Albistea entzun

AHTaren egoera Nafarroan

Maria Balda, Roxika Iriarte, Amaia Zubieta, Maura eta, Rodrigo Iratxe Alvarez - ELA, LAB, Steilas, CGT eta ESK sindikatuen izenean

2017ko urriak 29

Azken asteetan AHTaren gaia pil-pilean dago Nafarroan, Nafarroako Gobernuaren eta Sustapen Ministerioaren akordio ezari esker.

AHTa espainiar Gobernuaren eskumena da. Baina Nafarroako Gobernuak bere garaian espainiar Gobernuarekin konbenio bat sinatu zuen, zeinaren arabera obra betearaztea Nafarroako Gobernuaren esku geratzen zen, ondoren espainiar Gobernuak Nafarroakoak aurreratutako dirua itzuliz.

Egungo Nafarroako Gobernuak aurrekoa ordezkatuko duen konbenio berri bat sinatzea proposatu du, proiektuaren nondik norakoak batere zalantzan jarri gabe. Halaber, Nafarroako Gobernuak AHTaren konbenioaren sinadura Estatuaren eta Nafarroaren arteko Konbenio Ekonomikoaren sinadurarekin baldintzatu nahi du. Geroa Baik gobernua osatzen duten gainontzeko alderdiekin dituen desadostasunak direla eta, Nafarroako Gobernuaren 2018ko aurrekontuan AHTarentzat diru partida bat sartzea arazo politiko bihurtu zaio. Horregatik aurten Alesbes-Erriberri eta Erriberri-Azkoien tarteen lizitazioa, eta 2018an obrak Estatuaren esku geratzea nahi zuen Nafarroako Gobernuak.

Bitartean, Sustapen Ministerioak, AHTaren konbenioa eta Konbenio Ekonomikoaren negoziazioak banandu nahi izan ditu. Nafarroako Gobernuari indarrean dagoen konbenioan adostutakoa betetzea exijitu dio. Hori horrela izanik, Nafarroako Gobernuak aurten hurrengo bi tarteak esleitu eta hurrengo urteko obrak aurrera eraman beharko lituzke, hau bermatzeko aurrekontuan diru partida bat sartuz.

Baina guk ez dugu eztabaida termino hauetara mugatu nahi, gure ustez azaleko eztabaida delako. Harago joan eta gaiaren muina salatu nahi dugu: obrak aurrera eramateko erantzukizuna batarena edo bestearena izanda ere, AHTa inongo justifikazio ekonomiko eta sozialik ez duen proiektua da, ingurumen ikuspuntutik astakeria, eta ez da inola ere interes orokorrekoa.

Azkenaldiko gatazka, lanak aurrera eramateko ardura norena den eztabaidatzera mugatzen da. Argi erakusten dute AHTa eraikitzeko adostasuna dutela. Justifikazio politiko hutsa ematen diote proiektuari estrategikotzat joz, nahiz eta inongo errentagarritasun ekonomiko, sozial edo ingurumenekorik ez izan. Are gutxiago AHTak aurrekontuetan dituen diru partidak benetako beharrak dituzten beste arlo batzuetatik kentzen badira, besteak beste, osasungintza, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetatik.

Horrek, interes orokorraren aurka doan proiektua izanik, gizarteko maila pobreenetatik aberatsenetara zerga bidez egiten den transferentzia bat ekartzen du. AHTa eraikitzea ingurumenaren guztiz aurkakoa da, hainbat arlotan eragin izugarriak dituena (habitatak eta bioaniztasuna suntsitzea, lur emankorrak okupatzea, inpaktua paisaian, zaratak, bibrazioak...). Lurraldearen zatiketan duen eragina ere izugarria da, orain arte trenaren bitartez loturak zituzten hainbat zonalde loturarik gabe utziko baititu.

Arrazoi hauengatik guztiengatik, AHTaren aurrean izan daitekeen jarrera arrazoizkoena proiektua gelditzearen aldekoa da. Beharrezkoa da Nafarroako trenbide sarearen inguruko eztabaida bat izatea, non gizarte osoak parte hartuko duen. Eztabaida honek Nafarroako gizarteak benetan dituen beharrak plazaratu behar ditu: Zer nahi dugu? Lurraldea lotuko duen trenbide sozial, iraunkor eta errentagarria? Ala zentralizazioa bilatzen duena, irizpide politikoetan oinarritutakoa, errentagarritasun azterketarik gabea, eta garestia den trena?

Sinatzaileok argi daukagu: proiektu bat garatzearen ondorioak Nafar hiritarrok jasan behar ditugunez, zein tren mota nahi eta behar dugun galdetu beharko ligukete. Gure iritziz, ez da bidezkoa AHTa inposatzea. Ondorioz, erabakia herriak har dezan exijitzen dugu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.