Brouard eta Muguruzaren hilketez erreportajea ETBn

Gaur estreinatuko dute, ETB1en, 'Azaroak 20, zorigaitzeko eguna' (22:25).Ondoren, gertakari haietaz solasaldia egingo dute 'Debatea'-n

Iñaki Esnaola, Jon Idigoras eta Josu Muguruza, Azaroak 20, zorigaitzeko eguna erreportajearen irudi batean. ETB.
urtzi urkizu
2014ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Santi Brouard hil zutela 30 urte bete dira gaur, eta 25 urte Josu Muguruza hil zutela. Bi hilketa horiek zenbait ikuspegitatik aztertu dituzte ETBren erreportaje batean: Azaroak 20, zorigaitzeko eguna. Gaur estreinatuko dute, euskarazko katean, 22:25ean. Baleuko ekoizpen etxea arduratu da lana egiteaz.

Edurne Brouardek eta Ane Muguruzak badute elkartzen dituen ezaugarri bat: aita galdu zuten azaroaren 20 batean. Brouarden eta Muguruzaren alabek prozedura judizialen garraztasuna gehitu behar izan diote heriotzaren oinazeari. Oraindik ere ezkutuan daude hilketak agindu zituztenen izenak, eta epaiketak ikerketa sakonik gabe amaitzearen egiazko arrazoiak. Edurne Brouarden eta Ane Muguruzaren lekukotzak entzungo dira erreportajean.

Bestetik, gertaeren nondik norakoak azalduko dituzte Brouarden eta Muguruzaren hilketak gertatu ziren urteetan komunikabideetan lanean ari ziren profesional batzuek: erredakzioetan jasaten zuten presioa, GALen sorrera, mehatxuak eta abar. Adolfo Roldan, Andoni Ortuzar eta Teresa Toda azalduko dira hizketan: Roldan lehendabizikoz GALen berri eman zuen kazetari taldekoa zen; Ortuzar Deia egunkariko kazetaria zen; Toda, berriz, Egin-eko berriemailea zen, eta Muguruzaren hilketa egunean mahai berean eserita zegoen.

Prozedura judizialen nondik norakoen inguruko gogoeta egingo dute erreportajean Txema Monterok eta Kepa Landak. Miguel Castellsek, berriz, garai hartako giro politikoaz hitz egingo du.

Edurne Brouarden hitz esanguratsu batzuk jasotzen ditu erreportajeak, duela 30 urte izan zen hilketari buruz ari dela: «Gurean pasatu dena ez litzateke gertatuko, ez balira izango hiltzaileak direnak, eta hildakoa, dena».

'Zohardia'-ren trailerra

Erreportajea amaitu bezain laster, Muguruza eta Brouard izango dituzte hizpide Xabier Usabiagak aurkezten duen Debatea saioan (22:55). Solaskideak hauek izango dira: Joxe Felix Azurmendi kazetaria, Luis Haranburu Altuna idazlea, Andoni Unzalu PSE-EEko kidea, Xabier Oleaga kazetaria, Jose Ramon Beloki EAJko diputatu ohia, Iker Uson Baketik-eko kidea eta Mikel Zubimendi Josu Muguruza. Balek hondatu ez zuten ametsa liburuaren egilea.

Euskadi Irratian, halaber, Ane Muguruza eta Edurne Brouard elkarrizketatuko dituzte gaur Faktoria saioan, 09:30ean.

Egunotan, bestalde, Lander Iruinek eta Markel Andiak Muguruzaren inguruko Zohardia dokumentala estreinatu dute Bilbon eta Donostian. Hamaika telebistako Esatea libre saioan trailerra eman zuten bart, eta ikusgai dago Hamaika.eus webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.