Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Iluntasunaren zentzumenak

Mikel Zumeta.
2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
'Earwig'

Zuzendaria: Lucile Hadzihalilovic. Herrialdea: Erresuma Batua-Frantzia-Belgika.Iraupena: 114 minutu.

Zentzumenak piztu egiten dira iluntasunean, argirik ia ez dagoenean, ikusmenaren zentzuaz gabetzean. Halakoxea da Earwig. Iluntasun handienean murgilduko gaitu; itsu, mutu, gor jardungo gara alegiazko istorio lainotsu honetan.

Bi pertsonaia nagusi jarraituko ditugu, heldu bat eta ume bat, apopiloa eta aitaordea, aita eta alaba. Gabeziaz gainezka, zentzumenak eta arrazoia galdu ditu gizonak. Eta haren iluntasunaren zurrunbiloan preso dago umea; hortzik gabeko umea, egunero diseinatutako eta urtuz doan izotzezko hozkada bati lotua dagoen umea, ukapenari loturik dagoen umea.

Filmak zentzumenekin jolasten du. David Lynchen erreferentziak topatu ditzakegu,soinuaren eta musikaren erabileran, etengabe gogo-aldarteak iradokiz, eta neo-giallo tankerako beldurrezko tonu sostengatuarekin.

Filmak teknikoki izugarri beteko du bere lana, kandelapeko argi mehea izango dugu etengabe, tungsteno bonbillaren kolorea, fluoreszente itzaliak, pertsianetatik iragazten den argi ahula, eta kanpoan, lainoa.

Hiru dira filma gozatzeko baldintzak: film gotiko eta fantasiazkoen kontra ezer ez izatea;erritmo pausatuen eta isiltasunaren kontrako aurreiritzirik ez izatea; eta filma modu arrazionalean ulertu behar izatea atzean uztea, zentzumenen bitartez bizitzeko esperientzia baita. Filmak ikuslearen parte hartze aktiboa eskatuko du, murgiltzea, arakatzea.

Galderak bata bestearen ondoren datoz: Nor da? Zergatik ari da? Nora doaz? Baina zuzendariak eramango gaitu, argirik gabe, amaierara, beldurrezko barrakan bezala, askatzeko, ulertzen lanak izango ditugun sentsazio katramilatuen korapiloarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.