Maite Iturberen dimisioa eskatuko du EH Bilduk

EITBko irratietan enplegu publiko estrukturala sortzeko prozesua errotik etetea egotzi dio.PSE-EEk, PPk eta UPDk ere salatu dute kudeaketa

EITBren lan erregulazio espedientearen aurkako protesta, iragan astean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2015eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
EITBko zuzendari nagusi Maite Iturberi kargua uzteko eskatuko dio EH Bilduk ostegunean, Eusko Legebiltzarrean, ez badu bertan behera uzten Eusko Irratian aurkeztutako lan erregulazio espedientea. Lan eskaintza publikoarekin aurrera jarraitzeko eskatu dio Iturberi Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarreko eledunak, eta bitartean«lanposturik ez amortizatzeko». Iturberen kudeaketa «tamalgarria» salatu du Urruzunok.

«Enplegu publiko estrukturala sortzeko prozesua errotik etetea» egotzi dio taldeak EITBko zuzendaritzari. Enplegua erregulatzeko dosierrak 79 langileri eragingo die, baina EITBk 49 lanpostu baino ez ditu aterako lehiaketara. Beraz, 30 langile lanposturik gabe geratuko lirateke, zuzendaritzak aurkezturiko planak aurrera eginez gero. Ostegun goizean eztabaidatuko dute gaiaz legebiltzarrean.

Urruzunok atzo esan zuenez, EH Bilduk bat egin zuen lan eskaintza publikoarekin, «baina Iturbek Eusko Irratian aurkeztu duen espedientearen ostean, alferrikakoa litzateke sindikatuekiko negoziazioa, lantalde estrukturala handitzea ezinezkoa litzatekeelako». Iturberen dimisioa eskatu ez ezik, Javier Salcedo EITBko giza baliabideen zuzendariarena ere nahi du EH Bilduk, Andoni Ortuzarren garaitik «kontratazioetan egin diren bidegabekerien erantzulea» izateagatik.

UPDko legebiltzarkide Gorka Maneiro ere Iturbe kargugabetzearen alde agertu da. Haren ustez, «lotsagarria» da egiten ari den kudeaketa. «Haren kargugabetzea eskatzeko arrazoiak pilatu egiten zaizkigu egun batetik bestera».

PSE-EEren proposamena

Iragan astean EITBko irratietako lan erregulazio espedientearen aurka agertu ziren PSE-EE eta PP ere. Osteguneko bilkuran, hain zuzen ere, horren inguruan sozialistek aurkeztutako legez besteko proposamen bat eztabaidatuko dute. Proposamen horretan, lan erregulazio espedientea erretiratzeko eskatu dute, eta Eusko Jaurlaritzari galdegin diote kentzeko babesa Iturberi. «Lana galarazteko prozedura bat bultzatu du, elkarrizketa soziala landu gabe, eta legebiltzarrak duen jarreraren aurka eginez». Halaber, eskari argia egiten diote EITBko zuzendaritzari: bi hilabetean aurkezteko taldearen egiturazko plan bat.

Eskari horien aurrean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak EITBren autonomia defendatu zuen. «Bere erabaki propioak hartzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.