ETB1 eta ETB3 indartzeko eskatu du legebiltzarrak

EH Bilduk eta PSE-EEk erdibideko zuzenketa bat adostu dute.

Talde guztiek onartu dute proposamena; EAJ abstenitu egin da puntu batean
Irailean aurkeztu zuen ETBk programazioa. Ezaugarri jakin batzuk eskatu dizkiote talde politikoek ETBri.
Irailean aurkeztu zuen ETBk programazioa. Ezaugarri jakin batzuk eskatu dizkiote talde politikoek ETBri. L. JAUREGIALTZO / ARP

Urtzi Urkizu -

2014ko abenduak 18
Eusko Legebiltzarrak ETB1eko eta ETB3ko programazioaren inguruko erdibideko zuzenketa bat onartu zuen atzo, eta EITBri hainbat eskaera egin zizkion. EH Bilduk azaroan aurkeztu zuen legez besteko proposamena gai beraren harira, eta PSE-EErekin adostu du orain testua, EITBko Kontrolerako Batzordean. PPk bat egin du bi talde horien eskaerarekin. EAJ, berriz, abstenitu egin da hirugarren puntuan, hain zuzen ere ETB1i eta ETB3ri eskaera zehatzak egiten dizkionean. Hau dio hirugarren puntu horrek: «Eusko Legebiltzarrak EITBko zuzendaritzari eskatu dio ETB1 euskarazko kate generalista bezala indartzen jarraitzeko, eta ETB3 indartuz has dadila haur eta gazteei bideratutako eta formatu berrietan espezializatutako kate gisa, publiko berrietara heltzeko kalitatezko eskaintzarekin». EAJk alde bozkatu du ebazpenaren gainontzeko hiru puntuetan.

Batetik, Eusko Legebiltzarrak berretsi du EITBren sorrera legean euskara eta euskarazko kultura sustatzeko bere jatorrizko oinarrietako 2., 3. eta 4. artikuluetan jasotakoa.

Bestetik, Eusko Legebiltzarrak EITBko zuzendaritzari eskatu dio plan estrategikoan (2013-2016) jasotakoa betetzeko, «audientzia igotzeko eta prestigio soziala irabazteko». Eskaera horretan bereziki nabarmentzen da euskarazko kanalak indartzea, «Euskadiko errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuz». Euskarazko audientzia potentziala handiagoa dela aitortzen du zuzenketak, aldi berean.

Laugarren puntuan, Eusko Legebiltzarrak EITBko zuzendaritzari eskatu dio sei hilabeteko epean aurkezteko administrazio kontseiluan, EITBren Kontrol Batzordean eta publikoki, programazio «kontsolidatua, anitza eta erakargarria», adin guztientzat egina. EH Bilduren eta PSE-EEren eskaeraren arabera, programazio horrek «modu orekatuan» izan beharko ditu gaurkotasun, entretenimendu eta dibulgazio edukiak. «Helburuak hezitzailea beharko du, eta euskara eta euskal kulturaren sustapena jaso beharko ditu», dio testuak.

UPDko legebiltzarkide Gorka Maneirok ez zuen parte hartu batzordean.

Murrizketen auzia

2010eko ekainean, Espainiako Gobernuak —PSOE zen agintean— administrazio publiko guztietarako %5eko soldata murrizketa eta, horrez gain, erretiro planetarako ekarpenak erdira jaisteko dekretua onartu zuen. Eragina sektore publiko osora zabaldu zuen Jaurlaritzak. Sindikatuek EAEko Auzitegi Nagusira jo zuten. Aurten, urrian, auzitegiak sindikatuek jarritako helegitea onartu zuen. EH Bilduk murrizketa suposatu zuen dirua EITBko langileei itzultzeko eskatu du, legez besteko proposamen baten bidez. Legebiltzarreko gainontzeko taldeek, ordea, aurka bozkatu dute, eta ez da aurrera atera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna