Ane Ortega.
Euskaraldia. IRITZIA

Euskaldun mota denak barneratu

2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Azken 40 urteko euskararen garapenean euskara modu tradizionalean familian ikasi ez dutenen kopurua gero eta handiagoa da, bereziki gazteenen adin-tarteetan (%54,3 Euskal Herria osoan, 16-24 adin-tartean —VI Inkesta Soziolinguistikoa—). Talde honen esperientziak ezagutzeko interesak EAEn burutu dugun Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak izeneko ikerketa egitera eraman gaitu.

Ikerketako bi emaitza aipatuko ditut: alde batetik, euskara ikasteak, maila aurreratua eskuratuta ere, ez dakar berez egunerokoan erabiltzea, ezta euskararekiko atxikimendu handiagoa ere; kasu batzuetan bai, beste batzuetan ez. Beste alde batetik, profil eta esperientzia askotarikoak daude, euskaldun izateko modu ezberdinak, nolabait esateko... Baina euskal gizartean zelan barneratu dugu aniztasun hori?

Datuek erakusten dute zein garrantzitsua den hiztunak euskaldun bezala daukan autokontzeptua: hiztun berri horietako batzuk euskaldun bezala eroso sentitzen diren bitartean, beste batzuk «mugatuta» antzematen dute beren burua, falta zaidanaren diskurtsoa deitu duguna erabiltzen dute, eta, azken batez, sentitzen dute ez direla heltzen euskararen hiztun ona izatera, ez dira euskararen hiztun legitimo sentitzen. Urte birekin murgiltze goiztiarrean euskara ikasten hasi zirenen artean ere aurkitu dugu sentimendu hori. Mota horretako hiztunen artean hurrengo esaldia entzun daiteke: «Nik badakit euskaraz, hitz egiteko gai naiz, baina ezin dut esan euskalduna naizenik», eta badirudi lehengo euskaldunberri etiketarekin erosoago sentitzen direla, etiketa hori herren edo osatugabea den hizkuntza identitatea adierazteko termino bezala erabiltzen dela.

Ikerketak hizkuntza identitate edo euskaldun sentitzeko modu ezberdinetan eragiten duten giltzarriak erakutsi zituen, eragin handikoen artean egonik hiztun berria bizi den testuinguru soziolinguistikoa (euskaldunagoa edo erdaldunagoa), eta euskara bidezko harreman-sareak egotea hezkuntza bezalako esparru instituzionalizatuetatik harago; gaitasun motak ere eragiten du, hitz-jarioa, lagunarteko erregistroa, eta sarritan, batuaz gain euskalki bat ere izateak.

Zailtasun horiek gainditzea ez da erraza, tartean esperientzia oso emozionalak daudelako, lotsa moduko sentimendu negatiboek, errudun, txarto hitz egiten dutela sentitzeak zuzenean eragiten dute erabileran. Besteek zer pentsatuko motako aurreiritziek ere garrantzia izan dezakete. Euskaraldia bezalako ariketa sozialak mezu positibo eta inklusiboak helarazten ditu, hain ondo ez hitz egitea legitimatzen du, elkarrizketa elebidunak onartzen ditu eta horrek denak eragin garrantzitsua izan dezake sarri oso bakarrik eta zailtasunak gainditzeko baliabide gutxirekin sentitzen diren hiztun berri askorengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.