Uriarte sailburuari gutun irekia

Matias Cordero Arce - Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataforma

2018ko ekainak 14
Joan den maiatzaren 25ean, ostiralarekin, Euskal Eskola Publikoko milaka familia, irakasle eta ume, 60 eragile baino gehiagoren babesarekin (GKEak, alderdi politikoak eta sindikatuak), kalera atera ginen denon eta denontzako eskola aldarrikatzeko, eta dugun eskola segregazioa eta gai honen aurrean Eusko Jaurlaritzaren ekimen falta salatzeko. [...]. Gure mobilizazioa baino aste gutxi batzuk lehenago, Save The Children erakundeak Mezclate conmigo delako txostena argitara eman eta Euskadiri zegokion eranskinean baieztatzen zuen gure autonomia erkidegoan «eskola-segregazio maila... areagotu egin dela azken urteotan», eta, gaur egun Euskadiko ikasleen %40ak eskola ghetto-etan ikasten duela (horietatik, hamarretik bederatzi ikastetxe publikoak dira).

[...] Bi urte hauetan eskatzen ari garena (eta gero eta gizarte eragile gehiagok bat egiten du gurekin), eskola segregazioari irtenbidea emateko berehalako neurriak dira, bai jatorriagatik eta baita maila sozio-ekonomikoagatik nola hezkuntza behar bereziengatik sortutakoa. Neurriak hauexek dira: 1) Eskoletan izena emateko udal bulego bakarrak sortu, familia guztiei beharrezko informazioa eman eta egun dauden ikastetxe kontzertatuetan batez ere hainbat ezkutuko aukeratze sistemak saihesteko, atzerritar jatorrizko edo maila sozioekonomiko baxuko familien ikasleak bereizteko balio dutenak; 2) Legeak agintzen duen bezala, diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe guztien benetako doakotasuna bermatzea, kontu jakina baita ikastetxe kontzertatuetan diru kuotak kobratzea familiak aukeratzeko eta segregaziorako mekanismo larria eta ilegala bihurtzen dela; 3) Aurrekoaren haritik, hezkuntza-itunen orokortzearen politikarekin amaitzea (kontzertazioa eskatzen duen ikastetxe pribatu guzti guztiei eman zaiona), eta hezkuntza itunak lotzea ikastetxeek inguruan duten egoera sozialari ematen dioten erantzunarekin (arrazoi berberagatik eskatzen dugu hezkuntza-egitasmo elitista eta segregatzaileak diru publikoarekin finantzatzen ez jarraitzea); 4) Heziketa laikoa jasotzeko eskubidea bermatzea hezkuntza sare guztietan; 5) Segregazio egoeretan dauden ikastetxeentzat egitasmo bereziak abiarazi, epe laburrean egoerari buelta eman ahal izateko; 6) Gaur egun eskola publikoak ez dituen azpiegiturez eta giza baliabide nahikoez hornitzea.

Ezin dugu pentsatu, sailburu andrea, ez dituzula aurreko eskariak ezagutzen. Ahots gehiegi gara, leku askotakoak, eta argudio sendo gehiegirekin, oraindik arazoaz ez ohartzeko. Jakinaren gainean zaude eta jakinaren gainean zinen. Esate baterako, joan den urteko Ikasle etorkinei arreta emateko II. plan partzial eta eskas hartan, Eusko Jaurlaritzak, zegoeneko, «gardentasuna hobetzea eta eskaintza orekatzea ikasleak onartzeko ohiko prozesuan» esaten zuen. Horretarako, eskoletan izena emateko guk eskatzen dugun bezalako udal bulego bakarrak ezartzearen balorazioaren beharra onartzen zen. Orduan, eta sistema segregatzaile eta gero eta segregatuagoa islatzen duten estatistika lazgarriak ikusita (Gasteizen, kasurako, ikasle etorkinen %92 sare publikoan dago haur eta lehen hezkuntzan), ez al duzu uste, Uriarte andrea, garaia dela «baloratzeari» uzteko hala egiten ari bazarete, guk ez dakigula eta delako bulego bakar hori berehalaxe ezartzeko?

[...] Zer iritzi duzu aurreko guztiaz? Eta nola egingo diozu aurre? Jarraituko al du zure gobernuak beste aldera begira ikastetxe kontzertatuak kuota ilegalak kobratzen segitzen duten bitartean? Jarraituko al duzu kontzertazioa eskatzeko atzamarra altxatzen duen edonori diru publikoa ematen, bere hezkuntza egitasmoa arduragabea edo elkartasunaren kontrakoa izan ala ez? Jarraituko al duzu baloratzen munduaren akaberara arte eskoletan izena emateko udal bulego bakarraren ezarpena? Jarraituko al duzu, azken finean, publiko-kontzertatu sistema dualari eusten, segregazioa gero eta handiagoa dela medio bi abiadurako sistema bihurtzen ari dena egunetik egunera? Esan nahi baita, jarraituko al duzu sistema honen alde, zeinean klase, etnia edo jatorriaren pribilejioak dituztenak sare kontzertatuaren kolore bakarreko bidesaria ordaintzen duten, pribilejio horiek ez dituztenak eskola publikora doazen bitartean? (eta esan dezagun ozen, garbi eta harro! Hartuko eta babestuko ditu eta jarraituko ditu hartzen eta babesten, besoak ondo zabalik)

Sinetsi nahi dugu ulertzen duzula, Uriarte andrea, kontua ez dela eskola jakin batzuei diru laguntzak ematea, guztiz beharrezkoak badira ere, gure beste eskari horietako batean esaten dugun bezala; ezta bazterbidean dauden ikastetxeentzat pentsatutako Hamaika Esku bezalako egitasmoak hobetzea ere, egitasmo honi buelta bat ematearekin eskola-segregazioari irtenbidea emateko nahikoa izango balitz bezala.

Kontua da bizi garen gizartea eta bizi nahi dugun gizartea, gure seme-alabek jolasten duten parkeak eta guk haiek jolastea nahi ditugun parkeak; kontua da errenta altuko, ertaineko, baxuko edo urriko jende beltzarekin, marroiarekin edo arrosarekin partekatzen ditugun kaleak, eta partekatzen jarraitu nahi ditugun kaleak; kontua da onartzea gizartea denon artean eraikitzen dugula eta, inor atzean gelditzen bada, gizarte osoa dela atzean gelditzen dena, zu zeu barne, Uriarte andrea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna