Nekane Balluerka. EHUko errektorea

«Inportanteena da plana betetzea; horrek emango liguke egonkortasuna»

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
«Baikor» azaldu da Jaurlaritzaren plan berriarekin EHUko errektore Nekane Balluerka (Ordizia, Gipuzkoa, 1966). Uste du azken zortzi urteetako egoera zailari buelta emateko «konpromisoak» jasotzen dituela.

Zer balorazio egiten duzu Jaurlaritzak iragarri duen finantzaketa igoerari buruz?

Beti eska daiteke gehiago, baina, printzipioz, balorazio baikorra egiten dugu. Lehenengo irakurketan, bi elementu azpimarratuko nituzke. Batetik, Medikuntza eta Erizaintza fakultaterako 45 milioi euroko diru sail bat konprometitu dela. Eta, bestetik, kontratu programetako diru sail batzuk ohiko aurrekontura progresiboki pasatzen joateko konpromisoa jasotzen dela: horrek aukera emango liguke 150-200 langileren iraunkortasuna bermatzeko. Plan honek, gainera, aukera gehiago emango dizkigu.

Zuk esana da azkenengo lau urteak «gogorrak» izan direla, indarrean dagoen planean izandako finantzaketa jaitsiera dela eta. Zauria ixten al du berriak?

Aurreko planeko jaitsieraz gain, horren eta aurrekoaren hainbat diru sail ez ziren exekutatu, krisi ekonomikoagatik, eta guretzat oso gogorra izan zen; urte zailak pasatu ditugu. Guk, bereziki, hori nabaritu dugu eraikinen zaharberritzeetarako behar genituen diru sailetan. Uste dugu plan honetan konpromisoak daudela horri guztiari buelta emateko, eta gure egoerak hobera egingo duela.

EHUren betiko eskaera da finantzaketa esparru egonkor bat izatea Jaurlaritzarekin. Plan honek ziurtatzen al du hori ?

Nahiago genuke lau urtekoa izan beharrean seikoa izatea. Baina inportanteena da betetzea, testuinguru politikoa edota ekonomikoa edozein izanda ere; horrek emango liguke egonkortasuna.

Berritasun bat dakar planak, izenetik hasita. Euskal unibertsitate «sistema» aipatzen du, eta unibertsitate pribatuak «enbor» horretara lotzen ditu. Publikoaren maila berean jartzen al ditu?

Espero dut hala ez izatea. Gu gara publikoa, guztiona, eta 50.000 ikasle inguru ditugu. Ez dakit izen aldaketa horrek zerbait berria dakarren aurrera begira, baina argi daukat tratamendu berbera ezin dugula izan. Unibertsitate publikoaren finantzaketa lehenetsi behar da, bermatuta egon behar du.

Lehen plana egin zenetik, 2007tik, hirukoiztu egin da pribatuen finantzaketa publikoa. Zer iradokitzen dizu horrek?

Nire ustez, proportzionalki guk izan beharko genuke gure tamainari eta izaerari dagokion finantzaketa. Pribatuei buruz, ez naiz sartuko. Jaurlaritzak jakingo du, bere plana da, eta ez dagokit niri baloraziorik egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.