Galdeketen bideak ez du etenik

Nafarroako kontsultetan %28ko parte hartzea izan da. Azaroan, besteak beste, Getxon eta Leioan

Herritar batzuk Leitzako galdeketako botoak kontatzen, joan den igandean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
2017ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Orain arte, Nafarroako heregungo 24ekin, 166 herri galdeketa izan dira; 576.152 laguneko errolda; 154.374 botoemaile, %26,79ko parte hartzea. %95 azaldu dira euskal estatu / errepublika burujabe edo independente baten alde. 166 galdeketa horietatik 164, azkeneko urtebetean egin dituzte, eta datorren udazkenean beste udalerri batzuetan izango dira; esaterako, Getxon (Bizkaia). Donostian, berriz, iragarri dute kontsulta deitzeko lantalde bat sortu dutela. Gure Esku Dago-k dioNafarroako ariketekin ere ikusi dela herritarrek jarraitzen dutela «hitza hartzen etorkizun politikoaz». «Eta ate hori herritarrek ireki dute, euren eskubideen jabe eginez, prozesu zorrotz bezain emankor baten bidez». Galdeketen bideak ez du etenik, beraz. Gure Esku Dago-k 2019 arteko bide orria onartu zuen abenduan.

Igandean Nafarroan 7.784 herritarrek eman zuten botoa, %28,73k. Aurtengo galdeketa sortetan %24-28an egonkortu da parte hartzea datua: martxoko olatuan %24,83koa izan zen, apirilekoan %28,25ekoa eta maiatzekoan %25,52koa. 166 galdeketetako parte hartzearen batez bestekoa ere tarte horretan dabil.

Nafarroan Mendialdean izan da zifrarik handiena: %39,56koa. Bortzirietan %26,66koa; Sakanan, %23,67koa —ia hiru mila boto: 2.962—; eta Basaburuan eta Imotzen, %37,62koa. Batez besteko orokorraren parekoak izan dira erantzunak ere; %95,87k egin dute burujabetzaren alde.

Gustura amaitu du Gure Esku Dago-k herenegungo ariketarekin eta prozesuarekin: «Erakutsi dugu Nafarroan ere badela borondaterik eta konpromisorik erabakiaren bideari ekiteko». Ildo beretik joko dute aurrerantzean. «Datozen hilabeteetan ere lanean jarraituko dugu, borondateak ehunduz, adostasunetan sakonduz eta herritarrak ahaldunduz, Euskal Herrian erabakia gauzatu arte libre eta demokratikoki». Herri dinamikak ekainaren 10ean Herritarron Itunaren aurkezpenean iragarri zuen etorkizun politikoari buruzko «eztabaida publiko, plural eta gardena» sustatuko duela herritarren, instituzioen eta eragileen artean.

Getxon azaroaren 5ean egingo dute galdeketa, eta Bizkaian beste hiru udalerritan ere iragarria dute egun bererako: Leioan, Berangon eta Areatzan. 117.500 lagun pasatxo bizi dira lau udalerriotan: Getxon 78.554, Leioan 30.857, Berangon 6.972 eta Areatzan 1.214. Aurreneko hiruretan EAJ dago alkatetzan, Areatzan, EH Bildu. Beste toki batzuetan ere lanean ari dira, baina oraindik ez dute egin publiko kontsultaren data.

Donostian taldea sortu dute

Donostian ere galdeketa egin nahi dute, eta atzo Koldo Mitxelena kulturunean jakinarazi zuten horretarako lantalde bat sortu dutela. «Argi dugu: igerilekua ez dago hutsik. Ura dago. Donostian, oro har, erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera sumatzen dugu», esan dute aurkezpenean Maite Bidarte eta Edurne Garmendia taldeko ordezkariek. Badira hilabete batzuk lagun batzuk lanean hasi zirela, eragileekin bilerak egin dituzte, eta «oso onak» izan dira jasotako iritziak.

Datozen asteetan galdeketaren egitasmoa gizarteratu egin nahi dute, Aste Nagusian «zerbait berezia» egiteko asmoa daukate, auzoetan taldeak sortu nahi dituzte, eta azaroan ekingo lioketekontsulta deitzeko sinadura kanpainari. Gure Esku Dago-ren protokoloak zehazten duenaren arabera, boto eskubidea duten donostiarren %2k galdeketaren alde sinatu beharko lukete prozesua gutxieneko babesarekin hasteko, baina %5eko gutxienekoa jarri dute eurek xede gisa. Alegia, 8.000 sinadurakoa. «Donostiako Hiritar Kontsulten araudiko baldintzak izan nahi ditugu. Beraz, %5era iritsi beharko ginateke; 8.000 sinadura ingurura». Kopuru horretara helduz gero, galdera adosteko prozesu bat abiatuko dute 2018ko maiatza-ekaina bitartean, eta gero galdeketaren eguna zehaztuko lukete.

Bidartek eta Garmendiak aitortu dute helburu handia jarri dutela, baina baikor dira. «Donostiak saretzeko eta parte hartzeko ohitura handia dauka. Gure hiriarekin edo auzoarekin zerikusia duten ekinbideetan parte hartzeko ohitura dugula ukaezina da».

Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramailea ere egon da Donostiako aurkezpenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.