Ane Irazabalek jasoko du Euskal Kazetariak saria, hilaren 20an

U.U. -

2017ko azaroak 9
Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak hilaren 20an emango dituzte Euskal Kazetaritza Sariak, Bilbon, eta sari nagusia Ane Irazabalek (Arrasate, Gipuzkoa, 1984) jasoko du. Euskal Kazetariak saria ematen duten seigarren aldia da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako informazioaren profesional bat omentzen dute bi elkarteek, eta aurten Irazabali egokitu zaio saria. Euskarazko hainbat komunikabiderekin aritzen da kazetaria, tartean BERRIA.

Ekitaldian, Antton Olariaga marrazkilaria omenduko dute, Zakilixut pertsonaiaren 40. urteurrena dela-eta. Urtero pertsonaia edo giza erakunde bati saria ematen diote, eta aurten Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiari emango diote, «komunikabideekin duen harremanagatik eta euskal kulturaren zati bat berreskuratzeagatik».

Ibilbide Profesionalaren saria Mariano Ferrer eta Iñaki Iriarte kazetariei emango diete, Egin eta Deia egunkarien jaiotzaren 40. urteurrenagatik. Hurrenez hurren, bi egunkari horien lehen zuzendariak izan ziren.

Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell saria Gervasio Sanchezi emango diote. Kazetaritza Digitalaren saria, berriz, Mikel Iturralderen Treneando blogarentzat izango da.