Hauteskunde jauzi bat baino askoz gehiago

Hamaika izen eta sigla ezagutu dituzte alderdi abertzaleek 1975etik 2014ra bitartean. Koalizio independentista nahiz autonomista sortuta, argitu egin da mapa politikoa, azken hauteskunde zikloan bloke abertzalea sendotzearekin batera.

Jon Olano -

2014ko uztailak 9
Bi familia; autonomismoa eta independentismoa. Lehena, borroka armatuaren kontrakoa; bigarrena, estrategia horren zilegitasunaren defendatzailea. Horrela dago egituratuta abertzaletasun politikoa Korsikan, gaur egun Femu a Corsicaren koalizio autonomistaren eta Corsica Libera indar independentistaren inguruan.

1977an sortu zen Korsikako Herriaren Batasuna (UPC). Sorreran ez zuen bere burua ez ezkerrekotzat eta ez eskuinekotzat jotzen, eta, Edmond eta Max Simeoni anaien gidaritzapean, joera politiko eta alor profesional anitzeko jendea biltzea zuten helburu. Horrek eragin zuen, 1994tik aurrera, herri klaseen eta gazteriaren babesa ez lortzea. Ahulduta, ez zen Korsikako Biltzarreko 1999ko bozetara aurkeztu, eta independentistekin joan zen 2004koetara. 2000an Scelta Novarekin batu zen, eta, François Alfonsik zuzenduta, alderdia autonomismoaren erreferente bihurtu zen.

Korsikako Nazioaren Alderdiak (PNC) hartu zuen PC-SNren lekukoa 2002an, eta gaur egun Femu a Corsica koalizioko kide nagusia da. Chjama Naziunale 2003an jaiotako alderdiarekin eta Insemerekin egin zuen koalizioa; 2009an eta 2014an udal hauteskundeetarako, eta 2010ean Korsikako Biltzarrerako.

Independentismoak ere egonkortasuna lortu du 2009az geroztik, hain zuzen Corsica Libera sortu zenetik. Corsica Nazione Indipendente, Rinnovu, ANC-PSI eta Strada Diritta batuta sortu zuten alderdia, nahiz eta 2012an Rinnovu batasunetik atera. FLNC 1976an sortuta, hamar urte geroago sortu zen Unita Naziunalista eta 1987an Cuncolta Naziunalista, askapen mugimenduaren tresna politiko gisa. Cuncoltak Accolta Naziunale Corsak eta I Corsi Verdik bat eginda jaio zen 1992an Corsica Nazione.

Aro berri bat

Independentismoa bide demokratikoetara mugatuta eta bi korronte abertzale nagusiak sendotuta, aro berri bat nabari du Thierry Dominicik, non «abertzaletasun legezko eta demokratikoa herritarren mobilizazio eta parte hartze indar» gisa jotzen duen. 1896-2013 artean bost mobilizazio aro antzeman ditu Dominicik: korsismoa (1896-1945), erregionalismoa (1950-1976), autonomismoa (1960-1976), nazionalismoa eta independentismoa (1976— gaur egun).

«Ikusi dugu familia politiko horiek jarraipen handia izan dutela historian zehar, eta, edozein krisi dela ere (mundiala, nazionala nahiz tokikoa) mutazio ideologiko eta programatikoen bidez egokitzea lortu dutela», dio Dominicik. Horren adibidetzat jotzen ditu 2010eko Korsikako Biltzarrerako bozak, abertzaleentzat hauteskunde garrantzitsuenak direnak, non bi indar abertzaleek guztira botoen %36 eskuratu dituen: «Badirudi bi familia abertzaleak bete-betean iltzatu direla Korsikako historia politikoan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna