'Txoministak' telesailaren ondorengoan ari dira lanean

Urtea bete du Hiru Damatxo ekoiztetxeak, eta kanporako zerbitzuen eta euren egitasmo propioen arteko oreka bilatu nahi dute sasoi berrian

Unai Gaztelumendi, Peru Isasi, Kepa Matxain eta Lander Arretxea, Hiru Damatxo kooperatibako kideak. MIKEL BLASCO.
Edu Lartzanguren.
2016ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Urtebete bete du Hiru Damatxo egitasmoak. Euskarazko ikus-entzunezkoen munduan ekarpen freskoa egiteko asmoarekin abiatu zuten ekoiztetxea Lander Arretxeak, Unai Gaztelumendik eta Kepa Matxainek. Gure Bazka elkarrizketekin hasi ziren ezagun egiten. Ondoren, Txoministak web telesaila sareratu zuten. Azken boladan, Peru Isasi gehitu zaio egitasmoari.

Gure bazka elkarrizketa saila «egitasmoaren aurkezpen gisa» plazaratu zutela esan du Arretxeak. «Gure kezkak eta interesak zeintzuk ziren mahai gainean jartzeko balio izan zigun». Denera, hamabi elkarrizketa egin zituzten; besteak beste Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariari, Beñat Sarasola literatura kritikariari eta Cat Boyd Eskoziako feminista independentziazaleari.

Gero, Txoministak sareratu zuten. Euskal Herria behin betiko askatuko duen alderdia sortzeko ahalegina komedia gisa kontatu zuten orduan. Edurne Azkarate, Eñaut Gantxegi, Jon Ander Alonso eta Naroa Mikelarena aritu ziren aktore, eta zortzi atal izan zituen. «Gure bazka elkarrizketa sorta eta Txoministak telesailaren ondoren, hirugarren bide bat ireki nahi dugu orain», esan du Arretxeak. Txoministak-en lantaldea udaren amaieran bildu zen. Datorren sasoirako zerbait egingo dutela erabaki zuten. Oraindik ez dute formatua erabaki, edonola ere. «Oraindik asko dugu egiteko», idatzi dute www.hirudamatxo.eus webgunean.

Urtebete da egunero lanerako elkartzen hasi zirela Hiru Damatxoko kideak. Ordurako hainbat hilabetez arituak ziren ideiak partekatzen eta ausartzeko adorea biltzen. Otsailean abiatu zuten kooperatiba. Lehen urtearen balorazioa egin dute orain, eta, oro har, onerako da: «Alde ekonomikotik, uste baino hobeto gabiltza», esan du Arretxeak, «gurasoen etxetik martxa egiteko aukera izan dugu». Edonola ere, euren buruekin zintzo jokatzea erabaki dute, eta bidean bete gabe geratu diren promesak ere aztertu nahi izan dituzte. «Komunikazio zerbitzuak eskaintzeaz gain, gure ekoizpen propioak egin nahi genituen, ikus-entzuneko panoraman eragiteko. Baina espero baino zailagoa izan da askotan». Edonola ere, bi aldeen arteko orekari neurria hartzen ari direla esan du, eta datorren urtea «kontraesanak leuntzeko» erabiliko dutela. «Oreka topatu nahi genuke 2017an».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.