Jaka horiak. Parisko gobernuaren erantzuna

Sukar horia baretu nahian

Jaka Horien mugimenduari «aterabide» bat aurkitu ahal izateko, erregaien zergaren emendatzea sei hilabetez atzeratu du Frantziako Gobernuak. Ezkerra mugimendura batzen ari da pixkanaka

Emmanuel Macron poliziaz inguratua, igandean, Parisen. ETIENNE LAURENT / EFE.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2018ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Amore eman du Frantziako Gobernuak. Jaka Horien mobilizazioa baretzeko helburuarekin, erregaiaren zergaren emendatzeaoztopatuko du sei hilabetez, eta beste neurri batzuk ere hartuko ditu. Atzo egin zuen iragarpena Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak, eta berehala erantzun zion oposizioak erantzunak «berandu» datozela eta ez direla «aski». Jaka Horiek mobilizazioei eusteko asmoa erakutsi dute sare sozialetan, eta beste sektore batzuetan ere protestara deitu dute.

Azken bi asteetan norabidea «atxikiko» zuela eta ez zuela «gibel eginen» erraten aritu ondotik, krisiari neurria hartzen saiatu da gobernua. Ministro gehienak, beren hitzorduak bertan behera utzi, eta Emmanuel Macron presidentearen inguruan bildu dira azken egunotan, egoerari aterabide bat aurkitzeko. Honako hau da adostutakoa: erregaien gaineko zergaren igoera etengo dute ondoko sei hilabeteetan, heldu den urte hasierarako iragarria zen IAT ibilgailuen azterketa teknikoaren baldintzen gogortzea etengo du sei hilabetean, eta 2019ko maiatzera arte ez da elektrizitatearen prezioaren igoerarik izanen. Halaber, abenduaren 15etik martxoaren 1era «gogoeta zabal bat» bat abiatu nahi dute Frantzia guzian, zergen eta gastu publikoaren inguruan. Phillippek iragarri du eztabaida horrek «aterabide konkretuak» ekarri beharko dituela.

Oposizioko indarrek berehala kritikatu dituzte Frantziako Gobernuaren iragarpenak, eta batek baino gehiagok azpimarratu dute neurriak Europako hauteskundeen ondorenera gibelatzea baizik ez dela. Jean Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko liderraren ustez, gobernuak ez dio egoerari neurria hartu, eta «bide makurretik» dabil. «Ez du ezer iragarri frantsesen egoera sozialaz: ez zergen erreformarik, ez gutxieneko lansariaren igoerarik... Boterearen lehentasuna ultraaberatsak babestea da». Laurent Wauquiez Errepublikanoen presidenteak, berriz, erregaien gaineko zergen igoera kentzeko eta erreferendum bat antolatzeko eskatu dio gobernuari, «frantsesek izan dezaten hitza». Fabien Roussel alderdi komunistako idazkari nagusiak oroitarazi du 2019an ez dela lansarien eta pentsioen igoerarik izanen, «baina bai alokairuena edo mutualena, eta horrek erosahalmenean eraginen du». Jaka Horien izenean hitza hartu duten gehienek ere neurriak kritikatu dituzte, eta larunbatean Parisera joateko deiari eutsi diote.

Krisi politikoa

Frantziak azken urteetan bizi izan duen krisi politikorik garrantzitsuenetakoa da azaroaren 17tik errotzen ari dena. Orain dela bi aste abiatu zuten lehen mobilizazioa Jaka Horiek, erregaien gaineko zergaren igoera salatzeko errepideak moztera deituta. Baina aski fite aldarrikapenak zabaldu, eta herritar anitzek bizi duten pobreziaren eta prekaritatearen kontrako mobilizazio bilakatu da. Azaroaren 24an eta abenduaren 1ean antolatutako mobilizazioetan istilu handiak izan ziren Parisen eta Frantziako beste hiri nagusietan, matxinada itxura hartuta. 620 atxiloketa eta 133 zauritu Frantziako hiriburuan bakarrik; bortizkeria handia.

Larrialdi egoera ezartzeko eskatu dute asteburuan polizia sindikatuek, baina, gobernuko ahots batzuk prest agertu badira ere, ez dute urratsa egin. Neurriak hartuko dituzte, hala ere: heldu den larunbatean, Parisen, PSGren eta Montpellierren artean jokatzekoa zen ligako futbol partida bertan behera utzi dute, eta klima aldaketaren kontra deituak diren mobilizazioak ere bertan behera uzteko eskatu du Christophe Castaner Barne ministroak, Frantziako senatu aitzinean egin dituen adierazpenetan.

Halaber, larunbatean Parisera ez joateko eskatu die Castanerrek Jaka Horiei. «Arrazoizko Jaka Horiei, ekintza bortitza babesten ez dutenei, dei egiten diet muturrekoekin elkartasuna hausteko, eta larunbatean ez elkarretaratzeko».

Borroken bateratzea

Forma anitzetako mugimendu gisa deskribatu dute orain arte Jaka Horien mobilizazioa. Egitura eta bozeramaile argirik gabe, alderdi eta sindikatuetatik at, sare sozialetatik antolatu dira, eta hala egin dituzte deialdiak. Hori da gobernuak arazoari aterabide bat aurkitzeko duen zailtasunetako bat ere: ez dago solaskiderik, eta ez dago, beraz, norekin negoziatu. Azken egunetan Jaka Horien ordezkari batzuekin bilkurak antolatu badituzte ere, mugimenduak ez die ordezkaritza onartu.

Ezkerretik zein eskuinetik, mugimenduari norabide politiko argiago bat eman eta antolatzeko saiakerak egiten ari dira. Eskuin muturrak hasieratik egin du mugimendua bereganatzeko apustua, eta orain arte izandako manifestazioetan presentzia nabarmena izan du zenbait lekutan. Ezkerra mesfidatiago agertu zen hasieran, baina azken egunetan gero eta ahots gehiago agertzen ari dira mugimenduarekin bat egin eta eduki politikoz betetzera deitzeko. Larunbatean Parisen izan zen manifestazioan, Adama taldeak —2016an poliziak hil zuen Adama Traore gazte beltzaren kasua argitzeko eskatzen duen taldea— eta mugimendu antifaxistak bat egin zuten Jaka Horiekin; CGTko sindikalistak eta Jaka Horiak batera aritu dira petrolio findegien blokeatzeetan; ikasleak ere karrikara atera dira azken egunetan, Macronen erreformen kontra.

Greba orokorrerako deia

Guziak bateratuta greba orokorrera deitu behar dela erraten duenik ere bada. «1968ko maiatzean ez ziren barrikadak bakarrik, bazen gazte mugimendu bat eta milioika grebalari. Langile mugimenduko egiturei eta sindikatuei dei egin nahiko nieke, gutxienez egun batez, denak gelditu gaitezen», adierazi zuen astelehen goizean Olivier Besancenot NPAko bozeramaileak. Antzera mintzatu da Edouard Louis idazlea sare sozialetan: «Manera anitz bada 'sufritzen dut' errateko. Mugimendu sozial bat aukera bat da 'immigrazioarengatik eta laguntza sozialak ukitzen dituen nire auzokoagatik sufritzen dut' erraten dutenak 'Edouard Philippengatik eta Emmanuel Macronengatik sufritzen dut, klase sistemagatik sufritzen dut' erratera pasatzeko». Ondoko asteetan ikusiko da zer norabide hartuko duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.