'VilaWeb'-en formatu berria, «une historiko» baterako

Kataluniako informazio atariak 'VilaWeb Paper' iluntzeko egunkaria abiatuko du ostegunean: artikulu bilduma bat, PDF formatuan

Egunero, larunbatetan izan ezik, 22:00etan jasoko dute harpidedunek VilaWeb Paper egunkariaren PDFa. VILAWEB.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2017ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Garaien kontrako jauzia eman dezake VilaWeb Kataluniako informazio atariak egin asmo duenak. Datorren ostegunetik aurrera, artikulu bilduma bat eskainiko die harpidedunei, egunero, PDF formatuan, tabletan, telefonoan edo ordenagailuan irakurtzeko, VilaWeb Paper izenburupean.

«Paperezko egunkariaz hitz egiten duzunean, jendea materialarekin setatzen da, baina garrantzitsuena ez da materiala, baizik eta formatua», esan du Vicent Partal VilaWeb-eko zuzendariak. Partal eta lankideak kezkatuta daude «sare sozialen basakeriarekin». Azaldu duenez, sareak testuingururik gabeko kazetaritza bultzatzen ari dira: «Irakurleak albiste bakartuak jasotzen ditu, nondik datozen ere jakin gabe». VilaWeb-ek jarraituko du atariaren orain arteko dinamikarekin, baina irakurleei «osagarri bat» eskainiko die Paper egunkariarekin: «Albisteak testuinguru batean jarriko ditugu, eta geldoago irakurtzeko tresna emango diegu».

Izan ere, iluntzerako dago pentsatuta VilaWeb Paper, jendeak albisteak lasaiago irakurtzeko, tabletan, telefonoan, ordenagailuan edo etxeko inprimagailuan paperera pasatuta. «Albiste landuak, erreportajeak eta elkarrizketa luzeak irakurtzeko plazera berreskuratzea da kontua», esan du Partalek.

Gaueko hamarretan jasoko dute harpidedunek PDF egunkaria. Diseinu grafiko zaindua izango du, eta interaktiboa izango da: bideoak edukiko ditu, eta estekak, gailu elektroniko batean irakurriz gero. Baina inprimatzeko ere pentsatuta egongo da. «Bi munduetatik hoberena batzen ditu. Guk dakigula, inork ez du egiten hau munduan», esan du zuzendariak.

Hedabide askotan argitaraturiko aktualitateko albisteak ez ditu zabalduko VilaWeb Paper-rek. Eduki propioak bideratuko dituzte formatu berrira, kazetaritza lan sakonak eta iritzia. Ostiralean, gainera, dosier berezia egongo da, astebururako proposamenekin eta asteko gaien laburpen bat, «sakon azterturik». VilaWeb Paper ez da larunbatetan aterako.

Irail historikoari begira

Uztailean abiatzea erabaki dute, nahiz eta abuztuan gehigarriak oporrak hartuko dituen. «Orain ateratzea erabaki dugu, iraila eta urria Katalunian hilabete iraultzaileak izango direlako», esan du Partalek. Irailaren 1ean, «abiada osoz» ekitea ezinbestekoa iruditu zaie. Makina prestatzeko, ordea, uztaila erabiliko dute. Izan ere, ekoizpen prozesua aldatu behar izan dute: maketazioa, edizioa ixteko ordu finko bat egitea... «Uztailean egingo ditugu probak, irailetik aurrerako une historikorako prest egoteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.