Bideoak sortzeko apustua egin du Hala Bedi irratiak

Gasteizen gertatzen direnak ikus-entzunezkoen bitartez kontatu nahi dituzte.Goizeko magazina da sasoiko beste berrikuntza nagusia

Edu Lartzanguren.
2015eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Goizeko magazin indartsua eta Interneteko gunea bideoz hornitzea dira Gasteizko Hala Bedi irratiko apustua denboraldi honetarako. Arabako hiriburuan gertatzen direnak bideoen bidez kontatuko zituen talde bat falta zela ondorioztatu zuten Gora Gasteiz eta Herri Harresia mugimenduen jarraipena egin zuten hainbat komunikatzailek, Gaizka Amondarain Hala Bedi irratiko programazio batzordeko kideak esan duenez. Ondorio horretatik abiatuta elkartu zen talde bat sasoiaren amaieran. Orain, sasoia zabaldu berritan, lanean hasi dira hamar bat lagun. Irratira gonbidaturiko lagunei eginiko elkarrizketen bideoak, gaur-gaurko gaien inguruko erreportajeak eta gizarte mugimenduen ekitaldien kronikak jarriko dituzte Hala Bediren Interneteko gunean. «Eta umore apur bat ere bai, beharrezkoa da eta», esan du Amondarainek.

Irratia telebista bihurtu nahi ote duten galdetuta, «nahi bai», erantzun du programatzaileak. Edonola ere, Hala Bedi, irratitzat baino gehiago, «kolektibotzat» hartu izan dute beti. Hausnarketa egin dute taldearen barruan, eta ondorioztatu dute belaunaldi gazteak errazago erakarriko dituztela bideoaren bidez, irratiarekin baino. Amondarainek adibide bat eman du: bideogintza taldean sartu direnen artean asko 20-25 urte bitartekoak dira.

Gasteizko erreferentzia bihurtu nahi dute Hala Bedi irratia, eta, Interneteko gunea bideoekin indartzeaz gain, lan handia egingo dute sare sozialetan.

Hala Bedi Bi —FMko 88.8— irratiaren euskara hutsezko kanala da; bestea, batez ere, erdarazkoa da. Horren bigarren apustua Hizpidea goizeko magazina da. Hala Bediren eta Bilbo Hiria irratiaren arteko elkarlana da. Jon Sanchez esatariak egiten du Gasteiztik, eta Mieltxo Monfortek Bilbotik, 09:00etatik 10:00etara. Magazinak bi zati ditu: lehenengoan, Euskal Herriko gaiak jorratzen dituzte; bigarrenean, Gasteizko gaiak hartzen ditu saioak. Kolaboratzaile sare zabala ehundu du irratiak: Idurre Eskisabel, Gorka Bereziartua, Itsaso Estarrona eta Mikel Ayllon, tartean.

«Goizetako zati hori euskarazko magazin batekin betetzea oso garrantzitsua da guretzat», esan du Amondarainek. Azaldu du ez dela erraza, ordutegi zaila delako boluntario gisa dabilen jendearen laguntza jasotzeko.

Asteburuak musikari eskainiko dizkiote Hala Bedi irratian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.