ikasten da, azkenean, burua ez galtzen. Aurrena egiteko galdu egin behar da lehendabizi.

Zarauzko estropadan, adibidez, hartutakoak zarete, bitan bakarrik irabazi duzuelako: aurten eta 2014an.

Atzo esan nion Joxemiri [Joxemi Elduaien, Hondarribiako presidenteari] zenbat aldiz galdu behar izan dugun Zarautzen gero irabazi ahal izateko. Zarauztik Getariarako bide luzea, traineruan, askotan egin dugu aurpegia jaitsita, sekulakoa hartuta.

Zarauzkoa irabaztea ez da beste estropada bat irabaztea bezalakoa. Zer dauka?

Kontxa da handiena, eta, gero, Zarauzkoa. Bietarako prestatzen gara denok topera, eta poz handia ematen du Zarautzen irabazteak.

Zarauzkotik Kontxara hamar egun baino ez daude. Egoten da tartea asko hobetzeko?

Kontu txikiak dira zaindu beharrekoak: arraunlari guztiok onenean heltzea egun horretara. Ematen du txorakeria dela, baina denok dena jartzen badugu gauzak ondo joateko, topera helduko gara egun handi horietara. Baina nahikoa dira bat edo bi topera ez heltzea asko galtzeko. Gero, zorte ona ere behar da, baina ezinbestekoa da talde osoa punta-puntan iristea.

Zer ikasi duzue aurreko urteko Kontxako bigarren igandetik?

Burua hotz eduki behar dela, kalerik txarrena tokatuta ere. Ez genuen zorte ona izan, baina guk gure onena ere ez genuen eman. Gure erronka izango da hiru egunetan gure onena ematea.

Inoiz baino hautagai gehiago egongo zarete aurten?

Baietz uste dut. Santurtzirekin kontuz, aurrean sar daitekeelako, eta Cabo ere bai.

Banderarako ere bai?

Hainbeste ez dut uste. Urdaibai, Orio, Zierbena eta gu gaude hor. Erakusten ari gara laurotako batek egun betea duenean beste hirurok jai izaten ari garela.

Liga irabazteko aukerak zenbatekoak dituzue?

Urdaibaik bideratua dauka, baina ez dago eginda, eta borroka egingo dugu bukatu arte. Liga ez daukagu galduta. Gainera, Kontxara ondo heltzeko, Galiziako bi estropadak ondo egitea oso garrantzitsua izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.